Euskal Herriko Itzulia. Lehen etapa: Gueñes-Gueñes

Beste puntu 'ero' horrekin

Jose Joaquin Rojasek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa, Gueñesen, azken metroetan Wouter Poelsi aurrea hartuta

unai zubeldia
Gueñes
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Gehienek arriskua nabaritzen duten lekuan aukera ikusten dute esprinterrek. Azken zuzenguneko hesiak ez dira muga haientzat; segurtasun tartea deitzen diote esprinterrek hesi horiek osatutako zuzenguneari. Aldapa behera dela esprinta? Are hobeto norberaren abileziak azaleratzeko. Esprinter benetakorik gabe hasi zen atzo Euskal Herriko Itzulia, Gueñesen, egiari zor haientzat ez direlako oso egokiak euskal errepide gorabeheratsuak. Baina tropelean zegoen esprinter apurretako batek beste behin erakutsi zuen bereziak direla txirrindularirik azkarrenak. Beste puntu ero hori daukatela gorputzean sartuta. Azken metroetan izugarri arriskatuta, azken pedal kolpean hartu zion aurrea Jose Joaquin Rojasek (Movistar) Wouter Poelsi (Vacansoleil). Ondorioz, espainiarra bera da Itzuliko lehen liderra. Gatz askorik gabeko etapan, faboritoen artean ez zen alderik izan.

Etapa hasteko minutu gutxi falta zela, tentsioa nabari zen Gueñesko irteeran. Urduri zaleak, ezinegonik antolatzaileak, sinadura lanetan murgilduta tropeleko langile gehienak... Hori bai, gainerakoak baino lasaiago zebilen txirrindularietako bat, gainerakoak baino berritsuago, irribarretsuago: David de la Fuente (Caja Rural). Mikel Azparren taldeko zuzendariari aipamen hori egin, eta berehala eman zuen erantzuna: «Kontuz horrekin, edozer gauza egiteko gai da-eta!». Eta halaxe gertatu zen. 13:00 aldera Gueñesera bertaratutako lagun talde batekin hizketan ari zen espainiarra, eta 13:30erako ihes eginda zebilen. Gonbidapen txartelarekin iritsi diren bi taldeek ordezkari bana sartu zuten itzuliko lehen ihesaldian: De la Fuente Caja Ruralek eta Davide Mucelli Utensilnord Namedek. 16. kilometroan joan zen ihesean bikotea.

Gueñestik 159 txirrindulari abiatu ziren, Heinrich Haussler (Garmin Barracuda) ez zelako azaldu irteerara. Kataluniako Voltan erabakigarria izan zen lehen eguneko ihesaldia, alde horri esker irabazi zuelako gero itzulia Michael Albasinik (Greenedge). Baina Euskal Herriko Itzulian, normalean, ez da oparirik egoten. Atzo ere ez. Behin ihesaldia sortuta, Euskaltel-Euskadi berehala hasi zen lanean, bikotearen aldea kontrolpean izateko. De la Fuentek eta Mucellik bost minutu pasatxoren aldea izan zuten gehienez. Izan ere, Astana, Movistar, Lampre, Rabobank... talde asko zeuden lanerako prest.

Etapako bi sariak banatuta—tarteko helmugetako saria Mucellirentzat eta mendateetakoa De la Fuenterentzat—, helmugara iristeko 14 kilometro eskas falta zirenean geratu zen ezerezean bikotearen ahalegina. Kontrol lanerako ibilbide deserosoa izaki, eraso festa izan zen hortik aurrera. Azken kilometroetako tentsioak eraginda, tropel buruan erorketa izan zen Berbikiz igotzen hasi zirenean; ezbehar horrek erabat baldintzatu zuen igoera, elkarri begira geratu zirelako txirrindulari guztiak, erritmoa motelduta. Hernani Broco Caja Ruraleko taldeburuetako bat izan zen kaltetuetako bat.

Euskaltel-Euskadi, oso adi

Erorketa larriegia ez zela izan ikusita, Wesley Sulzbergerrek (Greenedge) sortu zuen sua Berbikiz gainera iristear zirela, eta bost laguneko taldetxoa sortu zen aurrean: Sulzbergerrez gain, Mikel Astarloza, Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi), Rui Costa (Movistar) eta Angel Vicioso (Katuxa) zeuden taldetxo horretan. Bizpahiru kilometroko borrokaren ondoren, Dani Navarro (Saxo Bank) eta Olivier Zaugg (RadioShack) ere saiatu ziren gero. Baina Euskaltel-Euskadik gogotik lan egin zuen Gueñesera denak batera irits zitezen. Txirrindulari gisa bertan hazitakoa da Samuel Sanchez, eta lasterketaren ardura hartzeko beldurrik gabe ibili zen atzo talde laranja. Sarritan gertatzen den moduan, Movistarrek baliatu zuen gero Euskaltel-Euskadik egindako lan ona.

Gueñes eta Gasteiz artean, bigarren etapa jokatuko da gaur. 165,7 kilometro dauzka ibilbideak, eta sei mendate igo beharko dituzte tartean; azkena, Zaldiaran, helmugara iristeko bederatzi kilometro pasatxo faltako direnean. Atzo gertatu bezala, ondo bidean talde handi samarra iritsiko da Gasteizera; Rojasek berak aukera polita izan dezake bigarren etapa garaipena eskuratzeko. Bihartik aurrera gogortuko da itzulia, Arraten amaituko delako hirugarren etapa eta Ibardin gainean laugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.