«Beste urrats batzuk egin behar dira aldaketa garai honetan»

ESAITek uste du «guztion eginbeharra» dela Euskal Herriko egoera berria ardatz hartuta aurrerapausoak emateaOfizialtasunaren bidean «hutsaren hurrena» egitea egotzi die Jaurlaritzari eta federazioari

Euskal Selekzioko jokalariak, ofizialtasunaren aldeko pankarta batekin, iaz San Mamesen Venezuelaren aurka jokatutako lagunarteko partida hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) uste du Euskal Herriko aldaketa garaiak «beste urrats eta ahalegin batzuk» behar dituela. Aurrerapauso horiek, gainera, «guztiok» emandakoak behar dute izan, eta ez alde bakarrekoak. «Euskal Herria aintzat hartuta, aurrera egiteko garaia da. Ez da kexaka eta kikilduta gelditzeko unea, ausardiaz jokatzekoa baizik. Alegia, egoera berri honetara egokitzeko unea da; beste urrats batzuk egin behar dira», esan zuen Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaileak atzo hilaren 28an Euskal Selekzioak eta Tunisiakoak San Mamesen jokatuko duten lagunartekoaren harira emandako prentsaurrekoan.

ESAITen aburuz, «Euskadiko Futbol Federazioak ez du entzuten euskal gehiengo handi batek egin duen eskaera. Ofizialtasunaren alde pausoak eman beharrean, betiko estrategian ainguratuta jarraitzen du. Ez du pauso berririk eman nahi, eta 'ez da posible', 'ezin da' argudioa erabiliz jarraitzen du».

ESAITek nabarmendu du aurten ere Euskadiko Federazioak lagunarteko partidarekin «etekin ekonomikoa» atera nahi duela. Horren harira, Santiago Arostegi federazioko presidenteak partidaren aurkezpenean esandakoak kritikatu ditu ESAITek. Arostegik abenduaren 28an San Mamesen bilduko direnei «gizalegez jokatzeko» eskaera egin zien, honakoa adieraziz: «Jendeak gu serio hartzea nahi baldin badugu, guk ere serioak izan behar dugu». Toledok, presidenteak esandakoarekin ados egon arren, honakoa gaineratu zuen. «Jakina serio eta gizalegez jokatu behar dugula, baina ez San Mamesera joaten diren zaleek bakarrik, baita beste guztiok ere».

ESAITen ustez, «federazioak behar du izan gizartearen eredu. Hala ere, urteak joan, urteak etorri ez du aurrerapausorik eman eta egoerak bere horretan jarraitzen du. Hau da, Espainiako Federazioaren menpe jarrita parez pare ixten dizkio ateak euskaldun askoren ametsari, ofizialtasunari». Hori dela eta, Toledok mezu bat bidali zion Arostegiri: «Egin diezaiogun ofizialtasunari bidea, besteak beste herri honetan bizi garen gehien-gehienok aspalditik hori aldarrikatzen dugulako eta herri honen eskubideetako bat ere badelako».

Euskal Selekzioko jokalariak bi urteko etenaldiaren ondoren, mezu argi bat plazaratuz bueltatu ziren iaz zelaira. «Ziklo bat bukatua zegoenez, ofizialtasuna lortzeko bidean beharrezkoa den izerdia botatzeko prest» zeudela argudiatuz, alegia. Horiek horrela, eta kirolariak bere selekzioarekin jokatzeko eskubidea duela aldarrikatuz, futbolariek eskaera bat egin zioten federazioari: «betiko aitzakiak eta etekin ekonomikoa alde batera utzita, ofizialtasunaren bidean ahalegindu zedin».

ESAITek argi du aldaketa garai honetan Espainiak eta Frantziak oztopoak jarriko dizkietela euskal selekzioei nazioartean jarduteko. Hala ere, «ofizialtasuna posible» dela ez du zalantzan jartzen. Mezu horri eusteko argudio bat du ESAITek. Kataluniako Bola Jokoaren Federazioak, nazioartean selekzio gisa lehiatzeko eskubidea zuela eta, helegite bat aurkeztu zuen. Bada, Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) arrazoia eman zion,federazioak erakunde pribatuak direla esanez. Argudio hori tarteko, gobernuek ez dute federazioen inguruan erabakitzeko eskubiderik.

Ofizialtasuna lortzeko, baina, «borondatea» beharrezkoa dela uste du ESAITek. «Orain arte erakutsitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Federazioak hutsaren hurrengoa egin dute, Espainiako selekzioarekin eroso sentitzen direlako». Era berean, Toledok argitu zuen Euskadiko Federazioko kide batzuek Espainiako Federazioan karguak izateagatik kobratzen dutela eta ez dutela hango agintariekin inolako liskarrik izan nahi.

Abian den garai berri honetarako proposamen zehatzak lantzen ari da ESAIT. Ekimen horiek hiru arlotakoak izango dira: kirol mailakoak, politikoak eta esparru juridikokoak. Horrez gain, partidaren egunean, Bilboko Areatzan egun osoko egitaraua antolatuko du ESAITek. Aurki emango du horren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.