Denboraldi hasiera indartsu samarrak egin zalea da, azken 20 urteotan Tourra begiz jota eduki duten beste txirrindulari batzuen aldean. Otsailerako, Algarveko Itzulian, nagusi zebilen, eta Paris-Nizan, martxoan, ez zuen beste hainbeste egin, azken aurreko etapan konfiantza handiegiarekin aritu zelako. Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen gero, bigarrenez jarraian, erakustaldia emanda, eta ondoren, ekainean Dauphine Libere korritu bitartean, ez zen lehiatu. Frantziako Tourreko ibilbidea aztertzeko, urteko lasterketarik garrantzitsuena ondo prestatzeko baliatu zituen bi hilabete horiek.
Eta datorren urtean, prestakuntza errotik aldatzea erabakitzen ez badu behintzat, gauza bera egingo du espainiarrak. Izan ere, Tourra bigarren aldiz irabazi zuen; baita modu bikainean irabazi ere. Bera izan zen onena, hasi eta buka, nahiz eta talde barruko giroa aproposena ez izan behar bezala lehiatzeko. Erlojupeko luze batean Fabian Cancellara gai izan zen hura gainditzeko; aldapa gora behar izan zuenean bakarrik atzeratu zituen kontrarioak. Behin haustearekin -Verbierren- eta gainontzean eustearekin, nahikoa.
Lance Armstrong taldekidea ere bere onetik atera zuen espainiarraren nagusitasunak. Dena dela, estatubatuarrari ezin zaio meriturik ukatu. Tourrean hirugarren, eta Giroan hamabigarren, 40 egun lehenago Gaztela eta Leongo Itzulian lepauztaia hautsiagatik. Harrigarria, 37 urterekin. Ez sinestekoa, erretiratuta hiru urte pasa ondoren. Datorren urtean, 38rekin, Alberto Contador mendean hartzea da haren asmoa. Tourra bederatzi hilabete barru hasiko da, baina Contador xaxatzen edo urduri jartzen saiatzen da Armstrong, horretarako aukera duen bakoitzean.
Aurten bezala baldin badago, Armstrong Contadorren kontrarioetako bat izango da Tourrean. Cancellarak ere inoiz esan izan du Tourra prestatu nahiko lukeela. Oraingoz, parekorik ez du bere espezialitatean: erlojupekoan. Udaberriko klasikoetan ez zen luzitu beste denboraldi batzuetan bezainbeste, hilabete horietan oraindik sasoi betean ez zegoelako. Baina pedal kolpe egokia hartu zuenean... Suitzako Tourra irabazi zuen -aldapa gora ere ondo molda daitekeela ikusi zen orduan-, Tourreko aitzin-etapa, Espainiako Vueltako pare bat erlojupeko, Munduko Txapelketako erlojupekoa... Beti, gainera, erakustaldiak emanez. Eta errepidekoan, ez zuen urrezko domina irabazi Cadel Evansi ihes egiten utzi ziolako. Mendrision (Suitza), joan den irailaren 27an, bera zen txirrindularirik indartsuena.
Baina Evans nagusi. Egia esan, denboraldia txukuntzeko balio izan dio garaipen horrek australiarrari. Dauphine Liberen inoiz baino erasokorrago jokatu zuen, baina ezin Alejandro Valverde atzeratu. Tourrean lehertu egin zen, eta Vueltan gurpil bat zulatu zuen Monachilen gora. Horrek garaipenagatik lehiatzeko aukerarik gabe utzi zuen. Atsekabe horiek guztiak goxatu zituen, ordea, Mendrisioko urreak.
Mentxovek Giroan zuen sasoia
Orduan Andy Schleck zen irabazteko faboritoetako bat. Batik bat, Tourrean Contador estu hartzen gehien saiatu zen txirrindularia izan zelako, eta Lieja-Bastogne-Lieja zoragarri irabazi zuelako. Munduko Txapelketako ibilbideak, hain zuzen, Lieja-Bastogne-Liejaren antza zuen, eta horregatik faborito. Burua, ordea, beste nonbait zuen, eta azkenean erretiratu egin zen. Egin beharrekoa egina zeukala pentsatu zuela, alegia. 2009an aurrerapauso galanta eman du, 2007an munduratu eta iaz egonkortu ondoren. Dudarik gabe, eta printzipioz, bera izango da Contadorren areriorik behinena Tourrean.
Denis Mentxovek ere hor behar luke. Errusiarra inoiz baino hobeto ibili zen maiatzean, eta 31 urterekin Italiako Giroa irabazi zuen. Tourrera, baina, lasterketetatik kanpo hilabete pasatxo egin ondoren heldu zen, txinpart galduta, eta faboritoen erritmoa jarraitu ezinik zebilela ikusita, gauzak lasai hartu eta 51. sailkatu zen. Datorren urtean Tourrean harrapatzen baldin badu Giroan zeukan sasoia, podiumaren bueltan ibiliko da.
Alejandro Valverde ere bai, agian. Hain zuzen, Tourra zeukan begiz jota, baina ez zioten parte hartzen utzi, Italiako Olinpiar Batzordearekin CONIrekin daukan auzia medio. Hortaz, Espainiako Vueltan kitatu zituen zaleekin, taldearekin eta bere buruarekin zeuzkan zorrak. Udaberriko klasikoetan ere muturrean ibili zalea da espainiarra, baina izan ziren bera baino hobetu zeudenak. Lieja-Bastogne-Liejan Schleck izan bazen onena, Fleche Wallonen Davide Rebellin zuhurrena. Gero CERArekin positibo eman zuen italiarrak; Giroan bikain, ikusgarri ibilitako Danilo Di Lucak bezalaxe. Beste klasiko handietan Tom Boonen eta Stijn Devolder nabarmendu ziren. Aurrenekoak Paris-Roubaix irabazi zuen, bidean topatutako harbide zati guztiak aidean pasata, eta bigarrenak Flandriako Tourrean nagusitu zen bigarren aldiz jarraian.
Han Alesandro Ballan izan zen onena 2007an. Ba, aurten zorterik gabe eta arazo fisikoekin ibili da 2008ko errepideko Munduko Txapelduna. Ortzadar maillotak maldizioren bat duela diote sineskeriazaleek. Columbiaren maillotak, berriz, indar bereziren bat eduki behar du... Talde horrek 85 garaipen lortu ditu denboraldi honetan; horietako 23 Mark Cavendishek -iaz 17-. Man Uhartekoa munduko txirrindularirik azkarrena da. Dudaren bat baldin bazegoen, den-denak uxatu ditu aurten: hiru etapa garaipen Italiako Giroan, eta beste sei Tourrean. Eta Milan San-Remo klasiko handia, Suitzako Tourrean etapak, Tirreno-Adriatikon... Besteei apurrak besterik ez dizkiela utzi, alegia. Contadorrek eta Cancellarak bezala, egia esan. Bata onena izan da aldapa gora eta itzuli handi zein astebetekoetan; bestea erlojupekoetan, eta hirugarrena esprintetan. Baina denen gainetik, Alberto Contador, 27 urteko espainiarra, nagusia.