Xala-Laskurain 13. Olaizola II.a-Beroiz 22

Besteen mesederako

Asegarceko bikotearen garaipenari esker, Berasaluze eta Albisu finalerdietara pasatu dira

Olaizola II.a, pilota jotzear, atzo Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokaturiko partidan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Iraupena. 71 minutu.

Pilotakadak. 686.

Saketik. Xalak bi, eta Olaizola II.ak alerik ez, eta falta bat.

Markagailua. 0-3, 3-3, 3-5, 5-5, 5-9, 6-9, 6-17, 8-17, 8-18, 12-18, 12-21, 13-21 eta 13-22.

Bestelakoak. Leporaino bete zen Gasteizko Ogeta pilotalekua, alde-alde 1.800 ikuslerekin. Partida hasieran dirua Olazola II.aren eta Beroizen alde atera zen, ia doblean. Jokin Etxanizek egin zituen Aspeko bikotearen botilero lanak, eta Jose Angel Gorostizak Asegarcekoarenak.

Euren lanak aspaldi eginda, besteentzako mesedeak egiteko beta ere hartu dute Olaizola II.ak eta Beroizek. Batek baino gehiagok poz galanta hartuko zuen atzo, Asegarcekoek Gasteizko Ogeta pilotalekuan Xalari eta Laskuraini irabazi zietela jakinda (22-13). Izan ere, emaitza horri esker Berasaluze VIII.a eta Albisu sartu egin dira finalerdietako ligaxkan, eta Irujok eta Barriolak ere esker onez hartuko zuten albistea. Porrotaren erruz, gauzak oso zail ipini zaizkie Xalari eta Laskuraini.

«Aspaldi esan bezala, gu partida guztiak irabazten saiatzen gara, eta halaxe egin dugu. Garaipenari esker enpresakideak ligaxkara sailkatu badira, askoz hobeto». Hala esan zuen Olaizola II.ak partida amaitu berritan. Alegia, Berasaluze VIII.ari eta Albisuri mesede galanta egin berritan. Beste behin ere ikuskizuna eman zuen goizuetarrak, eta berak entzun zuen txalo zaparrada gehien. Hamahirugarren garaipena jarraian lortu zuten Asegarcekoek, eta sasoi ezin hobean daude.

Neurketak hasiera orekatua bezain gogorra izan zuen. Xala pilota gosez kantxaratu zen, azken partidetan ez bezala. Aspekoek bazekiten irabazi beste aukerarik ez zutela, eta igarri zitzaien. Laskurainek bizkarra erakutsi zion Beroizi, eta Lekuinekoak ongi baliatu zituen aukerak aurreko koadroetan. Olaizola II.a, baina, ez zegoen barkatzeko, eta berehala berdindu zuen lehia: 5-5.

Hortik aurrera kolore bakar bat nagusitu zen: urdina. Olaizola II.ak aginte makila hartu, eta 1-12ko partziala eskuratu zuen (6-17). Denetariko tantoak egin zituen goizuetarrak: ezker airez, dejadaz, moztuta, atzean... Istante batean ia erabakita utzi zuen norgehiagoka. Hori bai, Beroizek bikain lagundu zion. Azken bi partidetan estu antzean aritu zen Uhartekoa, baina atzo bere ohiko maila eman zuen. Ez zuen pilota bakar bat ere huts egin, eta asko baztertu zuen.

Xalak eta Laskurainek ez zuten inola ere etsi, eta lanean jarraitu zuten. Esnatu zirenerako, ordea, beranduegi zen. Amaieran emaitza txukuntzea lortu zuten, baina ezer gutxirako balio die horrek. Datorren astean ez zaie aski puntua lortzea finalerdietan sartzeko; Irujok eta Barriolak galdu egin beharko lukete.

Irujo eta Barriola, sendo

Aspekoek garaipen garrantzitsua lortu zuten herenegun, Urdulizen, Bengoetxea VI.aren eta Apraizen kontra (22-15). Partida erdian sei tanto atzetik joan arren, emaitzari buelta ematea lortu zuten. Orain euren esku daukate helburua lortzea, datorren astean irabazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.