Besteentzat aukera

Caparrosek aldaketak egingo ditu gaur Herculesen aurka aritzeko, Espainiako Kopan

haritz gallastegi
2007ko azaroaren 13a
00:00
Entzun


Caparrosek aldaketak egingo ditu gaur Herculesen aurka aritzeko,Espainiako Kopan
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Norgehiagoka bat galtzen denean lehenbailehen beste bat jokatzea izaten omen da onena. Bada Athleticek zortea izan du. 50 ordu pasa berritan beste neurketa bat jokatu beharko dute zuri-gorriek. Bizkorregi aukeran. Espanyolen aurkako partida kontuan hartuta, antzekotasun gutxi eta ezberdintasun asko ditu gaurko partidak. Bi dira antzekotasun nagusiak: Herculesen elastikoa, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) taldearena bezala, zuri-urdina da. Ez da bakarra. Espanyol taldearekin gertatzen den legez, Herculeseko kide askok ere iragan zuri-gorria dute. Andoni Goikoetxea Herculeseko entrenatzaileak oso ongi ezagutzen du Athletic. Jokalari historikoetako bat da. «Talde zuri-gorria entrenatzea ametsa da niretzat. Beti izan dut Athletic entrenatzeko ilusioa. Beraz, Kopako neurketa berezia izango da niretzat», aitortu zuen atzo. Goikoetxeak gertutik jarraitzen du talde zuri-gorria. Beraz, Caparrosen taldearen dohainen eta gabezienberri izango du. «Bilbon garrantzi handia ematen zaio Espainiako Kopari. Zale asko etorriko dira ziurrenik. Beraz, gure zaleek ere behar den moduan erantzun beharko diote partidari».

Bestalde, zelai barruan ere ez dira Athleticeko jokalari ohiak faltako. Sendoa Agirre, Unai Alba-ez dirudi jokatzeko aukera izango duenik- eta, batez ere, Javi Gonzalezentzat partida berezia izango da. Zorrotzako futbolaria ezagututa zeresana emango du. Zelaian ez bada, zelaitik kanpo.

Dena dela, Lluis Companysen jokatutako partidarekin alderatuta ezberdintasunak gehiago dira antzekotasunak baino. Batetik, lehiaketa ez da berdina. Beraz, partidari aurre egiteko era ere ezberdina izan daiteke. Ligan garrantzia handia dauka neurketa irabazteak. Hiru puntu irabaztea sari handia da. Ondorioz, taldeek irabaztea izan beharko lukete xede. Baina norgehiagoketek bestelako gauza batzuk erakusten dituzte. Caparrosen taldeek, esaterako, ez galtzea dute xede. Lehentasuna atea hutsean lagatzea da. Horrelako planteamenduarekin nekez irabazten da erasoan talentua duten taldeen aurka. Espanyolen kontra, esaterako.

Kopa, berriz, kanporaketa sistemarekin jokatzen da. Beraz, bigarren partida etxean jokatuz gero aurkariaren zain egotea erabaki egokia izan daiteke. Baina Hercules ez da Espanyol, ez eta Rico Perez Lluis Companys. Alacanteko taldea Bigarren Mailako taldea da. Nahiko talde ona da, baina maila bat gutxiagokoa. Ligan igoerako postuetatik lau puntura dago. Azken hiru partidetan, ordea, ezin izan du irabazi. Hirurak berdindu ditu. Dena dela, ez da ahaztea komeni Kopan Numantzia eta Alaves kanporatu dituela hurrenez hurren. Athleticek gertutik zaindu beharko ditu Blas Perez eta Ruben Navarro aurrelariak. Maila onekoak dira.

Halaber, zelaiaren egoera ez omen da Lehen Mailako zelai gehienen modukoa. Baina horrek ez luke zertan eraginik izan. Batetik, bi taldeek zelai berean jokatuko dutelako. Bestetik, Caparrosen taldeak ez duelako aparteko ahaleginik egiten joko landua egiteko.



ALDAKETAK HAMAIKAKOAN. Goikoetxeak ohikoak ez diren jokalari asko zelairatuko ditu Athleticen aurka. Herculesen lehentasuna Lehen Mailara bueltatzea baita. Athleticena, berriz, Izarren Ligan jarraitzea da. Beraz, logikoa da Caparrosek ere aldaketak egitea. Batetik, bi egun pasatxo ez direlako nahikoak jokalariak erabat errekuperatzeko. Bestetik, denboraldi honetan non aukeratu asko duelako Athleticeko entrenatzaileak. Normalean jokatzen ez duten jokalari onak ditu teknikariak bere aginduetara. Haiek motibatzea garrantzitsua da. Eta, bide batez, behar dituenerako prest egotea ere ez legoke txarto.

Aranzubiak denboraldiko lehen neurketa joka dezake. Oraingoz, Koparekin konformatu beharko du; izan ere, gaur egun ez baitago Iraizozi lekua kenduko dion atezainik. Atzean ere, badago non aukeratu. Eta Zubiaurrerentzat eta Luis Prietorentzat lehia garrantzitsua bezain gaitza izan daiteke. Oso gutxi jokatu dute, eta, beraz, arazoak izan ditzakete; izan ere, ez da erraza izaten horrelako partidak jokatzea. Del Hornorentzat ere partida garrantzitsua da. Hamaikakoan aritu zenean erakutsi zuen joko eskasaren eta zelaitik at izan dituen arazoen erruz ez ditu azken lau partidak jokatu. Hori horrela esnatzeko aukera aproposa izan dezake, eta Athleticek motibatzen ez badu, ez dezala ahaztu Alacanten ari dela.

Zelai erdian eta erasoan ere talde indartsua zelairatuko du Caparrosek, ohikoek edo David Lopezek, Yestek, Llorentek eta Muñozek jokatuko dute. Berez, lehen hirurak taldeko izar nagusien artean egon behar lirateke. Baina arrazoi bat edo beste tarteko ez dute eurenik eman. Ondorioz, Ligan jokatzeko gaitasuna dutela erakutsi beharko dute. Koikilik, Ustaritzek, Ociok eta Etxeberriak arazo fisikoak dituzte, eta horiek noiz osatuko zain dago Caparros.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.