Besteetan ez bezala

Olaizola II.ak eta Irujok aukeratu dituzte etziko pilotak, eta goizuetarra ez da konforme geratu

Aimar Olaizola Juan Mari Juaristi pilota hautatzailearekin batera, atzo, Bizkaia pilotalekuan. MARISOL RAMIREZ / ARP.
jon eskudero
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Aparteko ikusgarritasunik gabeko ekitaldiak izaten dira pilota aukeraketak. Kamera eta kazetariak begira, eta bi pilotari hamar minutuko lanean. Ia gehienetan ez da ezer esanguratsurik gertatzen. Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok atzo Bilboko Bizkaia frontoian egin zutenak, baina, izan zuen berritasunik. Ohikoa ez bada ere, goizuetarra kexu eta haserre agertu zen, besteetan ez bezala, eta bere enpresak emandako pilotengatik, gainera. Etzi jokatuko dute lau t'erdiko finalerdietako ligaxkako lehen partida, eta ez ditu gustuko pilotak izango saskian. Daudenekin egin beharko dio aurre konpromisoari.

«Enpresak aukeran ipini dizkidan bost pilotetatik hiru berehala baztertu ditut, eta gainontzeko biekin gelditu naiz, baina ez gustatu zaizkidalako», esan zuen Olaizola II.ak aukeraketaren ondorengo prentsaurrekoan. Alegia, Asegarcek ez zizkion bere betiko pilotak ipini aukeran, astunxeagoak eta azpitik ibiltzen direnak. Arazoari irtenbidea eman nahian, Irujok soberan utzi zituen pilotak ere probatu zituen, baina alferrik: «Juanek aterako dituen pilotak oso biziak iruditu zaizkit, are gehiago pilotaleku bizi batean jokatu behar dugula jakinda; baina tira, ez naiz horretan sartuko». Garrantzitsuena norbera bere pilotekin gustura gelditzea da, eta ez da hori goizuetarraren kasua.

Takoak ipini eta lanean hasi zen lehenengoa Irujo izan zen. Azkar erabaki zituen kontuak Iberokoak. Nonbait, asko gustatu zitzaion materiala. Enpresako kideekin irribarretsu aritu zen hizketan, eta aukeraketaren ondoren Aritz Lasarekin entrenatu zen, ordu erdi batez. Olaizola II.ak denbora gehiago hartu zuen lanak amaitzeko. Pilota bakar batek ere ez zuen konbentzitu: «Arrazoia garbia da. Eskuan ez zaizkit behar bezala sartzen, eta hala jokatzea oso zaila da». Pilotariaren erremintarik garrantzitsuena eskua da, eta bera eroso ez badago, seinale txarra.

Kirol arloari erreparatuta, Irujok aurkaria jo zuen faborito: «Etzi distantziako espezialistarik onenaren aurka lehiatuko naiz. Irabazteko ongi baino hobeto jokatu beharko dut. Aireko jokoa saihesten ahaleginduko naiz». Olaizola II.a, baina, ez da askorik fio: «Faboritoa ni naizela presioa kentzeko esaten du. Biok aukera berdinak ditugu garaipena lortzeko. Hobekien jokatzen duenak irabaziko du, eta kito». Aurreko koadroetan biak dira arriskutsuak, baina Irujok argi du zer egin: «Aimar atzeko koadroetan edukitzea da gakoa. Hori eginda soilik irabaz dezaket».

Olaizola II.ak Berasaluze VIII.a eta Gonzalez kanporatu behar izan ditu ligaxkara iristeko. Irujok, berriz, Bengoetxea VI.a. Baina biek ere ez dute aparteko distirarik erakutsi. Neurketa horietatik oraingoetara, ordea, alde handia dago Iberokoaren ustez: «Galduz gero kanpora joateko arriskua genuen orain arte, baina ligaxkan akats bat egiteko tartea dugu. Horrek lasaitasun apur bat ematen du». Lasaitasunak, noski, konfiantza eta joko hobea dakar.

Lau aldiz neurtu dituzte indarrak elkarren kontra kaiolako txapelketa ofizialean, eta bina garaipen dituzte. 2006an Irujo gailendu zen (22-16), hurrengo urtean Olaizola II.a (22-11), eta 2008an bi aldiz aritu ziren aurrez aurre. Lehenik ligaxkan, eta hor Iberokoa nagusitu zen 22-17, baina finalean odolkiak ordainetan eman zizkion goizuetarrak, emaitza berarekin. Lau txapel ditu Asegarcekoak, eta bi Aspekoak.

Gaur, berriz, Xala eta Barriola elkartuko dira Eibarko Astelenan (11:30), igandean jokatuko duten partidarako pilotak aukeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.