Beteranoa izan arren, hasi berri baten ilusioarekin dago Abel Barriola (Leitza, Nafarroa, 1978) buruz buruko txapelketarako. Faborito izatearen presioa gainetik kendu du, eta beste ikuskera batekin ekingo dio lehiari. Alegia, beste betaurreko batzuekin: «Ez dut lehenengo partidaz haratago pentsatu ere egiten. Eskarmentuak horixe irakatsi dit, eta lasaitasun osoz kantxaratuko naiz aurten. Denborak esango dit zein lekutan ibiliko naizen». Igandean jokatuko du estreinako norgehiagoka, Aritz Beginoren kontra, Eibarren, eta leitzarra buru-belarri ari da neurketa hori prestatzen.
Urteak joan eta urteak etorri puntaren puntan dabil Barriola. Podiumaren puntara igotzea, ordea, kosta egiten zaio: «Hainbesteko irabazi nahi horrek porrotak ekarri dizkit askotan. Azken urteetako finalen emaitzei begiratu besterik ez dago. Aurten, ez da gauza bera gertatuko. Kanporatzen naizenean, onartu eta kito, ez dago beste erremediorik». Garai bateko dohainak ez dauzkala onartzen du leitzarrak; eskuin kolpe freskoa, esaterako. Baina gai ikusten du bere burua edonori lanak emateko: «Nire pentsamendua da irabazi nahi didanak izerdia latz bota beharko duela. Hortik aurrera garaipena lor dezala onenak».
Eta, txapeldun ohia mendean hartzeko, bota beharko da, bai, izerdia franko, inork txapelketa ongi prestatzen badu hori Barriolak egiten baitu: «Ongi sentitu naiz entrenamenduetan, nahiz arazo batzuekin ibili naizen. Aurten eskaileraren beheko aldetik hastea egokitzen zait, eta nikuste mesederako izango dudala». Lehen eskailera gaindituz gero, hori bai, bi dorre izango ditu zain: Irujo eta Xala. «Egia esan, ez dut pentsatu ere egin partida horietan. Urteek irakatsi didate pausoak banaka eta lasai eman behar direla, eta halaxe egingo dut».
Batak ez du, baina, bestea kentzen: «Ez pentsatzeak ez du esan nahi gai ez naizenik izen handiak mendean hartzeko. Ilusioa soberan daukat txapelketari ekiteko, bestela ez nuke jarraituko pilotari profesionala izaten». Beginori irabazteko gauzak ongi egin beharko dituela argi eta garbi du Barriolak.
Eskuak ongi, fisikoki ere dotore eta burua txip berriarekin duela ikusi ahal izango da, beraz, Leitzako pilotaria. Azken lehian egindako lana ez da oso ona izan. Binakako txapelketak gehiago izan du beretzat zapore gazitik gozotik baino: «Erabat ahaztuta daukat finalerdietara ez sailkatu izana. Buruz burukoa ezberdina da, urteko lehiarik politena, eta irabazteko ere aproposena».
Zalantzarik gabe, Barriola izan da egungo joko modernora hobekien egokitu den atzelaria. Gaur egun boteko jokoak gutxiago balio duela garbi du, eta hargatik saiatu da entrenamenduetan beste gauza batzuk lantzen: «Irigoien botileroarekin sakeak eta halakoak landu ditut. Denen beharra izango da hogeita bira iristeko». Berari irabazi nahi dionak ere ez du opari handirik izango.
Betaurrekoak aldatuta
Izen eta izan handiko pilotaria da Barriola, nahiz txapelak janztea kostatzen ari zaion aspaldian. Itsututa ere eduki izan du amets horrek, baina argi dauka aurten presiorik gabe jokatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu