Bete-betea dator asteburua

Getxok txapela irabazi nahi du, Ordiziak eta Gernikak titulurako kanporaketak jokatu, Hernanik mailari eutsi eta Miarritzek Top14ra igotzeko itxaropenari eutsi.

Getxo Arteako jokalari bat, aurkariak gainditu nahian, denboraldi honetan Bizkaiko taldeak Faduran jokatutako partida batean. GETXO ARTEA.
Julen Etxeberria-Eneritz Zabaleta
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Emozioz beteta dator asteburua errugbian. Lotuta dauden korapilo gehienak askatuko dira larunbatean eta igandean. Emakumezkoen Espainiako Ohorezko Mailan, Getxo Arteak aukera du lehen aldiz ligako txapeldun izateko. Gizonezkoen mailan, AMPO Ordizia eta Bizkaia Gernika azken unera arte lehiatuko dira titulurako kanporaketak jokatzeko azkeneko aukera eskuratu nahian. Hernanik, berriz, beste denboraldi batez onenekin lehiatzea ziurtatu nahi du. Azkenik, Miarritzek Top 14ra igotzeko itxaropenari eutsi nahi dio.

ESPAINIAKO OHOREZKO MAILA (EMAKUMEZKOAK)

Emakumezkoen euskal errugbi talde batek inoiz lortu gabekoa egin du Getxo Arteak: ligako finalerako sailkatu. Bizkaitarrek Espainiako bi Kopa dituzte garaipen zerrendan, baina aspaldi irabazitakoak dira: 2001ean lehena, eta 2008an bigarrena. Txapel horiek, ordea, txiki gera daitezke larunbat honetan, Gijonen (Espainia), CRAT Coruñako Unibertsitateari irabaziz gero (17:00). Ez da erronka samurra, Galiziako taldea arerio indartsua baita. Hura izan zen lehen sailkatua ligan, Getxoren aurretik, eta finalerdietan erraz kanporatu du GEIEG Kataluniako taldea (25-5). Hiru hilabete pasatxo daramatza galdu gabe.

Bizkaitarrek, ordea, badute zeri heldu itxaropentsu izateko. Batetik, Coruñak denboraldi honetan galdu duen norgehiagoka bakarra haien aurka izan zela, Getxon, ligako estreinakoan (20-5). Bestetik, Andoni Saituak eta Isabel Rodriguezek entrenatutako jokalariak konfiantza handiz daude, finalerdietan Pozuelo jarduneko txapeldunaren zelaian irabazi ostean (15-17). Azkenik, bada kontuan hartzeko faktore bat, getxoztarren finaleko aurkariari kosta egiten zaiola presiopean jokatzea: finalera iritsi den hiru aldietan galdu du. Hori da, ordea, Getxok izan dezakeen desabantaila nagusia: egungo taldeko jokalariek ez dutela eskarmenturik finaletan.

ESPAINIAKO OHOREZKO MAILA (GIZONEZKOAK)

Getxo eta Coruñaren arteko finalaren ordu berean hasiko da Bizkaia Gernikaren eta El Salvadorren arteko ligako azken partida, Urbietan. Bizkaitarrak AMPO Ordiziarekin ari dira lehian seigarren postua lortzeko, hots, titulurako kanporaketetarako azken aukera eskuratzeko. Bi euskal taldeak berdinduta daude 44na punturekin, baina Ordizia da aurretik, puntu aldeari esker. Biek dute aldeko zerbait azken jardunaldian: bizkaitarrak etxean ariko dira; gipuzkoarrak, berriz, egun bat geroago ariko dira, 12:00etan, Santboianaren zelaian, Gernikak zer egin duen jakinda.

Oso bestelako lehia du Hernanik. Gipuzkoako taldeak mailari eutsi nahi dio. Azken-aurrena da sailkapenean, Vigok baino hiru puntu gehiagorekin. Beraz, horrela bukatuta, mailari eusteko kanporaketa jokatuko luke, Ohorezko Mailako bigarrenaren aurka. Baina hernaniarrek badute aukera kanporaketa horri izkin egiteko. Horretarako, Bartzelonari irabazi behar diote igandean, Landaren (12:00). Badaezpada, adi egongo dira ere Vigok zer egiten duen ordu berean Pozueloren zelaian. Pozuelok ez du oraindik ziurtatuta mailari eustea.

FRANTZIAKO BIGARREN MAILA

Frantziako Bigarren Mailako liga erregularra bukatzeko bi partida baizik ez dira falta. Dagoeneko, jakina da Pauek Top 14an jokatuko duela hurrengo denboraldian, liga lehen postuan bukatzeko segurtamena duelako. Mailaz igotzeko bigarren aukera, berriz, bigarren sailkatutik bosgarrenera arteko promozio fase batean erabakiko da.

Bi jardunaldiren faltan, Miarritze bete-betean dago sartuta promozio fasea jokatzeko lehian. Seigarren postuan sailkatuta dago, 72 punturekin. Harekin berdinduta daude Albi eta Aurillac. Koska bat gorago dauden Mont de Marsan eta Perpinya harrapatzea oso zaila izanen da, 77 punturekin tartetxoa ireki dutelako. Horrenbestez, hiru talderen arteko lehia izango da sailkapeneko bosgarren posturako borroka: Albi, Miarritze eta Aurillac.

Hiru taldeen artean, Albik du oraingoz bosgarren postua. Alta, egutegi oso zaila du, Perpinyaren eta Paueren aurka jokatu beharko duelako. Miarritzek eta Aurillacek egutegi aise errazagoa dute. Lapurtarrek Montauban jasoko dute etxean larunbatean (15:00), eta maila ez galtzeko lehian dagoen Akizeren aurka bukatuko dute liga, datorren astean. Aurillacek, berriz, Mont de Marsanen jokatuko du lehenik, eta Bourgoin jasoko du etxean liga bukatzeko.

Lehia oso estua izanen da, baina miarriztarrek benetako aukera daukate promozio fasea jokatzeko. Berdinketa kasuetan, Albik dauka abantaila, baina berak du egutegi zailena lehian dauden taldeen artean. Aurillacekin berdinduta geldituz geroz, puntu aldea Miarritzeren aldekoa da.

Aipatzekoa da ere, asteburu honetan Miarritze izanen dela etxean jokatuko duen bakarra. Albi Perpinyara joanen da, eta Aurillac Mont de Marsanera. Azken jardunaldia jokatu baino lehen, sailkapenean tartetxoa irekitzeko parada ezin hobea du, beraz, Miarritzek. Dena den, azken jardunaldian erabakiko da promozio fasean sartzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.