IX. BERRIA Txapelketa

Bete egin dituzte usteak

Zazpi Iturri eta Aurrera Saiaz ariko dira larunbatean, Hernanin, BERRIA Txapelketako finalean

Chiapuso Aurrera Saiazeko kadete mailako aurrelaria, pilota zail bat bueltatzen saiatzen. SINADURA / AGENTZIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
BERRIA IX. Txapelketako kanporaketak zozkatu zituztenean bi talderen izenak nabarmendu ziren teknikarien artean, eta, hiru hilabete geroago, horiek ariko dira elkarren aurka finalean. Amezketako Zazpi Iturrik eta Bidegoiango Aurrera Saiazek izango dute txapela jokoan larunbatean, Hernaniko pilotalekuan (16:30). Biak aurretik txapeldun izandakoak dira, eta iragan asteburuan sailkatu ziren, finalerdietan 3-0 irabazita. Bi kanporaketak, halere, oso ezberdinak izan ziren.

Aurrera Saiaz 3. Adiskide 0

KADETEAK

Chiapuso-Aburuza 22

Elorriaga-Rekagorri 11

GAZTEAK

Labaka-Elustondo 22

Atutxa-Sainz 15

NAGUSIAK

Urbieta II.a-Telletxea 22

Kantxo-Galarza 19

Aurrera Saiazek Galdakaon kanporatu zuen Adiskide. Zorte txarrak herren utziriko kanporaketa izan zen, Sainz Adiskideko gazte mailako atzelariak orkatila bihurritu, eta bertan behera gelditu zelako partida. Ordura arte etxeko bikotea partida bikaina jokatzen, eta 15-9 irabazten ari zen. Atutxa aurrelariak meritu handiko tantoak egin zituen, eta Adiskideko bikoak eskura zuen kanporaketa berdintzea. Baina lesioak bidea eten zien, uko egin zioten pilotari bakarrarekin jarraitzeari eta Bidegoiangoek puntu garrantzitsua lortu zuten (22-15).

Gipuzkoarrek, halere, ondo bideratua zuten kanporaketa, Chiapusok eta Aburuzak 22-11 irabazi zutelako kadete mailan. Partida estua espero zen, baina ez zen hala izan. Rekagorri Adiskideko atzelariak zortzi pilota galdu zituen, eta Chiapusok zortzi tanto egin zituen saketik. Lehen bi partidak irabazita, Aurrera Saiazek aski zuen azken partidan lau tanto egitearekin, baina gehiagoren bila joan zen. Partida gogor baten ondoren Urbietak eta Telletxeak 22-19 irabazi zuten. Aurrelaria nabarmendu zen, hamabi tantorekin. Larunbatekoa laugarren finala izango da taldearentzat, eta aurretik bakarra irabazi du.

Zazpi Iturri 3. Oberena 0

KADETEAK

Altuna-Erasun 22

Espinal-Andueza 8

GAZTEAK

Irribarria-Tolosa 22

Jaurena-Cordon 4

NAGUSIAK

Olaetxea-Santxez 22

Olangua-Etxamendi 14

Zazpi Iturrik igandean lortu zuen finalerako sailkatzea, Tolosan Iruñeko Oberenari irabazita. Beotibarren jendetza batu zen, eta iazko BERRIA Txapelketako txapeldunen —bi aldiz irabazi dute txapelketa— ikuskizunarekin gozatu zuten. Kadete mailan, Altunak eta Erasunek 22-8 irabazi zuten. Aurrelarien arteko lehia polita espero zen, eta Amezketakoa gailendu zen, hamalau tanto eginda.

Zazpi Iturrik gazte mailako partidan ziurtatu zuen finalerako txartela. Irribarria-Tolosak ez zieten aukerarik eman Jaurena-Cordoni (22-4). Iruindarren atzelaria gogotsu aritu zen, baina ezin izan zuen Tolosarekin. Nagusien partidan ez zegoen deus ere jokoan, baina, hala ere, ona izan zen. 7nako berdinketaren ondoren gorriek gora egin zuten, eta Olaetxeak hartu zuen ardura erasoan: hamalau tanto egin zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.