Beteranoaren ilusioa

Ziskar II.a 37 urterekin iritsi da buruz buruko pala txapelketako finalera, faborito nagusiak kanporatuta. Urteak daramatza profesional gisa, baina hasierako gogo berberarekin jarraitzen du

Iñaki Lasa Etura.
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Bigarren gaztaroan murgildurik dago Luis Ziskar Ziskar II.a (Bakio, Bizkaia, 1973). 37 urte bete berritan buruz buruko pala txapelketako finala jokatuko du etzi, Gaubekaren aurka, Bilboko Deportivo pilotalekuan. Txapelketan zehar Lujan eta Fusto bezalako palistak kanporatu ditu, eta «pozik» dago orain arte egin duen jokoarekin. Finalean ere hala jarraitzeko asmoa du. 18 urterekin debuta egin zuenetik euri asko egin du, eta dagoeneko «ia bizi erdia» palista gisa egin duela onartu du bakiotarrak. Une gaziak eta gozoak tartekatu ditu; 2003an buruz buruko txapeldun bilakatu zen, baina palaren gainbeheraren zuzeneko testigu ere izan da. Hala ere, hasiberriaren ilusioa ez du inoiz galdu.

Finalean ere ilusio horri eutsiko dio. Hasiberriek ez bezala, ikasi du nola eduki burua hotz tentsio goreneko momentuetan. Esperientzia hori baliatu zuen Fusto eta Lujan garaitzeko, hasiera batean faboritoa ez zen arren. Gogorrak izan ziren bi kanporaketak; batez ere Fustoren aurkakoa, markagailuari buelta eman behar izan ziolako. Momentu horretan «partida aldez aurretik galdutzat ez hartzea» gakoa izan zen, Ziskarren irudiko; horrek iazko txapeldunaren buruan «gauza asko egotea» ekarri zuelako. Lujanen kontrako partida berdindua nabaritu zuen, eta azken momentuan «urduritasuna hobekien kudeatu zuenak» irabazi zuela dio.

Aurreko bi partidetan bezala finalean ere ez da faborito izango. Dirua Gaubekaren alde aterako dela aurreratu diote. Halakoek axola ez diotela dio. Hala ere, Fustoren aurkako partidan bizi izandakoaz kexatu da. Haren iritziz, apustuzaleen aldetik «astakeriak» entzun zituen galtzen ari zenean.

Finaleko gakoa sakean ikusten du, Gaubeka sakatzaile handia ez den arren «ondo» sakatzen duelako. Hala ere, sakean ez ezik, piloteoan eta bi paretetan ere «trebea» dela azaldu du, eta defentsan «aise» moldatzen dela. Azaldu duenez, txapeldun bihurtzeko Gaubekari «pilota zailak» jarri, eta hasieratik aurretik hartzea saihestu beharko du.

Nahiz eta beteranoa izan oraindik lau bost urtez profesionaletan lehiatzeko moduan dagoela uste du. «Palan maila onean jokatzen ari bazara, 40-45 urte izan arte eutsi diezaiokezu. Hor dago muga». 30 urte zituen buruz buruko txapelketa irabazi zuenean, «pilotari eta pertsona moduan garatua egoteko adin bikaina»; baina 37 urterekin ondo ibil daitekeela erakutsi duela uste du.

Miribillako aukera

«Debutatu nuenetik pala asko aldatu da; batez ere, palistak. Orain beste era batera jokatzen da, piloteo eta defentsa gehiago dago». Palaren eraldaketa ezagutu du Ziskarrek, eta urteen bueltak egungo egoera aztertzeko pertsona aproposa bihurtu du horrek. Egoera txarra den arren itxaropenez dago etorkizunera begira. «Pala beti kili-kolo egon da, baina egoerari beti eutsi diogu».

Egungo «arazoa» Deportivo frontoia erabiltzen jarraitzeko dauden «trabak» direla azaldu du, baina martxotik aurrera Miribillara pasatuko direla. Nahiz eta azken xehetasunak zehazteke dauden, frontoi berriko proiektua «itxaropentsua» dela uste du .

Bakiotarraren iritziz, federazioek eta enpresek ikusi dute luzerako proiektu bat bideratzea ezinbestekoa dela; ezin dela jarraitu «estalkiekin». Profesional gisa Miribillako proiektuak luzera izango dituen onurei etekinik ez diela aterako badakien arrean, egitasmoaren alde egiten du: «Debutatuko duten horiengatik borrokatu behar dugu, profesional izateko gogor entrenatzen ari direnen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.