Beteranoen lekukoa hartzeko prest

Miguel Flañok 26 urte besterik ez ditu, baina zazpigarren denboraldia du dagoeneko Lehen Mailan, eta bihar Sportingen aurka 140. partida jokatuko du Ligan. «Garrantzitsua» sentitzen da Osasunan.

Iruñea
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Futbolari batek talde batean zazpi denboraldi egin dituenean beterano dei dakioke. Miguel Flañoren kasua da. 26 urte besterik ez ditu jokalari Uharteko jokalariak, eta lesioekin zorte apur bat izanez gero oraindik urte askotan ari daiteke futbolean. Hargatik, jokalari beteranoa da erdiko atzelari nafarra. Monreal, Puñal eta Flaño dira Osasunaren hasierako hamaikakoan geratzen diren hiru nafarrak. Cesar Krutxaga erretiratu zenetik, Patxi Puñal da Osasunako kapitain nagusia -Josetxok, Flañok eta Ricardok ere eraman izan dute besokoa-. Baina Uhartekoak sasoi amaieran bukatuko du kontratua. Puñalek beste urtebetez jarraitzeak ez luke inor ezustean harrapatuko, eta Flañoren aurretik Josetxo ere badago kapitain lanerako. Hargatik, Osasunan jokalari garrantzitsua sentitzen da Flaño, eta beteranoen lekukoa hartzeko prest egongo da eguna iristen denean.

«Harro egoteko modukoa da kirol ibilbide osoa Osasunan egin izana. Beste elastikorik ez dut ezagutu, Osasunarena soilik. Eta lehen talderaino iritsi eta hainbeste urtetan hor jarraitzea ikaragarria da. Urte askotan segitu nahi dut, gainera. Osasuna harrobiko kluba dela argi daukagu denok, eta etxeko jokalarien garrantzia ukaezina da. Sasoi honetan nahi baino harrobiko jokalari gutxiago gaude, baina harrobiak beti izango du tokia Osasunan», esan zion atzo BERRIAri, gogoan izanik bera dela Iruñeko taldean oraindik ere protagonista diren nafar bakarretakoa.

Osasunako ohiko jokalarien ezaugarriak ederki betetzen ditu Flañok: jenio bizikoa eta kasta gogorrekoa da, erantzukizuna hartzeari uko egiten ez dion horietakoa: «Niretzat oso gauza handia da kapitainetako bat izatea, eta oraindik gerra emango duten arren, Patxiren [Puñal] eta Josetxoren lekukoa hartzeko prest nago. Zelaian ez ezik aldagelan ere garrantzitsua izateak asko motibatzen nau, eta pixkana-pixkana lortzen ari naiz. Patxiri eta Josetxori ahal dudan guztietan laguntzen diet, iritsi berriei Osasuna zer den azaltzen ahalegintzen naiz beti. Etxeko jokalarien eredu onak izan ditut gainera: Cesar [Krutxaga], Patxi, Josetxo... Etorkizunean oinordeko ona izatea espero dut».

Bihar Sportingen aurka jokatu beharreko norgehiagoka Ligako 140.a izango da Flañorentzat-Espainiako Kopan beste hamabi alditan aritu da, eta UEFA kopan bitan-. 26 urte izateko ez da marka makala. Martxa honetan jarraituz gero, Osasunaren elastikoa gehien jantzi dutenen artean izan daiteke Flaño. Ez da horretaz hitz egiteko garaia, ordea. «Egia da Puñalek Lehen Mailan debuta egin zuen adin berean nik Lehen Mailan ia 140 partida jokatu ditudala, baina debutatu zuen egunetik egundoko erregulartasuna erakutsi du, eta hori ez da batere erraza. Osasunarekin partida gehien jokatu dutenen artean egotea gauza ederra litzateke, baina horretan ezin dut pentsatu. Sportingen aurkako partidan soilik pentsatzen dut nik, eta ea etorkizunean hitz egiten dugun gauza horietaz».

Flañok, hala ere, aitortu zuen bazuela gutxi gorabehera bere estatistiken berri. «150 partida jokatzetik gertu nengoela banekien, baina ez diet arreta gehiegi jartzen estatistikei. Lehen Mailan 140 partida jokatzea bada zerbait, baina oraindik gaztea naiz, eta badakit askoz gehiago joka ditzakedala. Dena dela, futbolariok azkar ikasten dugu lehen egindakoek ezer ez dizutela ziurtatzen etorkizunerako, eta hori ere argi daukat. Eguneroko lana da garrantzitsuena. Gauzak ondo egiten ari naizela uste dut, baina hobetzen jarraitu beharra daukat».

Anaia bikia baino hobeto

Bere lorpenak gogoratuta, lotsatu egiten da Flaño, baina badaki pribilegiatua dela: «Egindakoaz hitz egitea ez zait asko gustatzen, baina nire ibilbidearekin gustura nago. Azken lau denboraldietan 30 partidatik gora jokatu ditut sasoi bakoitzean, eta hori gauza ederra da. Jokalari guztiek ez dute horretarako aukera izaten. Javier nire anaia bikia baino urtebete lehenago egin nuen nik lehen talderako jauzia, baina lehen denboraldietan jokatzeko aukera gutxi izan nuen nik, eta anaia, berriz, igo zen unetik jokatzen hasi zen. Liga laugarren amaitu genuen sasoi hura izan zen. Jenio bizikoa naiz ni, eta ez zitzaidan batere gustatzen ez jokatzea. Baina lanean jarraitu nuen, eta, azkenean, aukera iritsi zitzaidan. Anaiak, berriz, kluba utzi egin behar izan zuen [Numantzian ari da orain]».

Sasoi honetako lehen partidan Jose Antonio Camachok Josetxoren alde egin zuen, eta Flaño aulkian utzi zuen. Denboraldi-aurre kaskarra egin zuen, eta bazirudien sasoi honetan gogotik egin beharko zuela lan hasieratik jokatzeko. Josetxoren lesioa tarteko, lehen jardunaldian ordu erdi soilik jokatu eta gero, hurrengo partida guztiak osorik jokatu ditu Flañok, hargatik. «Denboraldi-aurrean zenbait arazo fisiko izan nituen. Taldekide guztiekin batera entrenatzen nintzen, baina ez nengoen neure onenean. Sasoia ordezkoen aulkian hastea ez zitzaidan gustatu, baina egia da ez nengoela orain bezain ondo. Egunetik egunera hobeto sentitu naiz zelaian, eta badakit gauza asko eman ahal dizkiodala talde honi eta garrantzitsua izan behar dudala Osasunan. Neure buruari emaitzak eskatzen aurrena neu naiz. Pertsona kritikoa naiz, badakit gauzak hobeto egin ditzakedala eta horretarako ari naiz lanean», esan zuen, badaezpada. Ez da erraz konformatzen den horietakoa.

Eta haren jomugan Sporting ageri da orain: «Ligaren lehen laurdena joan zaigu, eta argi dago oreka ikaragarria dagoela. Une garrantzitsuan gaude, eta puntuak batu behar dira. Sportingek ez du oraindik etxetik kanpo irabazi, baina Almerian zein Zaragozan azken unera arte izan zuen irabazteko aukera, eta talde arriskutsua da. Orain bi denboraldi astindu ederra eman ziguten etxean [1-2 galdu zuen Osasunak]. Abisatuta gaude, Sportingek edozein zelaitan irabaz dezake, ondo landutako taldea da. 3-0 irabazi ditugu etxean jokatutako azken bi partidak, baina etxean jokatzeagatik partida guztiak aise irabaziko ditugula pentsatzea da egin dezakegun gauzarik txarrena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.