Japonia 0-0 Grezia

Beti berdin

Grezia jokalari bat gutxiagoz aritu da ia 60 minutuan, eta agerian utzi du Japoniaren ezintasuna.

Vasileios Torosidis eta (L) Shinji Okazaki, baloia lehiatzen. KAMIL KRZACZYNSKI / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 20a
07:28
Entzun

Japonia eta Grezia. Grezia eta Japonia. Beti berean, temati. Zertarako aldatu, pentsatuko dute. Ez da harritzekoa zer gertatu den elkarren parez pare jarri direnean. Bakoitzak berea egin du, aurrez uste zena eta espero zitekeena. Gidoiak idatzita daude, eta ezin dituzte aldatu. Zale neutroak bazuen gerta zitekeenaren susmoa, eta bete-betean asmatu du. Ezusterik ez. Beti berdin bi selekzioak.


Japonia nahi eta ezinaren paradigma izaten ari da Munduko Kopa honetan. Eta beste askotan ere bai. Ausartak dira, ez dira ezkutuan gordetzen, baina sari txikia eskuratzen dute. Gaur, baloiaren jabe egin dira hasieratik. Ezin zuen bestela izan aurrean Grezia izanda, baina Japonia honen jokatzeko ereduaren funtsa baloiaren lagun izatea da. Elkarri lotuta ibili dira biak une askotan, baina Greziaren area ingurura heltzean, haserretu balira bezala izan da. Golik ez, eta aukerak ere tamainan. Lehen zatian, esaterako, area kanpotik egindako jaurtiketa bat edo beste. Eta jokalariren bat nabarmentzekotan, Osako: bizi, azkar, ausart eta asko azalduz aurrealdean.


Grezia. Hauek zer nahi duten jakina da. Mundu guztiak daki. Atzean egon, partida lotara eman, geratu... eta aurkaria bere amarruan sartzen denean, gutxien uste duenean, kolpea jo. Ez da aldatzen. Gaur ere ez. Nola ba. Eta epaileak Katsuranis beteranoari txartel gorria atera dionean 38. minutuan (bi hori), ez da zaila asmatzen zer egin duen Greziak. Eroso egoten da horrela, eta zertarako aldatu?


Batek nahi, besteak utzi ez. Eta Japoniaren ezina adierazteko, hauxe datu gordina: jokalari onena Kawashima atezaina. Greziak lanean jarri du tarteka, eta urruntze bikainak egin behar izan ditu. Ez da ezer gehiago aipatu behar Japoniaren ezintasuna nabarmentzeko.


Beti berdin ibili behar horren ondorioa ere bera da. Betikoa. Grezia sailkatzeko aukerekin heldu da azken fasera. Puntu bakarra du, baina irabazten badio Boli Kostari lau izango ditu, eta gainditu egingo du (Japoniaren emaitzari begiratu beharko dio gero). Japoniak ere ale bakarra du, eta Kolonbiari  irabazi beharko dio (sailkatua dago Kolonbia), beste partidaren emaitza aldekoa izateaz gain. Betiko kontuak eta betiko komeriak. Bi selekzio hauen ibilia ez da aldatzen. Ze ezberdinak Japonia eta Grezia, baina ze antzekoak era berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.