Fernando Goñi. Pilotari ohia

«Beti egon naiz zerbaitegatik lehiatzen; amestu ezinezko ibilbidea izan da»

Profesionaletan 13 urte egin eta lau txapel irabazi ondoren «ezaguturiko jendea» nabarmendu du bere ibilbidetik; langile ospea gogora ekarrita, adierazi du horrekin ez dela aski irabazteko.

LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Iruñeko Labrit pilotalekuan hartu du BERRIA, eta Aspek entrenamendu eguna du. Eugin gobernatzen duen ostatua itxita dago, eta lasai dabil. Gonzalezek, Eulatek, Pascualek... denek agurtu dute Fernando Goñi (Zubiri, Nafarroa, 1973). Debuta egin zuen pilotalekuko harmailetan begiratu du atzera. Asperen lehen jaialdiko lehen partidan izan zen, Soroa III.aren alboan, Esain eta Irigoienen aurka. «Ondo oroitzen naiz, ostiral gaua zen, otsailaren 27a».

Hemen egin zenuen debuta.

25 urte nituen. Afizionatuan maila onean nenbilen, eta beste atzelari batzuk baino eginagoa nengoen. Multzoa bete behar zuten Aspen, eta deitu ninduten. Danik deitu ninduen. Lehen partidak jokatzen hasi nintzen, baina hilabetera jokatu nuen lehen estelarra, Elkororen aurka, Labriten.

Zure ibilbidea aldarri baten historia izan da, lehen partidak jokatzeko deitua izan, eta 12 urte egin dituzu partida nagusietan.

Beste bide bat da, eta bide horrek niri asko eman eta irakatsi dit. Bizitzako beste arlo batzuetara eraman daitezkeen ikasgaiak.

Goñi III.ak profesionaletan debuta egingo al zuen egun?

Agian ez, egungo egoera zaila baita. Nik aurretik ez banuen debutatu Asegarcek zuen monopolioarengatik zen, eta euren ikuskeran ez nintzelako sartzen. Baina nik gustuko nuen jokatzea, eta afizionatuetan ondo nenbilen.

Nolakoa izan zen Aspen sartzea?

Ilusio handia. Betidanik izan nintzen lehiakorra, eta dei hura onenen aurka jokatzeko aukera zen.

13 urte geroago Twitter bidez agur esango zenuela esan balizute...

Pentsaezina zatekeen! Teknologia berriak gustuko ditut, baina ez naiz pilotagatik sartu, baizik eta ostatuarengatik —@fgoni-k 526 jarraitzaile ditu—. Nire arlo pertsonalean txertatu dut, eta nik uste ona dela. Gauza garrantzitsu askotara egokitu daitekeela uste dut, eta kirolean ere bai,iritziak plazaratzeko adibidez.

Erabat erretiratu al zara?

Nik baietz esango nuke. Enpresa txikiago batean jarraitzeak orain ez nau erakartzen, baina egia da oraindik pilotari sentitzen naizela. Etapa bat bukatu dut.

Pilota profesionala zuk espero zenuen bezalakoa izan al da?

Debutatzean ez nuen ideia garbirik… Ez nuen eredurik buruan. Nik asko gozatu dut nire profesional ibilbidearekin, eta uste baino askoz hobea izan da, batez ere kideengatik. Jende asko ezagutu dut, eta neure burua hobeto ezagutzen dut orain.

Pilota profesionalaren gauzarik onena? Eta txarrena?

Onena, jendea eta bizipenak, pilotak asko aberastu nau arlo pertsonalean. Eta, gainera, hortik bizi bazaitezke hobe. Ni, gainera, beti egon naiz lehiatzen… Amestu ezin nezakeen ibilbidea izan dut. Eta txarrena? Ez diot arlo txar nabarmenik ikusten, une txar jakinetatik ikasten jakin behar da.

Lehia diozu, eta oso lehiakorra izan zara. Irujok zioen finaletan inor ez duela zuk adina gozatzen ikusi.

Finalak sufritzen pasatzen dituenik badago; nik, ordea, finalak jokatzen eta lehiatzen asko gozatzen nuela sentitu dut. Ume-umetatik pilotan jokatu ondoren, egun handi horiek ezin dira sufritzeko izan.

Goñi III.a=langilea. Badirudi hori baino ez zenekiela egiten.

Etiketa hori jarri zidaten, agian beste pilotari batzuk ezaugarri jakin batzugatik nabarmentzen ziren, eta nik ez nuelako halakorik. Gero egia da oso garrantzitsua dela lan egitea, baina bertute jakin batzuk izan ezean lanarekin bakarrik ez da irabazten.

Norbaiten aurka jokatzeak bereziki motibatu izan al zaitu?

Ruben [Beloki]. Gure hasiera oso desberdina izan zen profesionaletan, eta biok egin dugu bide ona. Aberasgarria izan da, mila aldiz entrenatu eta jokatu dugu elkarren aurka, umetatik, betiko aurkaria izan da. Halere, berarekin bizitakoekin gelditzennaiz.

Palmaresarekin pozik?

Bai, oso. Baino ez diot gehiegi begiratu, orain gogoratzen didate, eta normala da. Egia da lau txapel irabazi izan ez banitu, orain, agurrean, ez nuela izango zaleengandik izan duda onarpen hori, baina nire helburua hobetzea izan da.

Non dituzu txapelak?

Bi hemen ditut, Iruñean, aurrenekoa gurasoen etxean… eta azkena… Azkena ez dakit non dagoen. Orain hasiko naiz halakoak aurkitu eta txukun jartzen.

12 urte estelarretan igaro ondoren, azken urtea gogorra izan al da?

«Honetarako» nahi zaitugu esan balidate, denok lan asko aurreztu izango genuen. Binakako txapeldun izan ondoren txapela ezin defendatzea… Kosta zitzaidan buelta ematea egoerari, eta halako zerbait esan balidate gutxiago kosta izango zitzaidan. Apurka nire tokia aurkituz joan naiz, eta urtearen bigarren zatia hobea izan da. Nik uste ona dela jendeari non dagoen jakinaraztea, zertarako dagoen esatea, ni beti izan naiz enpresa pilotaria, eta berdin-berdin jokatuko nituen lehen, bigarren edo hirugarren partidak.

Nola dago pilota? Debutatu zenuenean baina okerrago?Hobeto?

Nik hobeto ikusten dut oihartzun aldetik, hedabideetan asko agertzen delako, eta jende askorengana iristen. Baina pilotaren osasunari buruz… gizartea egoera zailean dago, eta pilotak ere sumatzen du. Azken aldian hartu diren erabaki batzuk, gainera, ez dute laguntzen aita batek bere semea pilotan jokatzera eraman dezan.

Eta pilotari izatea? Baldintzak…

Goian daudenak ondo daude, baina behetik datozenak zail izango dute horra iristea.

ASPE apur bat arraro gelditu da, estelarrak eta hasiberriak baino ez daude. Maila ertainik ez dago.

Nik lehen esaten nuen enpresa batean Txapeldunen Liga, Lehen Maila, Bigarrena, Hirugarrena eta jubenilak zeudela. Orain tarteko maila horiek ez daude, eta pilotari horiek lan handia egiten dute, jubenilak horieI irabazi behar die Txapeldunen Ligara iristeko. Pauso hori kolpetik ematea… Ez dakit nola irtengo den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.