TXIRRINDULARITZA. TOURRAREN AURKEZPENA

Betikoa, Armstrong gabe

Berritasunik gabekoa izanen da 2006ko Tourra; 3.600 kilometro, 115 erlojupekoetan, taldekakorik ez eta mendiko bost etapa, mendate ezagunekin; Kanbon hasiko da 10. etapa, Pirinioetako lehena

Andoni Urbistondo.
2005eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Betikoa. Berritasunik gabekoa. Horrelakoa izango da 2006ko Tourra. Zoritxarrez, mendate berri, mendate gogor-gogorren edo ibilbide ezberdinen esperoan egoten direnentzat. Horrek bost axola Tourrari, ordea. Alderaketa eginez gero, Tourra Frantziako Iraultza aurreko aristokraziaren tankerakoa da. Nahi duena egiten du, nahierara, komeni zaiona, eta kritika eta proposamenei entzungor egiten die. Jarrera kontserbadorekoa da antolakuntza, aldaketa gutxi egin zalea.

Zergatia, argia. Tourra, munduko proba entzutetsuena den heinean, arrakastatsua da ibilbidea bat edo bestea izan, mendate batzuk edo besteak igo, luzeagoa edo laburragoa izan. Ikuskizuna ziurra da. Munduko txirrindulari onenen borrokak eta uztaileko eguzkiaren zigorrak ziurtatzen dute ikuskizuna. Egoera horrekin, zertarako hasi ibilbidea aldatzen. Buruko minak saihestu eta aurreko urteetako eredua errepikatzea errazena.Osagaiak, betikoak: aitzin-etapa bat, 6-8 etapa zozo eta erlojupeko luzea mendateetan sartu aurretik. Pirinioetan bi etapa, Alpeetan hiru, denak aste batean, bigarren erlojupekoa Parisko etaparen bezperan eta Eliseoetako Zelaietako bukaera. Zehaztasunak, honakoak: 3.600 kilometro denera, 115 kilometro, bakarka, erlojupekoan, hiru bukaera gainean eta mendiko beste bi etapa. Betikoa.

Pirinioetan bi etapabesterik ez

Jean-Marie Leblancek eta bere ordezkoa izango den Christian Preud'hommek jakin badakite Tourreko lehen erdia zozoa izaten dela, aspergarria ikusleentzat, baina bost axola. Badakite Pirinioak nekez izanen direla erabakigarriak. Soudet eta Marie-Blanque Paueko helmugatik urrun daude oso eta Pla de Bereteko bukaera etzanak ez du Tourreko etapa bukaera izateko kategoriarik. Etxegarate edo Barazar baino etzanagoa da eta onenek plater handian igoko dute Pla de Beret. Aurrez Tourmalet, Aspin, Peyresourde eta Portillon igotzen direla esango dute batzuek, etapa gogorretan gogorra dela. Egia, baina etapa ikaragarri bati bukaera ezin okerragoa jarri diote. Deigarria da Pirinioetan bi etapa besterik ez direla egongo. Eta aste egunetan biak. Zigorra euskal zaleentzat.

Badakite Alpeetako hiru egunetako zeharkaldian, Alpe d'Huez eta Joux-Plane salbu, beste mendateek ez dutela min handia egingo. Izoard igotzen da, Galibier handia ere bai, Croix de Fer ere bai, bainaÉ Izoard igo ondoren Lautaret igotzen da, aldaparik gabeko 40 kilometroko igoera. Galibier alde errazenetik igotzen da eta bailararaino 50 kilometroko jaitsiera dago. Joux-Plane mendateko etapan beste mendateak buruz dakizki txirrindularitza zaletua denak: Saisies, Aravis eta Colombiere. 2006an errepikatu egingo da betiko ibilbidea.Aldaketa bakarra taldekako erlojupekoa kendu dutela da. Bi erlojupeko luze jokatuko dira, 7. eta 19. etapak (52 eta 56 kilometro, hurrenez hurren). Tourra zazpi kilometroko aitzin-etapa batekin hasiko da, Estrasburgon, uztaileko lehen egunean. Alemania, Belgika, Flandes eta Holanda bisitatuko ditu Tourrak lehen astean, eta Normandia eta Bretainian barrena, Ipar Euskal Herrira iritsiko da. Uztailaren 11n Akizen bukatuko da etapa (Landak), Baionatik 70 bat kilometrora, eta 12. saioa Lapurdiko bihotzean hasiko da, Kanbon.Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa zeharkatuko ditu Tourrak, 100 kilometro pasatxo Soudet gaina igaro ondoren Biarnon barneratzeko. Kanbotik Donibane Garazira egingo du Tourrak, eta handik Maulera Oskitx mendatetik. Hegorantz joko du gero Uhaitzandi ibai ertzetik, Santa Graziraino, eta handik Biarnora.

Ullrich eta Basso, Basso eta Ullrich

1989. urteko Tourreraino egin behar da atzera erlojupekoan, bakarka, kilometro kopuru handiagoa aurkitzeko. 116 kilometrotan errenta handia pila dezake mendian gora nahiko txukun moldatzen den txirrindulariak, eta txirrindulari hori Jan Ullrich da. Ivan Bassok eta Ullrichek berak lagundu zioten Armstrongi Parisen uztail bukaeran, baina Armstrong ez da Estrasburgon izango bederatzi hilabete barru.

Ullrich Basso baino txirrindulari osoagoa da. Bikain moldatzen da erlojupekoetan, eta neurria ematen du aldapan gora. Basso, aldiz, igotzaile bikaina da, baina erlojupekoan komeriak ditu. Bi diziplina horietako balantzeak erabaki beharko luke Armstrongen ondorengo erresumako lehen erregea. Tourra biko hori ez den beste norbaitek irabaztea ezusteko handia litzateke, baina bakarren batzuk agertuko direla ziurra da. Armstrongekin podiumeko bigarren eskailera zen erronka, lehenak jabea zuen. Orain hiru daude libre eta inork ez du estatubatuarrak zuen nagusitasunik.Lehen itzuli handiak mahai gainean jarri ditu bere sekretuak. Berritasunik gabekoa, baina beti bezain interesgarri. Tourra sekretua delako. Txirrindularitza zaleok azaroaren 12an dugu hurrengo hitzordua, larunbatez. 2006ko Giroa aurkeztuko dute orduan. Adi-adi egongo gara, Italiako berriak iritsi zain. Giroko ikuskizuna bi aste barru hasiko delako.

Erreakzioak





BJARNE RIJS (CSCko kirol zuzendaria)

«Ullrichen aldekoa da; mendiko lehen bi etapak errazak dira»





«Ullrichen aldeko ibilbidea da, nabarmen. Bi erlojupeko luze daude eta Pirinioetako lehen bi etapak etzanak dira oso. Bassorekin lanean ari gara, erlojupekoetan hobetzeko asmoarekin, baina hiru bat minutu gal ditzake Ullrichekin 100 kilometroan».

IVAN BASSO(CSCko txirrindularia)

«Tourra bakarrik dut buruan eta ez dut Giroa korrituko»





«Giroa maite dut, nire herriko lasterketa entzutetsuena da eta min handia ematen dit uko egiteak. Iaz bigarren izan nintzen bi itzuli handi korrituta. Tourra bete-betean prestatu nahi dut 2006. urtean. Gakoa? Alpe d'Huezeko etapa, denetan gogorrena».

JOHAN BRUYNEEL (Discovery Channel)

«Hincapie, Azevedo eta Popovitx izanen dira gure liderrak»





«Ez naiz batere gustura egon. 12 minutuz etikaz hitz egin dute aurkezpenean, eta Armstrongi buruz ari zirela uste dut. Armstrong gabe ere, Tourra izanen da gure helburu nagusia. Hincapie, Azevedo eta Popovitx izanen dira gure liderrak».

ALEJANDRO VALVERDE (Illes Balears)

«Ni Tourra irabazteko faborito? Hasiberria naiz-eta!»





«Etapa bat irabazi nuen azken Tourrean, eta hori errepikatuta eta nagusian postu on bat lortuz gero konforme nengoke. Ni Tourra irabazteko faborito? Lasai, lasai! Hasiberria naiz proba honetan, eta nola korritzen den ikasi behar dut aurrena».

JULIAN GOROSPE (Euskalteleko kirol zuzendaria)

«Taldekako erlojupekorik ez dago, eta gustura gaude; Tourra irekia izango da»





«Taldekako erlojupekoa kendu dute eta guretzat Tourreko egun txarrenetakoa izaten zen hori. Tourra Alpeetan erabakiko dela uste dut, hiru etapa daude jarraian eta oso gogorrak, mendate mitikoekin. Armstrong gabe Tourrak interesa irabaziko duela esango nuke. Irekiagoa izango da faborito garbirik ez duelako».

MANUEL SAIZ (Libertyko kirol zuzendaria)

«Ullrich da faboritoa; Tourra irabazi du eta 115 kilometro ditu erlojupekoan»





«Azaleko azterketaren ondoren, niretzat Jan Ullrich da faboritoa. Badaki zer den Tour bat irabaztea eta 115 kilometro ditu erlojupekoan igotzaileak nahi adina atzeratzeko. Bestelakoan, Tourra ez da gehiegi aldatu. Taldekako erlojupekoa kendu dute, baina antzekoa da oso. Vinokurov izango da gure liderra, lasterketa irekia nahi nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.