Betikoa, betiko moduan

Jorge Lorenzok lortu du 'pole'-a MotoGP mailan, eta urrun utzi ditu Andrea Dovizioso eta Dani Pedrosa

Erredakzioa
Donostia
2010eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Laster erabakiko da MotoGP mailako Munduko Motoziklismo Txapelketa. Jorge Lorenzo (Yamaha) eta Jorge Lorenzo. Ez dago besterik. Valentino Rossi (Yamaha) ez dagoenetik -erori egin zen Italiako Sari Nagusian-, balearrak ez dauka aurkaririk. Dani Pedrosa (Honda), ustez aurkaririk indartsuena dena, makal dabil, gorabeheratsu, eta atzo zazpigarren denborarik onena besterik ez zuen egin Herbehereetako Sari Nagusiko entrenamendu ofizialetan, Lorenzorengandik sei ehuneneko pasatxora. Andrea Dovizioso ere (Honda), sailkapen nagusiko bigarren sailkatua, seigarren besterik ez zen izan atzo.

Aurkari guztiek baino nabarmen erritmo handiagoa dauka Lorenzoren Yamaha motoak, eta Britainia Handiko Sari Nagusian egin bezala, gaur ere lasterketa hasterako ihes egin dezake, itzuliko hiru ehuneneko alde handia baita. Lorenzok lortu zuen atzo pole-a, eta ia hiru ehunenekora utzi zituen Randy de Puniet frantziarra (Honda) eta Casey Stoner australiarra (Ducati). Assengo zirkuiturako moto arriskutsua da Ducati etxekoa, eta Stoner izan daiteke Lorenzorentzat gaurko aurkaririk arriskutsuena. Dena den, aipagarria da De Punieten lana. Britainia Handian ere bigarren postutik irten zen -seigarren amaitu zuen-, eta atzo ere Honda etxeko moto ofizial guztiak baino azkarragoa izan zen. Frantziarrak Honda etxeko moto pribatu bat dauka.

MotoGP mailan Lorenzo, eta 125 cc-ko motoan Marc Marquez. Kataluniarrak lortu zuen atzo pole-a, eta laugarren du jada denboraldi honetan. Kontuan eduki behar da 17 urte besterik ez daukala. Efren Vazquez bilbotarra (Derbi) zazpigarren postutik irtengo da gaur. Moto2 mailan, berriz, Andrea Iannone italiarra (Speed Up) irtengo da lehen postutik, Ratthapark Wilairot tailandiarraren (Bimota) eta Alex Debon kataluniarraren (FTR) aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.