Paris-Nizan nahi baino makalago ibilita, mahai gainean kolpea emateko erronkarekin ekin zion Tejay Van Garderenek (BMC) Kataluniako Voltari. Baina mahai gainean ez, lurrean hartu zuen kolpea estatubatuarrak herenegun. Txirrindulari fina bai, sailkapen nagusietan lehiatzeko modukoa bai, baina, gehienen iritzirako, beti zerbait falta izaten zaion horietakoa da estatubatuarra. Erlojupekoan espezialista ona, ordekan indartsua, eta aldapa gora onenen erritmoari jarraitzeko gai dena. Txirrindulari osoa da BMCkoa. Baina ezin eman inoiz benetako mailarik. Voltak ere sailkapen nagusiko lehiatik kanpo utzi zuen herenegun, hamabost minutu galduta, baina atzo etekina atera zion bezperako galerari.
BMCko taldeburuari meriturik kendu gabe, faborito nagusiek mugitzen utzi ziotelako estatubatuarrari. Ohartzerako, segundo zaku ona zeukan etapa irabazteko. La Molinako helmuga marrara iristeko lau kilometro eskas falta zirela mugitu zen Van Garderen, Dan Martinen (Cannondale) erasoari erantzunez. Eta berehala geratu zen bakar-bakarrik aurrean. Ordurako erabat atzean zebilen Pierre Rolland liderra (Europcar). Skyk bereziki eta Tinkoffek tarteka, asko gogortu zuten etapa, helburu horixe buruan zutela. Eta, neurri batean, lortu zuten, Rollandekikoak egin zituztelako. Bost minututik gora galdu zituen frantziarrak. Baina igoera bikaina egin zuen Bart De Clercqek (Lotto), atzo arteko hirugarren sailkatuak, eta flandriarra bera jarri zen lider. 21 segundora dauka orain Richie Porte (Sky), 26ra Domenico Pozzovivo (Ag2r), 27ra Dan Martin, eta 28ra Alberto Contador (Tinkoff).
La Molinako azken igoeraren aurretik, bost lagun ibili ziren ihes eginda, Loic Chetout lapurtarra (Cofidis) tartean zela. Thomas Danielson (Cannondale), Jose Herrada (Movistar), Jerome Coppel (IAM) eta Riccardo Zoidl (Trek) joan ziren ihesean baionarrarekin batera. Zazpi minututik gorako aldea ere izan zuten, baina interes gehiegi zeuden atzean gauza onerako. Erritmo bizi-bizia jarrita, Skyk asko mehatu zuen tropel nagusia, baina bere taldeburuetako bat izan zen kaltetuenetako bat. Izan ere, bezperan gertatu bezala, Creueta maila bereziko mendatea igotzen hasterako onenen erritmoari jarraitu ezinik geratu zen Chris Froome (Sky).
Tinkoff eta Sky egurrean ari zirela, Creuetan gora etsi zuen Rollandek ere. Romain Sicardek (Europcar) gogotik lagundu zion arren, denbora asko galdu zuen azkenerako. Ihesaldian, Danielson eta Zoidl izan ziren indartsuenak; lehia polita eduki zuten tropelarekin, kilometro askoan aldea mantenduz. Baina mugimendu serioenak iritsi zirenean geratu zen ezerezean euren ahalegina.
Alberto Contador, erasora
Danielson eta Zoidl harrapatu berritan, Vasil Kiryienka (Sky) mugitu zen tropelean, La Molinako lehen maldetan. Ondoren iritsi ziren Dan Martin eta Van Garderenen mugimenduak. Eta bi kilometro eskas falta zirela Contadorrena. Tropeletik aurrera eginda, indarrean, bakar-bakarrik geratu zen espainiarra, Van Garderen begi-bistan zuela. Baina Kiryienkak, Contadorren gurpila galduta, lan dotorea egin zuen atzean Richie Porte Tinkoffekoaren parera eramateko. Azken unean, gainera, erritmoa aldatu eta australiarrak atzean utzi zuen Contador. Alpen hasi Vallsen amaitu, bosgarren etapa jokatuko da gaur (195,4 km). Lilla bigarren mailako mendatea igo beharko dute helmugara iristeko hamar kilometro eskas faltako direnean.
Bezperakoa gogoan
Tejay Van Garderenek (BMC) irabazi du Voltako etapa nagusia, La Molinan gora erasoa jota.Bart De Clercq (Lotto) jarri da lider
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu