Bi aberats eta anaia pobrea

Caja Laboralen eta Gescrapen arteko euskal derbia jokatuko da final-laurdenetanLagun Arok bosgarren postuan bukatu du, eta Valentzia izanen du aurkari; etzi zortzi hasiko dira azken-laurdenak, hiru partidara

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Aberatsak aberatsago izateko daramaten borrokaren pare, euskal saskibaloiko bi talde aberatsek elkarren aurka bilatuko dute nagusitasuna, biek nahi baino lehenago, ligako balantzea txar-txarra izango delako galtzen duenarentzat, begiratzen zaion begiekin begiratzen zaiola. Baskoniak arrakasta behar du gizakiek arnasa bezala, eta arrakasta horrek hitz gako bat du: finala. Finala ez den edozer porrot latza izango da arabarrentzat, ez dutelako bete sasoi hasierako helbururik, ez Euroligan, ez Kopan. Finalerako bidea, ordea, ez da batere samurra izango, arantza asko sumatzen baitira: Bizkaia final-laurdenetan, eta, ondo bidean, Real Madril finalerdietan.

Pausoz pauso. Baskonia faborito da Bizkaiaren aurka, herenegungo norgehiagokan bizkaitarrak hankapean ibili zituelako, eta, itxuraz, Katsikarisen taldea fisikoki justu samar iritsi delako sasoi hondarrera. Ez Gasteizen galdu zuelako, baizik eta Unicajaren aurka ere laugarren postua lortzeko aukera ezin hobea galdu zuelako. Emaitzez harago, nabaria da beltzezkoek freskotasuna galdu dutela eraso jokoan. Ia 79 puntuko batez bestekoa zeukan liga bukatzeko bost partida falta zirela, eta zenbaki hori bi puntu txikitu da hilabete geroago. Zergatia? Nekea. Moskuko CSKAren aurkako kanporaketan hustuta geratu ostean, Bizkaiak 63 puntu sartu zituen Valentzian, 68 CAI Zaragozaren aurka etxean, 77 Donostian, 80 Unicajaren aurka eta 70 Gasteizen, lehen zatian 30 bakarrik lortuta.

«Arduratuta nago taldearekin, noski». Katsikarisen esana, Unicajaren aurka galduta. «Tentsioa nahitaezkoa da, eta, azkenaldian, hori gabe kantxaratzen ari gara; talde indartsuek garesti ordainarazten dizute hori». Unicajak hala egin zuen, eta Baskoniak ere bai, igandean. Luze gogoratzeko moduko astindua. 22-4 hasi, eta, gutxira, 57-30 atsedenaldian; eta Bizkaiaren izaera borrokalariaren arrastorik ez inondik.

Lasai egoteko arrazoirik ba al du Baskoniak Bizkaia jipoitu zuelako? Ez, ezta txantxetan ere. Bizkaiaren liga bukaerak zalantzak eragin ditu, baina Caja Laboralek hasiera-hasieratik eragindakoek indarrean jarraitzen dute, zortzi hilabete pasatu badira ere. 100-70 egurtu zuen Bizkaia, bai; eta zer? Astebete lehenago, inoiz galdu behar ez zuen norgehiagoka bat galdu zuen Joventuten aurka, 66-68, eta Fuenlabradari ere asko sobratu gabe irabazi zion joan den asteazkenean: 87-92. Gorabeheratsu ari dira arabarrak: orain ondo, eta, egun gutxiren bueltan, ezin okerrago. Nocioni eta Lampe talde dinamikan sartu dira, eta erabakigarriak izango dira, baina Baskoniaren alde apustu egitea burtsan inbertitzea bezain arriskutsua da gaur-gaurkoz. Ondo bidean, hiru partidatan erabakiko da final-laurdena, eta Baskoniak du aginte makila, baina oso posible da ezusteko bat gertatzea.

Omenaldi hunkigarria

Gasteiz eta Bilbotik 100 kilometro eskasera, oso bestela hartu izan da arrakasta, ez zekitelako nolakoa zen; eta, horrelakoetan, dena da polita. Igande iluntzean Illunben sortu zen giro aparta da horren erakusgarri. Kanaria Handia menderatu ostean, omenaldi beroa egin zieten taldeko jokalari, entrenatzaile eta laguntzaile guztiei. Illunbera 9.000 lagun pasa joan ziren, eta gehienak han geratu ziren, klubeko kideei eskertza mezua helarazteko. Kantxan, denek mila esker leloa erakutsi zuten, eta zaleen eta jokalarien arteko batasuna.

Lozorroan, batere motibaziorik gabe zeuden zaleak esnarazi dituzte jokalariek. Sito Alonso entrenatzaileak hitz bitxiak bota zituen prentsa aretoan: «Galtzen genuenean gu hauspotzera etortzen ziren 6.000-7.000 zale horiekin gogoratzen naiz batez ere, haien kemenari esker baikara orain ia-ia 9.000. Hamar partida jokatu eta bi bakarrik irabazita ere, eutsi egin zioten, eta orain kemen hori eskertu diegu».

Kirol miraria da Donostian gertatutakoa. Baskoniak 15-17 milioi euroko aurrekontua du, eta Bizkaiak ere 11-13 milioi artekoa. Donostian, askoz lehenago bukatzen dute milioiak zenbatzen, sosak ez baitira iristen bost milioi eurora. Meritu handiko lorpena da aurrekontu horrekin ligako talderik onenetan bosgarrena izatea, eta horrela adierazi zuten zaleek. Laugarren laurdenean, etengabe entzun ziren jokalarientzako txaloak, eta Pankori, Vidali eta Sito Alonsori berari Donostian gera daitezela eskatu zieten, ozen.

Alonsok uko egin zion balantzeak egiteari: «Denboraldi bukaeran egingo ditugu, maiatzaren bukaeran, edo, batek daki, geroago». Valentzia ez da aurkari samurra izango, baina bi jokalari garrantzitsu faltako zaizkio kanporaketan: Rafa Martinez eskolta eta Serhii Listxuk hegalekoa. Valentziak du abantaila, partida erabakigarri hori etxean jokatzekoa, liga laugarren bukatu baitzuen, baina, bataren eta bestearen lana ikusita, erratzeko beldurrik gabe esan liteke final-laurdena parekatuta egongo dela. Lagun Aro nortasun handiko talde bihurtu da, garaitzen zaila, eta oso litekeena da hirugarren partida jokatzea.

Atzo egin zuten kanporaketen aurkezpen ekitaldia Madrilen, baina oraingoz ez dute zehaztu partiden egutegia. Telebista kateen hautaketaren araberakoa izanen da, eta Espainiako Teledeporte kateak dauka aurrena aukeratzeko eskubidea. Zurrumurruek diotenez, euskal derbiaren aldeko hautua egin dezake, Baskoniaren eta Bizkaiaren arteko lehia askoz ere erakargarriagoa delako Real Madril-Banca Civica eta Bartzelona-Alacant kanporaketak baino. Hautu bat edo beste izan, etzi zortzi hasiko dira final-laurdenak, maiatzak 17 dituela, eta 22an bukatu, beranduenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.