Harro zeharkatu zuten Realeko jokalariek larunbat gauean Anoeta estadioko aldagelatik prentsa aretorako pasabidea, barreneko korapiloa askatzen deneko aurpegiera on horrekin. Inguruko alderdi batentzat joan den sasoian abian jarritako egitasmoaren tresnarik eztabaidatuena Philippe Montanier izan arren, jokalariek entrenatzailearekin bat egin duten heinean bizkarreratu dituzte hark entzundako desadostasunak, ertz horiek leuntzeko testuinguru aproposaren zain zeuden haginak izerditan. Athleticen aurka iritsi zen hori.
1. Mugarri izangoote da?
Edonola ere, garaipen bakar batek ez du ezer esan nahi. Ez behintzat Realaren kasuan, eguzkitik itzalera igarotzen ari baita denbora tarte laburrean. Hain zuzen, hor dago koska Luis Fernando Dadiek, Reala, Celta eta Osasunako jokalari ohiak azaldu duenez. «Sevillako neurketan gorabehera gutxirekin aritzen bada, bi alderdierakutsi gabe, orduan emango luke benetako aurrerapausoa. Derbiari segida eman behar dio, bestela emozionalki hustu egingo litzateke berriz ere. Horregatik da hain garrantzitsua Betisen kontrako partida». Gipuzkoarrek aurreko denboraldian behin baino ez zuten lortu garaipenari garaipena itsastea. Vila-realek eta Racingek izan ezik, gainerako talde guztiek sarriagotan egin zuten. Sasoi honetako beste erronketako bat da hori.
2. Orekatua
Sendoa da Realaren ibilera etxean, erasoko eta defentsako lana ez dituelako bereizten. Urtarriletik hona batu dituen puntuak Real Madril eta Bartzelonaren esku baino ez daude. Fidagarritasun handiko taldea da, hortaz. Horri eutsi zion derbiko bigarren zatian, gehienbat. «Aldaketarik gabeko taldea izan zen Reala, gorabeherarik izan ez zuena ia», nabarmendu du Dadiek. Haren ustez, lehen ordu erdian lehiak «ez zuen jaberik izan» bizitasun handiz aritu zirelako biak ala biak, baina Realak aurkaria estutzeko aurreneko lerroa kokatu zuenean euren alde jarri zuen. «Beste batzuetan gertatu izan da Agirretxe bakarrik abiatzea gertuenen dauzkan horien laguntzarik gabe edo Zurutuza joatea Illarramendi gabe bien arteko distantzia handituz. Athleticen aurka batera mugitu ziren, multzo osoak buruz jokatuko balu bezala. Arlo hori menperatzea ezinbestekoa da talde txuri-urdinarentzat».
Protagonista izan zirenek aho batez adierazi zuten zein izan zen Realaren argudiorik sendoena. «Leku guztietara iritsi gara», zioen David Zurutuzak. «Estu hartu ditugu, zain geratu gabe. Horrela ito ditugu erdialdean», Markel Bergarak. Estutzean antzeman zen hobekuntza batik bat.
3. Partida onenetakoa
Montanierren aroko partidarik beteena jokatu al zuten gipuzkoarrek? Xabi Prieto kapitainarentzat, «beharbada bai. Itxura oso ona eman du taldeak. Arantza kentzeko amorratzen geunden». Dadiek, aldiz, joan den otsailean Sevillaren aurka egindako dakar gogora, Ruben Pardok bere buruaren berri eman zuenekoa. «Horixe izan zen beteena, hasi eta buka, neurketaren erritmoa Realak ezarri zuelako. Athleticen aurkako azken ordubetea zoragarria izan zen hori bai».
Denboraldiko helburu nagusietakoa zen bultzada handiko garaipen bat eskuratzea. Emozio indartsu horren bidez eraiki nahi dute orain, Zubietako ordezkariek etxetik kanpoko zubia, asmorik garrantzitsuena, sailkapenaren bidean aurrera egiteko. Betisen zelaia izango dute hurrengo geldialdia etzidamu, iaz Montanier bizirik atera zen tokian. Bestelako pentsaera batekin joango dira, ordea.
Bi aldeak orraztu beharrean
Ikusteko dago derbia irabazi izanak emandako konfiantza bultzadak balioko dion Realari Anoetatik kanpoko bolada txarra eteteko. Nekez izango du oraingoaren moduko gorputzaldirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu