Bi baten kontra ariko dira

Oinak San Mamesen izango ditu Bartzelonak, baina burua Interren kontra datorren astean jokatu duen neurketan

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Athleticek ia dena izango du kontra Bartzelonaren kontra gaur San Mamesen jokatuko duen partidan. Hasteko, munduko talderik onenetako bat izango du aurrean. Gainerako talde guztien eredua da egun Pep Guardiolak entrenatutako taldea. Bigarrenez, estatistikak ere ez dira aldekoak. Bartzelonarentzat aurkari aproposa da aspalditxoan talde zuri-gorria. Etxean zein etxetik kanpo jokatzen duenean. Hirugarrenez, lesioak aipatu behar dira. Bi taldeetako erdiko aurrelariak dira notizia. Ibrahimovic min hartuta dago, eta ez da San Mamesen arituko. Fernando Llorente, berriz, kili-kolo dabil. Aste guztian taldeko lanetik kanpo aritu da. Okerrik ezean, jokatuko du, baina ez da sasoi betean egongo -Caparrosek gaur emango du deialdia-.

Hori gutxi balitz bezala, zuri-gorrien motor nagusia ere ez da bete-betean egongo. Javi Martinezek laugarren partida jokatu beharko du azken hamar egunetan. Nahitaez egon behar du nekatuta. Athleticeko eta Bartzelonako jokalarien kalitatea aintzat hartuta eta futbolari kopurua aintzat hartuta, ez da gaitza asmatzea zein taldek galtzen duen gehiago talde bakoitzeko izarretako batzuek jokatzerik ez dutenean. Eta, azkenik, ezinbestekoa da harmailetako giroari erreparatzea. Athleticeko bazkideei ordaintzea egokitu zaie. Ondorioz, euretako askok uko egin dio neurketa zuzenean ikusteari. Hori kalterako izango da. Izan ere, sarrera eskuratuko duten asko eta asko Bartzelona zaleak izango dira. Behar baino ikusle gehiagok animatuko du Bartzelona. Hala ere, giro ona espero da harmailetan. Zale gazte eta zaratatsuenek, esaterako, ez dute huts egingo.

Bestalde, Athleticeko jokalariek aste osoan zabaldu duten mezua ere ez da ba oso baikorra izan. Eskertzekoa da futbolariek pentsatzen dutenaren berri ematea, baina, beharbada ohikoa ez delako, harrigarria ere izan da neurri handi batean. Etxeberriak, Llorentek, Castillok eta enparauek ontzat eman dute puntu bat. Gaur egun bi taldeen artean dagoen aldea aintzat hartuta, ezin da ukatu oso ona izango litzatekeela puntu bat pilatzea.

Orain arte Athleticen kontra dauden argudioak aipatu ditugu. Baina gauza guztiak ez daude zuri-gorrien kontra. Zorionez, futbolean ez dago ezinezkorik, eta ezustekoak ohikoak dira. Gaur izan daiteke futbola berezi eta ezberdin egiten duten egun horietako bat. Gainera, ez da ahaztu behar Bartzelona ez dela garaiezina. Gutxitan bada ere, noizean behin helburua lortu barik erretiratzen dira jokalariak futbol zelaitik. San Mameskoa izan daiteke norgehiagoka apur horietako bat. Besteak beste, Bartzelonarentzat ez delako Katedralekoa denbora gutxiren barruan jokatu beharko duen partida garrantzitsuena. Ligan etxeko lanak ondo egin ditu orain arte eta hutsegite batek ez lioke aparteko arazorik eragingo. Bestelako kontuak izan daitezke, berriz, datorren astean Txapeldunen Ligan huts egiten badu. Bartzelonak partida ezin garrantzitsuagoa jokatuko du Milango Interren kontra.

Hala ere, zuri-gorriek sekula baino gehiago egin beharko dute korrika sailkapenaren goiko postuetan jarraitzeko. «Bartzelona da aurkaria arlo fisikoan gehien behartzen duen taldea», esan du asteon Javi Martinezek. Athleticeko jokalariek badakite bai Xavi, Iniesta eta enparauen atzetik ibiltzeak dakartzan ondorioak. Azken hilabeteotan sarritan ikusi dute elkar. Eta ia beti gauza bera gertatu da: lehen zatian eutsi egin dute, eta bigarrenean lehertu dira.

Zelai erdi sendoagoa

Lehen minututik azkenera arte berdin aritzeko, zelai erdia indartzea erabaki dezake Caparrosek. Horretarako, litekeena da Javi Martinezek, Gurpegik eta Orbaizek elkarrekin jokatzea zelai erdian. Baina, aurkariari baloia kentzea ez ezik, baloiaren jabe izatea ere xede du Bizkaiko taldeak. Horretarako, Orbaiz eta Yeste baliatuko ditu teknikariak.

Aurrean zeintzuk jokatuko duten ez dago argi. Toquero eta Llorente kili-kolo ibili dira aste honetan, eta gaur eguerdian erabakiko du entrenatzaileak deialdian sartuko dituen ala ez. Muniain, min hartuta, ez da zerrendan egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.