Antolatzaileak eta protagonistak prest daude. Igandean jokatuko da, Irungo Iranzu frontoian, Emakume Master Cup txapelketako pilota goxoko binakako finala (17:00). Eskarmentua eta gaztetasuna izango dira aurrez aurre. Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik ordezkatuko dute esperientzia, eta Nagore eta Leire Galdeano ahizpek gaztetasuna.
Ruiz de Larramendik adierazi du «ilusioz» helduko diotela finalari. «Eskarmentu aldetik, gu gara faborito, eta, ziurrenik, errazago kontrolatuko dugu final batek eragiten duen urduritasuna. Baina haiek erakutsi dute zertarako gai diren, jokatutako partida guztiak irabazi baitituzte. Albiste ona da hain pilotari gazteak egotea, segida badagoela ziurtatzen baitu». Aurkarien «gaztetasuna eta ausardia» azpimarratu du Agirrek ere, baina eurak beren jokoa egiten ahaleginduko direla gaineratu du.
Galduta ere finalera iristea «lorpen handia» dela nabarmendu du Leire Galdeanok, eta ilusio handia dutela igandeko partidari heltzeko. Nagore Galdeanok aurreko koadroetan ikusten du partidaren gakoa. «Agirreri zabalera jokatu behar diogu, eta makurrarazi. Gure aukerak hor egon daitezke».
Antolakuntza pozik agertu da finala jokatzeko aukera dagoelako, eta Irungoa bezalako frontoi batean jokatuko dutelako. 727 ikuslerentzako lekua dago, baina 300 inguru baino ez dira sartu ahal izango. Borja Olazabal Irungo Kirol zinegotziak berretsi du datorren urtean ere Irunen jokatuko dela finala.