Bi buru, txapel bakarraren bila

Itxakok eta Bera Berak Espainiako Kopako final-laurdenetako partidak jokatuko dituzte gaur, Altean

edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Itxakok eta Bera Berak bazter utziko dute ABF liga hainbat egunez, Espainiako Kopa jokatuko baitute, gaurtik aurrera, Altean (Alacant, Herrialde Katalanak). Final-laurdenetako partidetan ariko dira gaur: Itxakok 16:00etan jokatuko du, Mar Sagunten aurka. Bera Bera, berriz, 18:00etan ariko da, Elx Mustangen kontra.

ABF ligako zortzi talderik onenak ariko dira lehian. Itxakorekin eta Bera Berarekin batera, Alcobendasek, Mar Alacantek, Ro'Casak eta Murtziak osatuko dute parte-hartzaileen multzoa.

Guztien artean, Itxako da faborito nagusia. Lizarrako taldea da egungo txapelduna, eta ustez, sariari eusteko aukera gehien duena. Iazko finalean, Elda hartu zuen mendean Itxakok, 29-21. Gaur hasiko den lehiaketan, hain zuzen ere, Eldarena da hutsik nabarmenena.

Aurtengo txapela irabaziz gero, hirugarrena jarraian izanen litzateke Itxakorentzat, 2010eko finala ere nafarrek irabazi baitzuten. 2009an, berriz, Bera Bera nagusitu zen Espainiako Kopan. Aurten ere, Itxakoren aurkari nagusietako bat izanen da Donostiako taldea. Gipuzkoarrak bigarren dira ABF ligan, Itxakoren atzetik. Bi euskal taldeek erregulartasun handia erakutsi dute denboraldi honetan, eta une onean ailegatu dira lehiaketara, txapela lortzeko borrokatzeko asmoz.

Atzotik Altean dira Bera Berako eta Itxakoko jokalariak. Nafarrentzat erronka polita da Espainiako Kopa, Txapeldunen Ligatik at gelditu eta gero, txapela lortzea izan daitekeelako galdutako konfiantza berreskuratzeko modurik egokiena.

Bera Berarentzat ere sari ederra izan daiteke Altean jokatuko den lehiaketa. Ilusioz beteta dira jokalari gipuzkoarrak, eta txapelketa polita egiteko asmoz. Bera Berako entrenatzaile Reyes Karrerek, hain zuzen ere, erronkatzat jo du Kopa: «Bigarren gara ligan, eta aukera polita dugu esku artean txapela irabazteko», erran du. Matxalen Ziarsolo jokalariak bat egin du entrenatzailearekin, eta taldeko kideen irabazteko grina azpimarratu du. «Sasoiko lehiaketarik garrantzitsuenetako bat da Espainiako Kopa, eta gogoz gara ahalik eta ongien aritzeko». Bera Berak orain arte egindako bide ona nabarmendu du Ziarsolok, baina argi utzi du lana egiteke dagoela oraindik. «Kopan edozer gauza gerta daiteke», ohartarazi du jokalariak.

Finala helburu

Gaurko final-laurdenetako partida irabaziz gero, Itxakok Mar Alacanten eta Ro'Casaren arteko norgehiagokako irabazlea izanen du aurkari finalerdietan. Bera Berak, berriz, Murtzia eta Alcobendasen arteko partidako irabazlearen kontra jokatuko du finalerdietako partida, gaur Elx mendean hartzen badu. Bi euskal taldeek, beraz, finalean baino ezin izanen lukete bat egin, elkarren kontra aritzeko.

Finalera ailegatu baino lehen,hala ere, bidean hainbat urrats egin beharko dute Bera Berak eta Itxakok. Faboritoen artean dira bi taldeak, baina horrek ez du erran nahi Espainiako Kopan ariko diren bertze taldeek lana erraztuko dietenik. Alderantziz. Faborito nagusiak ezustean harrapatzen saiatuko dira gaurko bi partidetan Mar Sagunt eta Elx. Partida bakarreko kanporaketetan edozer gauza gertatzen ahal dela erakusten du esperientziak, eta hori kontuan hartu beharko dute Itxakoko eta Bera Berako jokalariek, finalerdietarako sailkatu nahi badute.

Finalerdiak, hain zuzen ere, etzi jokatuko dira: 16:00etan lehendabizikoa, eta 20:00etan bigarrena. Kopako finala, berriz, igandean izanen da, goizeko 11:00etatik aurrera. Partida horretan egon nahi dute bi euskal taldeek. Bi buru, txapela bakarraren bila. Bi taldeak bide onetik ari dira ligan, eta berdin jarraitu nahi dute kopan.

Itxako koska bat gorago dago, baina gipuzkoarrek sasoi honetan erakutsi duten erregulartasunak eta kemenak aurkari garrantzitsu bilakatzen dute Bera Bera. Finalera ailegatuz gero, Itxakok eta Bera Berak lehen mailako lehia erakusten ahal dute. Finalerako bidean, gaur eginen dute euskal taldeek lehen urratsa, final-laurdenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.