«Buruan daukaguna egin behar da finala irabazteko». Ezkutuan beti Javier Urriza. «Finala gaur hasi da. Pilota asko daude aukeratzeko, eta mimo handiz egin behar da hautaketa, egokienak hartzeko. Horregatik kosta zait hainbeste erabakitzea». Patxi Zeberio esperientziaren izenean hizketan. Finalerako pilotak aukeratzea tramite hutsa dela pentsatuko dute gehienek, baina aspaldi hasi zen bihar jokatuko den Kutxa torneoko buruz buruko erremonte finala (17:00, ETBKsat). Zeberio II.ak eta Urrizak jokatuko dute final preziatua; bost final dauzka jokatuta dagoeneko Elduaingo aurrelariak, eta bitan joan da etxera txapela buruan zuela, 2006an eta 2007an. Urrizarentzat, berriz, buruz buruko estreinako finala izango da.
Zeberio II.aren eta Koteto Ezkurraren arteko finalerdian nahikoa zalaparta sortu zen pilotekin, Elduaingoaren ustez biziegiak zirelako. Atzo ere, lasaixeago, baina jolasean hasi zen aurrelaria. «Ezkurraren aurkakoan, lau pilota betikoak ziren, eta bi berriak, gehiegizko altuera hartzen dutenak. Oraingoan ere bazeuden horrelako pilotak, baina...». Presio jokoak egiten ditu lehen bizpahiru tantoak, eta saiatzen ari da gipuzkoarra. Iruindarra lasai zegoen berak aukeratutako pilotekin. «Modu bateko eta besteko pilotak aukeratzen saiatu naiz. Antzekoa da bion jokamoldea, eta nik aukeratutako pilotak indartsuak dira, abiadura hartzen dutenak eta azpitik dezente ibiltzen direnak». Zeberioren hitzak aipatuta, azkar baztertu zuen eztabaida Urrizak. «Egia da pilotaren batek bote altuagoa egiten duela, baina larunbat arratsaldean zer moduz erantzuten duen ikusi beharko da».
Kike Elizaldek eskainitako pilotak hartu, eta, hamabost minutu pasatxoko lanean, 133 gramoko bi pilota eta 130 gramoko beste bat aukeratu zituen Zeberiok; 132 gramoko bat, 131 gramoko beste bat eta 125 gramokoa azkena Urrizak. Arinxeagoak, beraz, nafarrarentzat. Argi samar zeuzkan gauzak aurrelariak, hamar minutu eskasean amaitu zituelako lanak.
Pentsatzekoa da Zeberio II.ak esperientzia handiagoa daukala final kontuetan. Baina elkarren aurka aritu diren bi partidetan Urriza izan da nagusi —iazko txapelketan eta jokatu berri den Mastersean—. «%50ean dago finala». Hortxe Elduaingoaren ondorioa. «Ez dago faborito argirik». Bere buruari buruzko azterketa egiten hasita, ordea, ez zen leku txarrean geratu. «Moralez gainezka nengoen finalerdietan sartuta, eta, partida hura hain ondo jokatuta, are konfiantza handiagoa daukat orain». Azken bi asteotan «sasoi onari eusten» saiatu dela adierazi zuen Elduaingoak. «Entrenamendu gogorrak egin ditut, eta partida bakarra jokatu dut tarte honetan».
Zeberioren finaleko aurkaria ere antzeko egoeran dago. «Erremontean jokatzen hasi nintzenean, pentsatu ere ez nuen egiten buruz buruko final bat jokatzera iritsiko nintzenik». Baina behin iritsita... «Asko kostatzen da final batera iristea, eta gozatzen ari naiz. Nire jokoa egin behar dut orain. Nire partida egiten badut, ezeri ez diot beldurrik». Erronka botata dago, bihar 17:00etan ez, atzo 12:00etan hasi zelako erremonteko buruz buruko finala.
Partida borrokatua eta luzea
Bi pilotarien artean aspaldi desagertu ziren sekretuak. «Beti bezala, asmatu egin beharko da sakearekin». Hausnarketa zentzuduna Zeberiorena. «Sakearekin asmatu ezean, ez dago zereginik buruz burukoan». Urrizak ondo barneratuta dauka ikasgaia. «Zeberiori irabazteko gogor borrokatu behar da. Pilotakada askoko partida izango da, luzea». Iruindarrak segidan plazaratu zuen hausnarketa. «Biotako inork ez dauka sake bortitzik, ez dugu oparirik egiten piloteoan, eta ziur nago partida polita izango dela». Zeberiori nola irabazi behar zaion azalduta, Urrizari irabazteko sekretua ere bota egin behar elduaindarrak. «Dena primeran egin behar da Urriza menderatzeko. Oso pilota gutxi galtzen du, indar handia dauka, eta bete-betean jokatu beharra dago haren aurka».
Bi egun lehenago hasi da finala
Patxi Zeberiok eta Javier Urrizak Kutxa torneoko buruz buruko finala jokatuko dute bihar, Galarretan (17:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu