Espainiako Ligako hamazazpigarren postuan dagoen taldearen entrenatzaileak badaki kritikak entzun beharko dituela taldearen sailkapenagatik. Jose Angel Zigandak ere entzun ditu azken boladan. Baina Ligako laugarren postuan dagoen taldeko entrenatzaileak kritikak entzutea arraroagoa da oraindik. Atletico Madril laugarren den arren, Javier Aguirrek kritika gogorrak entzun ditu, dena dela. Entrenatzaile mexikarraren etorkizuna kolokan jarri dute azken boladan: Espainiako Kopatik kanpo geratu ziren madrildarrak urtarrilean, eta iragan ostegunean UEFA Kopari ere agur esan zion Aguirrek zuzendutako taldeak Bolton Wanderers Ingalaterrako taldearen aurkako kanporaketan kale egin ostean. Zigandak badaki gaur galduta ere lanean jarraitu ahal izango duela; Aguirreren kasuan, hori ez da hain segurua. Osasuna zein Atletico Madril puntu premia ikaragarriarekin zelairatuko dira gaur arratsaldean Nafarroako Erresumako berdegunera.
Etxetik kanpo partida gehien galdu duen taldea da Osasuna (12 norgehiagoketatik bederatzi galdu dituzte), eta etxeko norgehiagoketan kale ez egitera behartzen du datu horrek Zigandaren taldea. Euren burua jaitsiera postuetan ikusi nahi ez badute, irabaztera behartuta daude nafarrak gaur. Levante, Ligako azken sailkatuaren zelaian 0-1 aurreratu ostean partida galtzeak kalte ikaragarria egin du jokalarien adorean, eta beste hankasartze batek ondorio kezkagarriak ekar ditzake. Hori saihestu nahi dute nafarrek Atletico Madril mendean hartuta. Etxean jokatutako azken bi partidak irabazi egin dituzte gorritxoek, Athleticen aurka (2-0) eta Zaragozaren aurka (1-0). Baina hirugarren partidan ere irabaztera derrigortuta daude, eta presioa gainditzen asmatu beharko dute horretarako.
«Kanpoan asko kostatzen zaigu partidak irabaztea, eta etxean hobeto ari gara azken boladan, behintzat; lana gogotik egin behar izaten dugun arren, emaitza onak lortu baititugu. Egoera zein den badakigu, ez dugu ezertxo ere soberan eta zulotik gertuegi gaude. Ez da egoerarik erosoena, baina lanean gogor jarraitzea da irtenbide bakarra», esan zuen atzo Zigandak Taxoaren emandako prentsaurrekoan. Eta Aguirre berak baino estuago har dezaketela gogoratu ziotelarik, argi hitz egin zuen Osasunako entrenatzaileak: «Ez dakit nik baino kritika gehiago entzun dituen, baina Aguirrek nik baino presio handiagoa ez du, ziur».
Atletico Madrilek ere ez du presio faltarik izango, dena dela. Lesio izurritea jasan du Aguirreren taldeak azken boladan, eta gaurko partidarako Simao, Varela eta Ze Castro berreskuratuko dituen arren, jokalari garrantzitsuak erabili ezinda jarraitzen du mexikarrak: Motta, Seitaridis eta Leo Franco min hartuta daude, eta Raul Garcia, Pablo eta Aguero zigortuta. 75 milioi euro xahutu zituen Atletico Madrilek udan -Forlan, Simao, Reyes, Abbiati, Santana, Luis Garcia eta Raul Garcia fitxatu zituzten, besteak beste- taldea indartzeko, eta hutsegiteko tarterik ez zion uzten inbertsio horrek Osasunako entrenatzaile ohiari. Liga hasiera goraberatsu baten ostean, urte amaierarako bazirudien bidea aurkitu zuela mexikarrak. Hiru lehiaketetan bizirik zen Atletico Madril, eta Real Madril eta Bartzelona oilarrei gauzak estu jartzeko moduan izango zirela ere bazirudien une batez.
AGUIRRE, KOLOKAN. Baina 2008arekin batera, emaitza txarrak, lesioak eta zigorrak agertu dira. Azken bost partidetan lau puntu besterik ez ditu batu Atletico Madrilek, eta iragan asteburuan Athleticek kolpe gogorra eman zien Vicente Calderonen irabazita (1-2). Kopan Valentziaren aurka amore emateaz gain, Boltonek UEFA Kopatik kanpo utzi dituela ikusita, laino ilunak ageri dira Aguirreren buru gainean. Udan Riquelme fitxatzerik ez zuela nahi izan, eta neguan Maniche merkealdian saldu ostean Milango Interri, taldea ez indartzea ere entrenatzaile mexikarrari leporatzen diote Espainiako hiriburuko hedabideek eta Atletico Madrileko zaleek. Euskarri bikoitzean Cleber eta Jurado bikotearekin ari da Aguirre, eta taldeak ezin du jokorik sortu. Arazo gehiegi, titulurik irabazi gabe dozenaka urte daramatzan handi usteko talde batentzat.
Gaur Iruñean galduz gero, egoera ezin larriagoan egongo da Aguirre. Athleticen aurka galdu ostean era horretan jokatuta, seigarren postuan amaitzea ere ezinezkoa zela esan zuen Atletico Madrileko presidenteak, haserre. Eta presidentearen kritikei hedabideenak erantsiz gero, argi dago Aguirreren etorkizuna inoiz baino ilunago dagoela. Datorren denboraldirako klubak Vila-realeko entrenatzaile Manuel Pellegrini fitxatu nahi duela zabaldu da jadanik.
«Egoera zein denbadakigu, ez dugu ezertxo ere soberan eta zulotik gertuegi gaude»
«Ez dakit nik baino kritika gehiago entzun dituen, baina Aguirrek nik baino presio hadiagoa ez du, ziur»
jose angel ziganda
osasunako entrenatzailea
Bi entrenatzaileak, estu eta larri
Osasuna eta Atletico Madril, puntu premian diren bi talde izango dira gaur aurrez aurre Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu