Gaur Santiago Bernabeun ariko diren bi taldeak krisi garaian daude. Real Madril bigarren postuan da sailkapenean, baina ostirala arte Ramon Calderon presidenteak zuzendutako taldeak zelaian gauzak hainbestean egin baditu ere, bulegoetan aste mugitua izan dute Madrilen. Presidenteak dimisioa eman behar izan du, besteak beste bazkide konpromisarioen azken batzarrean iruzurra egin zuela agertu denean. Osasunarentzat, zoritxarrez, zelaian ez du krisi handiegirik erakutsi Juande Ramosen taldeak. Bartzelona liderra oso urruti dute Ligan, eta Espainiako Kopatik at utzi zituen Irungo Real Unionek. Baina, batik bat, Juande Ramosek Schuster ordezkatu zuenetik, taldea sendo ari da, eta zuriek ez dute oraindik Liga galdutzat ematen -Bartzelonak 12 puntuko aldea ateratzen die orain-.
Zelaian krisian Osasuna dago: Ligako azken sailkatua da Jose Antonio Camachoren taldea, eta, aste honetan, Espainiako Kopatik at geratu dira, San Mamesen Athleticen aurka itxura kezkagarria emanda. Krisiak baldintzatutako lehia izango da gaur arratsaldekoa, zalantzarik gabe.
Ikusteko dago Real Madrilen krisi instituzionalak zelaian eraginik izango ote duen, baina gaurko lehiara Osasuna egoera kezkagarriagoan iritsiko dela ukatzerik ez dago. Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzea opari gisa ikusten zuen Osasunak, eta lehentasuna Ligako egoera kezkagarria zuzentzea dela argi zuten jokalariek. Hori hala izanik, Athleticen aurka Kopatik at geratzeak ez luke aparteko tristurarik eragin beharko. Baina eragin du. Kopatik at geratzeak baino gehiago, San Mamesen erakutsitako jokoak eragin du tristura eta mina. Ia denboraldi osoan bezala, Osasuna nahi eta ezin aritu zen San Mamesen. Athleticek baloia gorritxoei oparitzeko arazorik ez zuen izan partidaren zati handi batean, baina baloia izanagatik, Osasunak bi egun futbolean jokatzen jarraituta ere golik ez zuela egingo zirudien.
Sasoiko unerik txarrenetan bezala, Osasuna pattal eta sakontasunik gabe aritu zen San Mamesen, eta zaleak kezkatuta geratu dira derbiaren ostean. Jada inork ez du gogoratzen Getaferen aurkako 5-2koa, ezta Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen ateratako puntu ederra ere. Eta, une honetan, ez du itxaropenari eusteko balio Ligako azken jardunaldian Bartzelonaren aurka galdu zuenekoan erakutsitako joko onak ere.
Laino ilunak ageri dira berriz Osasunaren inguruan. Eta balizko euri jasatik babesteko aterpe bila doaz gaur Madrilera. Real Madrilen zelaian puntuak batzeak busti gabe jarraitzea ahalbidetuko lieke gorritxoei. Hori da asmoa. Baina Osasunako zale baikorrenak ere ez du itxaropen handiegirik. Ramon Calderonen dimisioak eta egoera instituzional aldrebesak Juande Ramosen jokalariengan eragin txarrik izaten ez badu, behintzat, ez da imajinatzen erraza. Asko aldatu beharko du Osasunak San Mamesen jokatutako partidatik.
Zortzi aldaketa hamaikakoan
Jokalariei dagokienez, asko aldatuko da taldea, seguru. Zortzi aldaketa egin ditzake Camachok hasierako hamaikakoan, Kopan zelairatutakoarekin alderatuz gero. Jokoa aldatuko den ikusteko dago, ordea. Ostegunean Athleticen aurka hasieratik aritu ziren hamaika jokalarietatik hiru bakarrik ariko dira gaur: Josetxo erdiko atzelaria (Sergioren lesioa baliatuz), Nekunam euskarria, eta Masud punta-erdia. Ligan azken boladan txukun antzean ari diren jokalariak itzuliko dira, ondorioz: Kopako partidarako deialditik at geratu ziren Juanfran, Plasil, Puñal, Azpilikueta eta Monreal, adibidez. Titulartasuna sendotzeko aukera ederra dute gaur, ez-ohiko jokalariek ez baitzuten aukera baliatu.
Gorritxoak ez dira zelairik aproposenean ariko, dena dela. Giro nahasia baretzeko derrigorrez irabazi behar du Real Madrilek. Eta ezin da ahaztu Osasuna etxetik kanpo ez dela partida bakar bat irabazteko gai izan. Ono Estadin, Los Pajaritosen eta Sanchez Pizjuanen bakarrik lortu du Osasunak saria; puntu bakarreko saria. Lehenbiziko bietan, Ziganda zen entrenatzailea; Camachorekin bost galdu eta bat berdindu ditu etxetik at. Argi dago gaur inor gutxik egingo duela apustu Osasunaren alde.
Bi eratako krisiak
Real Madrileko presidenteak dimititu egin behar izan du aste honetan, eta taldea krisian dago bigarren postuan egon arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu