Bi garaile behar ziren

Baskoniak eta Bilbo Basketek derbi bateko osagai asko izan dituen partida jokatu dute: tentsioa, jokaldi onak, txarrak eta polemikaHuertasek erabaki du, azken minutuan bi barneraketa eginda; Bartzelona, finalerdian

Andoni Urbistondo.
Madril
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Batek irabazi zuen, baina biek merezi zuten. Baskoniak eta Bilbo Basketek Kopa bateko, derbi bateko partida batek eduki behar dituen osagai guztiak eskaini zituzten, eta norgehiagoka bizirik mantendu zen azken segundora arte. Tentsioa, intentsitatea, jokaldi ederrak, akatsak, polemika, izerdia, malkoak, eta haserrea. Dena. Jokoak, ordea, talde bakar baten sailkapena erabakitzen du, eta hori Baskonia izan zen. Zergati zehatz bat ematea zaila da, eta Huertasek bi barneraketa bikain egin eta bere taldeari garaipena eman ziola esatea onena.

Huertas izan zen, hain zuzen ere, Baskoniako eta partidako jokalari onena, eta nagusi izan zen Bilbo Basketeko Aaron Jacksonekin eduki zuen deman. Erabakigarria izan zen brasildarrak aginte-makila hartzea, bai Huertas eta bai Jackson funtsezkoak direlako euren taldeetan. Huertasek ia dena egin zuen ondo. 18 puntu saskiratu zituen, 10 asistentzia eman eta zazpi falta behartu. Bost baloi eman zituen, baina Jackson ernegarazi zuen hasiera-hasieratik orain arte gutxitan ikusitako defentsa zorrotzarekin. Estatubatuarrak laugarren laurdenean lortu zuen bere lehen saskiratzea, eta partida osoan nahi eta ezin aritu zen.

Abiapuntu horrekin, asko du irabazita Baskoniak. Huertasen 10 asistentziak 20 puntu dira, gutxienez, eta horietako asko saskiraketa errazak, saskipean Baracek edo Batistak gauzatutakoak. Bata zein bestea, oso txukun aritu ziren, eta bereziki nabarmentzekoa da Baracen lan ona, taldea erasoan trabatu samar zebilenean. Baracek 18 puntu saskiratu zituen, eta sei errebote hartu. Kroaziarrak zenbaki onen bitartez lortuko du konfiantza, lortzekotan, eta atzoko zenbaki horiek kemena emango diote gaurko partidari begira. Batistak ere lehen zati bikaina egin zuen, zortzi puntu eta zazpi errebote, baina bigarren zatian apenas jokatu zuen, Barac ondo ari zelako.

Hirukote horri San Emeterioren betiko balorazio ona (24 puntu), eta Teletovicek bigarren laurdenean sartutako hiru hirukoak gehitu, eta Baskoniaren garaipena ulertuko dugu. Taldeak nahiko lan ona egin zuen defentsan, Ivanovicek berak txalotutakoa. 36 puntutan utzi zuen Bilbo Basket lehen zatian, eta 51 puntutan hirugarren laurdenean, baina sasoi honetan ohikoa den bezala, partidatik joan zen 25. eta 35. minutuan, eta hilda zegoen aurkariari arnasa eman zion.

55-40 zen aurretik 25. minutuan Baskonia, baina 10 minutu geroago berdinduta zeukan norgehiagoka Bilbo Basketek. Jokalari bakar baten erakustaldiari esker, gainera: Kostas Vasileiadis. Greziarrak zazpi hiruko saskiratu zituen partidan, horietatik bost bigarren zatian, 31 puntu pilatzeraino. Hegalekoaren hiruko batzuk benetan ikusgarriak izan ziren, jarrera behartuan eginikoak, eta Ivanovicek berak onartu zuen, jokalari bat Vasileiadis bezain bero dagoenean, munduko jokalari onenak ere ezin duela ezer egin.

Bilbo Basketen gabeziaren bat bilatzen hasi, eta agian Vasileiadis oso bakarrik aritu zela esan daiteke. Jacksonek bakarrik lagundu zion bigarren zatian, eta gutxi. Beste taldekide guztiak kamuts samar aritu ziren, Warren eta Mumbruren saskiratze solte batzuk izan ezik. Hervellek lehen zatian sartu zituen 10 puntuak, eta Katsikarisen taldearen alternatiba bakarra Vasileiadis bilatzea izan zen. Gutxi, Baskonia aberatsagoari aurre egiteko. Huertas ez zenean Barac agertzen zelako, edo Barac ez zenean San Emeterio.

Bizkaitarren fedea

15 minuturen faltan 15 puntu behera doan taldeak amore ematea da normalena, baina Bilbo Basketek egoskor jokatu zuen, eta sinestea zaila bada ere, Baskonia harrapatu zuen. Vasileiadisi esker, eta defentsa bikainari esker. Baskoniari saskirako bide oro itxi zioten bilbotarrek, eta partida bukatzeko hiru minutu falta zirela 65-66 aurreratu zen. 68-69 eta 70-71 ere bai, azken minutuan. Loreak merezi ditu Bilbo Basketek, baina egurra, eta handia, Baskoniak, hamaikagarrenez hain alde erosoa zakarretara botatzeagatik.

Azken hiru minutuak ikaragarriak izan ziren, bihotzekoa jasateko modukoak. Vasileiadisen bosgarren eta seigarren hirukoei Baracentzako asistentzia birekin erantzun zien Huertasek. Bizkaitarrek lau puntuko aldea lortzeko aukera izan zuten, eta lortu, lortu zuten, Vasileiadisen zazpigarren hirukoarekin. Epaileak, ordea, alboko marra zapaldu zuela adierazi zuen, eta errepikapenean ikus daitekeenez, lege haustea ondo adierazita dago. Huertasen barneraketa etorri zen ondoren, eta Vasileadisek bakar-bakarrik kale egindako hiruko erabakigarria.

Azken kolpea Huertasek eman zuen, beste barneraketa on batekin, baina Baskoniak azken segundora arte sufritu behar izan zuen. 75-71 aurretik zela, Vasileaidisek beste torpedo bat saskiratu zuelako. 75-74 eta segundo eskas bat partida bukatzeko. Ribasek jaurtiketa libre bat saskiratu zuen, eta apropos egin kale bestea. Banicek, orpoko minak jota ezinean, 19 metrotik jaurti zuen baloia, eta ia-ia barrura sartu zen. Gehitxo izango zen, Vasileiadisek 12 metrotik beste bat saskiratu baitzuen. Beste final-laurdenean Bartzelonak 86-66 irabazi zion Joventuti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.