Nola dago Irujo?
Ondo; eskuak ondo ditu, bere burua ondo sumatzen du... Etxeko lanak ondo egin ditu.
Iragan asteleheneko entrenamenduan ez zen gustura gelditu, eta txapelketa honetan sasoi hobean egon dela esan zuen.
Tira... Ondo dago; beti pasatzen da finala gerturatu ahala zalantzak sartzen direla, baina aurreko partiden antzera dago. Eta astelehenekoa gogo handia duelako da; irrikak ez dizu uzten nahi bezala entrenatzen. Baina tira, entrenamendua ikusi nuen, eta ona izan zen. Finalaren aurretik tentsioa normala da, eta horrek sortzen ditu sentipen horiek.
Luze egin al zaio itxaronaldia?
Bi aste? Ez. Lana eginda zegoen, eta orain eustea zen kontua. Bi entrenamendu on egin ditu, eta sasoiari eutsi dio.
Olaizola II. nola ikusi duzu?
Oso ondo. Retegiren aurkako bigarren zatian oso ondo ikusi nuen, pilota erraz mugituz. Eta Bengoetxearen aurka bikain ikusi nuen; aspaldi ez nuen eskuin kolpez hain fresko ikusten. Gainera, nire iritziz, bera da Bilboko pilotalekuari neurria hobekien hartu dion pilotaria.
Dagoeneko ez dago sekreturik bienartean, ala bai?
Ez, egia da. Agintzea eta bere jokoa inposatzea lortzen duenak irabaziko du.Bi pilotari handiren arteko partida batean bere eguna duenak hausten du, bere ahal guztia garatzen asmatzen duenak. Eta gero, sakea hobekien baliatzen duenak.
Aurreko finalak ikusi dituzue?
ETBk haien arteko azken finaladuela gutxi eman zuen, eta ikusi genuen. Baina hau desberdina da. Iaz ere elkarren aurka jokatu zuten, eta ziur ez zaiela ahaztu.
Eugi-Beloki berriak al dira Irujo-Olaizola II.ak?
Egoera ezberdinak dira; gaur egungoa beste garai bat da. Gainera, bi hauek luze egongo direla uste dut.
Oraindik ere luzaroan hor egongo direla uste duzu?
Hala uste dut, batez ere biek duten mailarengatik. Besteekiko aldea dagoela uste dut; gorago daude. Atzetik datozenen artean ere ez dirudi hauek hortik kentzeko moduko jenderik dagoenik. Urteak pasa ahala, lehen haien mailan zeudenak behera egin dute, eta gazte-gazteen artean ere ez dut inor ikusten hiruzpalau urtetan hauei irabazteko moduan.
Beti berdinaren aurka jokatzeak bereziki motibatzen al du pilotaria?
Txapela lortzeak motibatzen ditu pilotariak. Baina tira, kasu honetan, biek besteari irabazteko gogoz daude.
Patxi Eugi. Juan Martinez de Irujoren botileroa
«Bi hauek oraindik ere luzaroan egongo dira goian»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu