Bi hilabeteko hutsartea

Ia bi hilabeteko etenaldia izango du Espainiako Ohorezko Mailako ligak, Danimarkan jokatuko den Munduko Txapelketa dela eta. Denetarik egon da euskal taldeen artean erdi lanetan.

Julen Etxeberria.
2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Urteroko kontua da. Etenda dago emakumezkoen lehiaketa ia bi hilabetez. Aurten, abenduaren 5ean Danimarkan hasiko den Munduko Txapelketak banatuko du erditik liga: hamar jardunaldi orain arte, eta beste hamasei gero. Eta lehen hamar jardunaldiak jokatuta, bada garai aproposa euskal taldeek orain arte egindakoa aztertzeko. Denetarik egon da.

BERA BERA

Gorabehera askorekin

Bera Berak gaizki ohituak ditu zaleak. Ez da gutxiagorako, 2012tik hona bederatzi titulu irabazi baititu. Sasoi hasiera honetan, ordea, ez dabil fin. Ligan, bi partida galdu ditu jada. Astebetean galdu zituen biak, eta biak txapela irabazteko aurkari zuzenen aurka: Ro'Casa (26-27) eta Atletico Guardes (25-20). Kontuan hartzeko datua da hori, aurreko sasoi osoan, 26 partida, neurketa bakarra galdu baitzuen Donostiako taldeak. Denboraldi honetako bi porrot horiek, noski, izan dute ondoriorik sailkapenean: bigarren da Bera Bera, Ro'Casak baino lau puntu gutxiagorekin. Denboraldi hasiera honetan badirudi aldaketa etorri dela: Ro'Casa da lehengo Bera Bera, eta Bera Bera lehengo Ro'Casa.

Ligan pattal, eta Europan beste horrenbeste. Donostiarrek ezin izan dituzte arindu ligako zauriak EHF kopan. Izan ere, lehen kanporaketan esan dute agur, Iuventa Michalovceren aurka. Merezita geratu dira bidean, ez baitira gai izan Eslovakiako taldeari neurketa bakar bat ere irabazteko. Donostiarrek bazuten itxaropena lehiaketa honetan lan polita egiteko, baina gozatzeko aukerarik ere ez dute izan. Konturatu orduko, kalean geratu dira.

Baina sasoia luzea da, eta egoera goitik behera alda daiteke. Bera Berak ezer badu, borrokatzeko grina du, eta inork ez du zalantzan jartzen azkeneraino borrokatuko dela. Horren harira, mesede egingo dio etenaldiak, hausnartzeko, eta hutsetatik ikasteko. Bestalde, mesede egingo dio ere Bea Fernandezen etorrerak. Fitxaketa bikaina da lehen lerroko espainiarrarena,eskarmentua eta kalitatea emango baitio taldeari. Matxalen Ziarsolo ahalik eta azkarren osatzea litzateke beste albiste on bat.

PROSETECNISA ZUAZO

Aurrerapauso luzea

Behin mailan sendotuta, aurrerapausoa eman nahi zuen Prosetecnisa Zuazok denboraldi honetan. Eta eman du, eta luzea izan da, laugarrena baita sailkapenean, hirugarrenarekin berdinduta eta bigarrenarengandik puntu bakarrera. Bada aldea, aurreko hiru denboraldietan zortzigarren postuan bukatu baitzuen liga. Hamar partidetatik zazpi irabazi ditu; bat berdindu: Atletico Guardes hirugarrenarekin (23na); eta bi galdu:Ro'Casa liderrarekin (26-34) eta Aiala Zarautzekin (26-22). Hain zuzen, zarauztarren aurka galdu izana izan da orban bakarra.

Taldeko jokoa izan da Alberto Muñozek zuzendutakoen makulua. Halere, egon dira nabarmendu direnak, eta bat guztien gainetik: Laura Steinbach. Lehen lerroko alemaniarra ezin hobeto egokitu da herrialde, liga eta talde berrira. 6,6 gol sartu ditu partidako, inork baino gehiago Zuazon. Ligan, berriz, bost jokalarik bakarrik sartu dituzte gol gehiago. Baina golak sartu bakarrik ez, taldekideak ere hobetu egiten dituSteinbachek. Bikain ari dira haren ondoan Oihane Gil (4,8 gol), Ainhoa Hernandez (4,2) eta Jessica Nogales (3,9), besteak beste. Orain artekoari eustea izango da orain erronka. Etenaldiaren osteko lehen partidak zehaztuko du hein handi batean hori, Bera Beraren pistan jokatuko baitu.

AIALA ZARAUTZ

Lehiatzen, eta ez da gutxi

Jaisteko postuetan dago Aiala Zarautz. Horrek, hala ere, inor gutxi hartu beharko luke ezustean. Jakina zen lehia horretan ariko zela.Bi puntu besterik ez du, Zuazori irabazita lortutakoak. Puntu bat beherago du Oviedo. Gora begira, berriz, bi puntura du Elx, laura Leon, bostera Malaga eta seira Valentzia. Talde horiek dira zarauztarren aurkari nagusiak mailari eusteko. Leonen aurka ez, beste hirurekin jokatu du jada, eta galdu egin du beti: 23-21 Elxen aurka, 24-28 Malagaren aurka eta 24-31 Valentziaren aurka. Kezkatzekoa da hori. Hala ere, asko falta da, eta baikor izan beharra dago, taldea lehiakorra baita. Bizirik dago, gainera. Azken minutuetan, eta eskarmentu faltagatik galdu ditu lehia asko. Defentsan hobetu beharra dauka derrigorrean, inork baino gol gehiago sartzen baitizkiote partidako —30 pasatxo—, eta hori zama handia da.

Baina badaude ere berri onak. Adibidez, maila nagusian eskarmenturik gabeko hainbat jokalari egiten ari diren lan bikaina: Haizea Goikoetxea (4,9 gol lehiako), Andrea Zaldua (3,7), Nora Kortaberria (2,6), Nerea Arregi (2,5)... Harrobikoak dira denak, taldeko ia guztiak bezala. Eta sekulako meritua du horrek. Etorkizunerako balioko die guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.