Berrogei egun luze geratzen dira oraindik saskibaloi denboraldia hasteko, baina bi euskal talde lanean hasi dira dagoeneko. Irailaren 30ean izango dute lehen hitzordua Caja Laboral Baskoniak eta Bizkaia Bilbo Basketek, eta, agian horregatik, Lagun Aro baino lehenxeago hasi dira lanean. Gipuzkoarrak bihar hasiko dira sasoi berria prestatzen. Bai Bilbon, bai Gasteizen, hutsune garrantzitsuekin ekin diote. Bizkaitarrei dagokienez, Axel Hervelle eta Kostas Vasileiadis euren selekzioekin daude, Lituaniako Europako Txapelketa prestatzen. Gasteizen, berriz, ia gehiago dira ez daudenak daudenak baino. Maciej Lampe eta Thomas Heurtel iritsi berriak, Pau Ribas eta Brad Oleson, Dejan Musli utzita zein taldetan jakin zain, eta harrobiko Araberrin aritu den Andre Almeida. David Logan ere hitzordura azaltzeko deitu zuten, baina estatubatuarrak hanka eta erdi taldetik kanpo dauka, eta bi aldeak kontratua eteteko akordioa negoziatzen ari dira.
Bilbo Basketek soinean eramango dituen jantzien aurkezpena egin zuen Eusko Trenbideak-eko geltokian. Berrikuntza bigarren jantzian dago, zuria izanen baita, goitik beherako marra beltzekin. Aaron Jackson, Marko Banic eta bi jokalari berriak, Roger Grimau eta Raul Lopez joan ziren aurkezpenera. Aste Nagusian murgilduta dago Bilbo, eta saskibaloi taldeko jokalarien agerpenak ikuskizun handia eragin zuen jendartean. Euroligarako sailkatu izanak ilusio handia eragin du zaleen artean.
Donostian bihar hasiko dira lanean, baina atzo egin zituzten azterketa medikuak. Andy Panko, Jimmy Baron eta David Doblas agertu ziren kazetarien aurrean, eta kapitainak hartu zuen hitza mikrofonoen aurrean: «Oso kontent nago zuzendaritzak egindako taldearekin. Kontent baino gehiago, harrituta ere esango nuke, maila handiko taldea osatu dela uste baitut». Lagun Arok gaur aurkeztuko du Manolis Papamakarios, etzi Raulzinho Neto eta ostiralean Jaroslav Korolev.
Bi jada hasi dira lanean
Caja Laboral Baskoniak eta Bizkaia Bilbo Basketek denboraldi-aurreari ekin diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu