Bi koadro barruan jokatuta, eroso

Oinatz Bengoetxeak aurreko koadroetan ito du Abel Barriola, eta aise irabazi du Nitro torneoko finala (12-22)

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko partida bi koadro barruan jokatzeko erronka bota zion atzo Oinatz Bengoetxeak Abel Barriolari. Atzelariak ez zuen nahi; luze jokatuta eutsi nahi zion gaztearen suari eta jokaldiak amaitzeko abileziari. Baina dejada batean, zabalean jokaldi ederra bestean... Bengoetxea VI.ak erotu egin zuen Barriola aurreko koadroetan, eta aise irabazi zuen Nitro torneoko finala (12-22). Ezuste handirik ezean, Lau t'erdiko Txapelketan elkarren aurka jokatu beharko dute bi leitzarrek hiru aste barru, eta atzokoa entrenamendu polita izan zen bientzat.

Politetik Bengoetxea VI.arentzat bakarrik eduki zuen arren. Hasterako 0-3 aurreratu zen gaztea. Zabalean amaitu zituen lehen bi tantoak, sakez hirugarrena, txokoan 1-4koa... Hasterako argi geratu zen bakoitzaren taktika. Barriola saiatu zen piloteoa luzatzen, baina Bengoetxea VI.aren erritmo biziak ito egin zuen atzelaria, eta behartu gabeko huts dezente egin zituen.

4-8, 7-11, 11-15... Txokoan ez bazen zabalean tantoak amaitzen saiatu zen aurrelaria, eta asmatu egin zuen. 11-15ekoan lehertu zen Barriola, eta etsi egin zuen (12-22).

Egiguren II.a-Lopez, finalera

Egiguren II.ak eta Lopezek 35-21 irabazi zieten atzo Erkiaga eta Alliezi, eta asteartean Munduko Pilota Batzarraren binakako zesta-punta txapelketako finala jokatuko dute, Beaskoetxea-Irastorza edo Bereikua-Felixen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.