Munduko Kopa 2014

Bi kolpe zehatz

Hasieran eta bukaeran sartutako golekin lortu dute garaipena AEBek Ghanaren aurka (1-2).

Aron Johannsson, garaipena ospatzen. VASSIL DONEV / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 17a
02:26
Entzun

Zenbat bider ez ote dugu entzun hau: futbolean, golek balio dute; gol gehien sartzen duena garaile. Emaitzan golak kontatzen dira, eta azkeneko emaitza zehazten dute. Egon daitezke zientoka ñabardura bidean, mila egoera, eta egoten dira, baina azkenean, golak kontatzen dira. Egia da baita ere ñabardurak eta egoerak lotuta egoten direla gehienetan golarekin eta garailearekin, baina noizean behin, zelaian ikusitakoa eta emaitza ez dira bat etortzen. Horrelaxe izan da Ghana-AEB partida honetan.


Izan ere, emaitzaren arabera, AEBk izan da garaile. Bi gol sartu dituelako. Ghanak bakarrik egin du. Ñabardurak eta egoera horiek Ghanaren aldetik etorri dira ia denak, eta gauzak ondo egon ditu Afrikako selekzioak, beste emaitzaren bat lortzeko ziurrenik, baina bi kolpe zehatz jo dizkio Klinsmannen taldeak, eta k.o. utzi du Ghana.


Kolpe zehatzak: 20. segunduan eta 86. minutuan. Alboko sake batean hasitako jokaldian, aurrenekoa sartu du Dempseyk. Eskas defentsan Ghanakoak. Bigarrena bukaeran jaso du, Brooksek buruz korner bat baliatu duenean; bikain atera du jaurtitzaileak, eta gauzak erraztu Brooksi, baina Ghanako atzelariak erraztasunak ere eman dizkio. Bi kolpe, bi gol. Hiru puntu.


Bigarren kolpea zehatza bezain latza izan da, 82. minutuan, lau minutu lehenago, Ghanak berdinketa lortu duelako. Ñabardurak eta egoerak ondo gauzatu izanaren saria izan da. Andre Ayewk ederki bukatu du Gyanek bizkarrez, dotore, utzi dion aukera. Merezitako saria zen Afrikakoentzat, partida osoan ikusitakoaren emaitza (justua ziurrenik), baina gutxi iraun dio pozak.


Bi eredu ezberdin azaldu dira zelaian. AEBena lehen golak baldintzatu duela ematen du. Atzean sartu da Klinsmannen taldea, eta baloiaren jabetza eman dio Ghanari (esana zuen alemaniar entrenatzaileak hori ez gertatzea nahi zuela). Ghanak baloia lagun izan du, bien bitartean. Eta ondo erabili du, zelaian leku asko ondo betez, eta baloia ondo mugituz, azkar ere bai behar izan duenean. Une batzuetan pazientzia gehiago falta izan zaio; esaterako, lehen zatian. Ia eraso guztiak eskuin hegelatik joan dira, eta han, Atsuk bakarrik hartu du baloia sarritan. Bere aukera erdiratzea izan da ia beti, beste aukera batzuen kaltetan.


Bat baloiarekin erasoan, berdindu nahian, eta bestea atzean, aldeari eutsiz, ondorioa nabarmena izaten da ia beti: aukerak sortzen ditu baloiaren jabe denak. Asmatzea izaten da gakoa, ordea, eta Ghanak ez du asmatu. AEBek, bai, horiek asmatu egin dute. Hor egon da alde nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.