Bi lagun zaharren topaketa

Apirilean Anoetan elkar ikusi baino lehen, Miarritze eta Tolosaren arteko gaurko partida beroketa izanen da

Dimitri Yachvili, Perpinyaren aurkako partidan. Miarritzeko uztartze erdiak gaur ez du jokatuko. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Miarritze eta Tolosaren arteko harremana istorio luzea da. XXI. mendeko lehen urteetan idatzi ziren bi taldeen arteko urrezko liburuaren lehen orriak. Luzaz, Okzitaniako taldea jaun eta jabe izan zen Top14an. Pixkanaka, Parisko Staderekin batera, Miarritze nagusitasun hori izateko lehiatzen hasi zen. Bi taldeen arteko lehiari hainbat finalek eman dizkiote gatza eta piperra. Azkenekoa iazko maiatzekoa izan zen, Heineken koparen karietara, eta Tolosak irabazi zuen (21-19).

Bi taldeek elkar oso ongi ezagutzen dute, baina gaurko partida baldintzatuta egonen da. «Ez guk, ezta haiek ere, ez ditugu jokalari guztiak esku artean izanen», azpimarratu du astehonetan Guy Noves Tolosako entrenatzaileak. Jack Isaac miarriztarrak antzeko kexa plazaratu du. «Bakoitzak ahal bezala osatuko dugu hamabostekoa».

Aste honetan Sei Nazioen Torneoko partidarik ez badago ere, taldeek ezingo dituzte erabili selekzioekin dauden jokalariak, hurrengo asteko partidak prestatzen ari baitira egunotan. Miarritzek, esaterako, Hariñordoki, Thion, Yachvili, Traille eta Marconnet faltako ditu. Tolosaren aldetik, berriz, Jauzion, Dusautoir, Servat, Clerc, Medard eta Poitrenaud ez dira izanen zelaian.

Horiek horrela, zaila da gaurko partida hurrengo apirilean bi taldeek Anoetan Heineken kopa kari jokatuko duten final-laurdenetako partidarekin alderatzea. «Ez du deus ikustekorik izanen», adierazi du Isaacek. «Partida honetatik inolako ebaluaziorik ezingo dugu egin final-laurdenetakoari begira», aurreratu du Guy Novesek.

Bi entrenatzaileek arrazoi dute, haien lehen kezka hutsuneak nola bete izan baita. Arazoa gainditzeko, aitortu behar da Tolosak gauzak errazago izan dituela, Isaacentzat zorigaitzean. «Ikusten dudalarik oraindik Sowerby, Picamoles, Heymans, Albacete, Lecouls eta Bouillhou zelairatu ditzaketela...». Tolosak baino ordezko gutiago ditu Miarritzek, eta hori nabarituko du gaurko hasierako hamabostekoan. Torneoan ari direnez gain, Magnus Lund edo Taele ere ez dira jokatzeko moduan; lehenak min hartu du, eta bigarrena Ozeaniara joana da, ezkontzeko.

Hutsune horien ondorioz, hamabosteko bitxia zelairatuko du Miarritzek. Bigarren lerroan, lehen aldiz, Roidot hasieratik ariko da, eta Guyot izanen da hirugarren lerroan, Faureren alboan. Gibelean, aspaldiko partez, Yann Lesgourgues gaztea lehen taldearekin ariko da. Charles Gimenez Tolosako harrobitik etorri den jokalariak ere jokatzeko aukera izanen du.

Berezitasunak aipatzen bukatzeko, lehen aldikoz Eduard Coetzee harroin hegoafrikarra Miarritzeko kapitaina izanen da, eta talde berezi hori gidatu beharko du.

TOLOSA-MIARRITZE

Tolosa. Human, Lacombe, Poux; Millo-Chlusky, Albacete; Bouillhou (kap.), Sowerby, Picamoles; Kelleher, Skrela; Heymans, Fritz, Caucaunibuca, Lakafia; Doussain.

Miarritze. Coetzee (kap.), Terrain, Johnstone; Roidot, E. Lund; Guyot, Faure, Lakafia; Lesgourgues, Peyrelongue; Balshaw, Gimenez, Bosch, Ngwenya; Haylett-Petty.

Epailea. Jerome Garces.

Lekua. Tolosako Ernest-Wallon (17.000 ikusle).

Orena. 16:30 (Fr. Canal +).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.