Bi maila, helburu berbera

Athleticek ezustekoa eman nahi du gaur iluntzean Mestallan, liderraren zelaian. Ustaritzek min hartu du asteko azken lan saioan, eta Ociok beteko du Amorebietak atzealdean utzitako lekua

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Athleticek lan gaitza dauka gaur Mestallan. Zuri-gorriek txapelketako talde onena izango dute aurrean: liderra. Oso talde ona da Unai Emeryk zuzentzen duena. Gainera, zelaia ere ez da aproposa zuri-gorrientzat. Azken hogei bisitetan partida bat besterik ez dute irabazi. Beraz, Athleticeko kideak jakinaren gainean daude gaurkoa ez dela neurketa erraza izango. Baina, erronka gogorra izan arren, inork ez dezala pentsa Mestallan irabaztea ezinezkoa denik. Valentzia ez da garaiezina. Manchester Unitedek gauza handirik erakutsi gabe hartu zuen mendean Txapeldunen Ligan. Baina Athletic ez da Manchester.

Zale eta aditu askok uste izango du Athleticek ez daukala ezer galtzeko eta horrek lasaiago jokatzeko aukera eman diezaiokeela. Baina Caparros ez da iritzi berekoa. Athleticeko entrenatzaileak beste teoria bat dauka: hiru puntu jokoan dauden neurketa guztietan dagoela zer galdu. Era berean, argi dauka Valentzia dela irabazteko hautagai nagusia. «Oso talde ona da. Gu baino maila bat gorago dago», esan zuen.

Azken denboraldiotako emaitzak eta lorpenak aintzat hartuz gero, bistan da Valentzia Athletic baino talde hobea dela. Arazo ekonomiko larriekin eta etengabeko krisi instituzionalean murgilduta egon arren, zelaian oso emaitza onak eskuratu ditu. Ligan onenen artean egoteaz gain, Europan ere nabarmendu izan da sarritan. Bazirudien denboraldi honetan egingo zuela apur bat behera. Silva eta Villa saldu ostean Emeryren taldeak indarra galduko zuela zirudien. Baina, oraingoz, ez ditu nabaritu hutsuneak. Taldeko bi izarren lekua betetzeko, bestelako ezaugarriak dituzten bi futbolari on fitxatu dituzte: Soldado eta Aduriz dira aurrelariak. Zelai erdian, berriz, Tino Costa argentinarrari eman diote jokoa antolatzeko ardura. Matak, Dominguezek, Banegak eta Pablo Hernandezek erantzukizuna hartzeko gaitasuna dutela erakutsi dute.

Jokalariek itxura ona eman dezaketela erakutsi dute. Entrenatzaileak, berriz, futbolariak nabarmentzeko aproposena den joko sistemaren alde egin du. «Entrenatzaileak dagoenera egokitu behar du. Valentziak aldatu egin du hegaletatik egiten zuen jokoa». Ederki baliatu zuen Athleticeko entrenatzaileak egin zioten galdera. Azken batean, berak behin eta berriz errepikatu baitu Fernando Llorente taldean izanda derrigorrez jokatu behar duela luze Athleticek.

Etxetik kanpo, lau puntu

Valentziak dohain asko ditu. Talde osoa da. Espainiako Ligako indartsuenetakoa. Beraz, Athleticek aukera ona dauka ligako onenen kontra lehiatzeko gai dela erakusteko. Jakina da zuri-gorriak edozein aurkarirentzat direla arriskutsu zaleen aurrean jokatzen dutenean. San Mamesi beldur handia diote ligako aurkari gehienek. Baina, era berean, jakina da etxetik kanpo nabarmen egiten duela behera Bilboko taldeak. Ez du beldurrik ematen. Ba, Athleticen helburua Europarako txartela eskuratzea bada, etxetik kanpo ere itxura ona eman beharra dago. Orain arte jokatutako neurketa bietan lau puntu eskuratu ditu. Etxean baino gehiago, alegia. Baina horrek ez du esan gura kanpoko partidetan ondo aritu denik.

Caparrosek talde sendoa eta langilea zelairatuko du. Zuri-gorrien lehentasuna aurkariaren erauntsiari eustea da. Eta behin hori lortutakoan kontraerasoa baliatzea. Badirudi aldaketa bakarra egongo dela hamaikakoan: Aitor Ociok beteko du Amorebietaren lekua. Hasiera batean Ustaritzek jokatu behar zuen San Joseren ondoan, baina Abadiñoko futbolariak min du belaunean. Gurpegik eta Aurtenetxek ere joka dezakete erdiko atzelari gisa, baina horrek gauza asko aldatzera behartuko luke entrenatzailea.

Beraz, Andosillakoak eskuin hegalean jarraituko du, eta bizkaitar gazteak, defentsaren ezker hegalean. Aurrean Igor Martinez izango da, laugarrenez, Llorenteren bikotekidea. Dena dela, Toquero osatu da eta izan dezake minutu batzuk jokatzeko aukera. Bestalde, Caparrosek lehen aldiz sartu du deialdian Ibai Gomez. Santutxuko hegalekoa oso lan ona egiten ari da bigarren taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.