Golak: 1-0: Portuk (58. min). Epailea: John Beaton. Txartel horia: Realeko Silvari, eta AZ-koGudmundsson, Druiff eta Svenssoni.
Futbolzaleen multzo amaigabea, munduan zabaldua. Bana daitezke bitan: futbolean dena asmatuta dagoela esaten dutenak, alde batetik; asmatzen segitu beharra dagoela diotenak, bestetik. Atzo, Realaren partidan, Europa ligan AZ Alkmaarren aurka, aurrenekoentzako jana bota zuela eman lezake partidak, eta ondorioz: kirol hau bi areetan jokatzen da. Betiko esaldiei besarkatuta bizi diren horientzat, golak balio du, eta gola da, hain zuzen, lortzen zailena. Eta esandakoa, horretara heltzeko bide guztiak ondo asmatuta daude. Ez dira azalpen handien zaleak. Realak atzo ez zuen asmatu gola sartzen, ondo jokatu bazuen ere. Tira, bat sartu zuen, Porturena 58. minutuan, eta bat nahikoa izaten da, zertarako gehiago, pentsatzen dute futbolari analisi sakonak gehitu zaleak ez diren horiek.
Barkatzen duenak ordaindu egiten du. Beste betiko esaldi bat. Mila adibide daude hori baieztatzeko. Mila eta batgarrena Realarena izateko gutxi falta izan zen atzo. Nekez ulertuko dute futbolzaleen beste bandokoen argumentazioa atzo Realak gauza batean gehiegi asmatu ez zuela esaten badiete beste bandokoek, analistek, partidari eta futbolari mila betaurreko, kamera eta izendapen teoriko dotore jartzen dietenen partetik: ez zuen asmatu punta-erdiak punta-erdi izaten, AZ Alkmaarreko atzelarien lerroaren eta euskarrien artean bizitzen edo azaltzen. Bai, Silva ibili zen bizien horretan, zein bestela, jokoaren zirrikitu guztiak ia inork baino hobeto ezagutzen eta ulertzen dituen jokalaria. Lauzpabost aldiz lortu zuten Realeko erdilariek, Merinok gehienbat, haien zaintzaleak lekutik ateratzea, Silvak edo kanpotik barrura sartzen zen Oiartzabalek baloia bakarrik eta aurpegiz hartzeko. Lortu zutenetan, aukerak sortu zituzten.
Erantzuna teorizazio horri beste bandokoek: hainbesteko korapilorik gabe lortu zuen-eta Realak aukerak bata bestearen atzetik sortzea. Baloia elkarri ondo pasa, ez galdu, eta aurrera. Berdin zion nondik. Horri falta izan zitzaion atearen aurrean asmatzea, edota Bizot atezaina desagartzea. Hari botatzen zioten ia begiratu gabe, azalpen gutxikoen azalpen laburra. Atezainak buruz burukoetan ia beti gorputza behera botatzen zuenez, goitik botatzen asmatu behar, beste bandokoen teorizazioa. Modu batera edo bestera, Herbehereetako taldearen jokalari onena atezaina izan zen atzo. Harexen izena bakarrik ikasiko zuten Realeko zaleek atzo. Gainontzekoak, azaldu ere ez.
Azaldu ez ala Realaren jokoak ez zien utzi azaltzen? Batzuentzat, nola zitekeen AZ Alkmaar lider izatea F multzoan, bai eskasak, aizue. Besteentzat, berriz, Imanolen taldeak egin zuen ondo berea, zelaia ezkerretik bakarrik zabaldu bazuen ere, eta erditik erdira eta presaka bezala une batzuetan jokatu bazuen ere. Ondo egin zuen bestea aurkaria txikitzeko: erasotik defentsarako trantsizioan, presio egokia, eta kontrako bidean, zehaztasun teknikoa eta taktikoa baloia ez galtzeko. Azalpen gehitxo, bando batekoentzat: gustura afaldu eta ohera atzo. Besteak, afaritan, partidari tripak ateratzen oraindik. Futbola ikusteko bi modu. Kontatzeko bi era. Futbola hori ere.
Reala 1-0 AZ Alkmaar
Bi modu dena azaltzeko
Realak irabazi egin dio AZ Alkmaarri Europa ligako hirugarren jardunaldian. Aurkaria erabat menderatu arren, Portu bakarrik izan da gai gola sartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu