Danimarka-Ingalaterra. Horixe izango da Eurokopako bigarren finalerdia. Bi selekzioak aurretik jarri ziren euren final-laurdenetako partidan. Baina oso jokatzeko era diferentea erabilita lortu zuten finalerdietarako sailkatzea. Danimarkak erasora jokatu zuen, ausart. Ingalaterrak, berriz, arriskurik gabe, baina erasoan eraginkor izanda, Kaneri esker. Biak aurrez aurre izango dira asteazkenean Wembleyen, finalaren bila.
Danimarkak bi urratsera du 1992an egindako balentria. Duela hiru aste, Eriksenen ezbeharra eta gero, euren kirol ibilbideko partidarik gogorrena jokatu zuten Danimarkakojokalariek. Atzo, berriz, ederrena. Amaierako malkoak ikustea besterik ez zegoen. 1-2 Txekiar Errepublikari, eta finalerdietara.
Txapelketan ausart jokatu duten bi selekzio ziren aurrez aurre, eta atzo beste behin erakutsi zuten. Danimarkak jo zuen lehen kolpea, korner batean, bosgarren minutuan. Delaneyk sartu zuen gola, buruz. Baina erasoan segitu zuen, erosoago sentitzen baita defentsako lanean baino. Zerbaitegatik da txapelketan erremate gehien egin dituen taldea.
Hala jokatuz, gertu izan zuen 0-2koa pare bat jokalditan. Entretenigarria izan zen lehen zatia, Txekiar Errepublika ere aurrera begira jarri baitzen. Baina baloia pixka bat gehiago mugituz, eta jokaldiak gehiago landuz. Minutuak aurrera joan ahala, txekiarrek hartu zuten jokoaren ekimena lehen zatiko azken txanpan. Danimarkak apur bat jaitsi zuen erritmoa. Atzetik Christensenek eman zion zentzua eta norabidea danimarkarren jokoari, eta kontraeraso batean bigarren atzaparkada eman zuten. Maehlek erdiraketa neurtua egin zuen oinaren kanpoaldearekin, eta atzetik etorrita Dolbergek baloia sarera. Danimarka 0-2ko errentarekin iritsi zen atsedenaldira. Txekiar Errepublikak arriskatu beharra zuen lehiari buelta emateko, eta hasieratik egin zuen. Lehen bost minutuetan hiru gol aukera garbi izan zituen. Tartean, golarena. Schickek sartu zuen. Jokatutako bost partidetatik lautan sartu du gola, eta, lehen zatian agertu ez arren, bere arrastoa utzi zuen txapelketaren agurrean.
Lo irten zen Danimarka, eta kosta egin zitzaion jasotako kolpetik suspertzea. Txekiar Errepublikaren unea zen. Baina ez zuen baliatu. Hurrengo minutuetan jokoaren erritmoa apur bat jaitsi egin zen. Baina minutuak aurrera joan ahala, berriro ere partida hautsi egin zen. Bi taldeek pentsatu gabe egin zuten aurrera.
Azken txanpara hobeto iritsi zen Txekia, eta Danimarkak hortzak estutu behar izan zituen. Baina Schickek min hartu zuen, eta aurrean pizgarri bat falta izan zitzaien txekiarrei, partida berdindu, eta luzapena behartzeko.
Ingalaterrak, nagusitasunez
Faborito argiagoa zuen azken final-laurdenak: Ingalaterra; eta pronostikoak bete zituen. 0-4 gailendu zitzaion Ukrainari. 51 urte daramatzate ingelesek txapelketarik irabazi gabe, eta finalerdiak eta finala ere etxean jokatuko dituela kontuan hartuta, hautagai nagusia da. Are gehiago atzean erakusten ari den sendotasunarekin, eta aurrean Kane bezalako aurrelari bat duela kontuan hartuta. Bi gol sartu zituen atzo. Hirugarren minutuan Kanek aurretik jarri zuen Ingalaterra, eta hortik aurrera Ukrainari utzi zion jokoaren ekimena. Andri Xev-txenkoren taldeak, ordea, apenas egin zuen minik. Marrazkia aldatu, eta lauko atzealdearekin jokatzen hasi zenean baino ez zuen arriskua apur bat sortu. Bigarren zati hasieran hiru gol sartu zituen erreskadan Ingalaterrak. Maguiren, Hendersonen eta Kaneren eskutik. Hortik aurrera, lehiak ezer gutxi izan zuen kontatzeko. Southgatek atseden eman zien Stearling bezalako jokalariei finalerdiei begira.