Aurten beste era batera jokatuko dute Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketa: multzoen bidez hasieran, finalerdiak eta finala. Orain arte kanporaketen sistema erabili izan dute, baina aurtengorako modu hori baztertu egin dute Asegarce eta Aspe enpresek. Horien ustez, aurreko urteetan txapelketako lehen partidetan jarraitzaileen artean ez zen izaten interes handirik.
Pilotari kopurua ere mugatu egin dute: zortzi lagun ariko dira txapelketako bi multzoetan -joan den urtean hogei aritu ziren-. A Multzoan Juan Martinez de Irujo, Abel Barriola, Asier Olaizola Olaizola I.a eta Oinatz Bengoetxea Bengoetxea VI.a ariko dira, B-n Aimar Olaizola Olaizola II.a, Patxi Ruiz edo Aritz Begino, Sebastian Gonzalez eta Ives Salaberri Xala.
Enpresek ez dute zozketarik egin, ez multzoak osatzeko, ez jardunaldietako pilotariak erabakitzeko.
Apirilaren 17an izango da bi multzoetako lehen partida, Iruñean: Olaizola I.a-Bengoetxea VI.a. Hurrengo egunean, Irujo-Barriola. Beste multzoko aurreneko lehia, hilaren 24an: Olaizola II.a-Ruiz edo Begino -biok Iruñean ariko dira larunbat honetan-. Hilaren 25ean, Gonzalez-Xala. Maiatzaren 23an amaituko da fase hori.
Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak sartuko dira finalerdietara, eta finalaurrekoak ekainaren 5ean eta 6an jokatuko dituzte: A-ko aurrena B-ko bigarrenaren aurka eta A-ko bigarrena B-ko aurrenaren kontra.
Finala, ekainaren 20an (igandea). Ez dute zehaztu non jokatuko duten txapela.
pilota
Bi multzo eta zortzi pilotari baino ez aurten buruz buruko txapelketan
Kanporaketen sistema baztertu egin dute enpresek. A Multzoan Irujo, Barriola, Olaizola I.a eta Bengoetxea VI.a ariko dira, B-n Olaizola II.a, Ruiz edo Begino, Gonzalez eta Xala. Apirilaren 17an izango da lehen partida: Olaizola I.a-Bengoetxea VI.a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu