Kevin Seraphin

Bi oineko 'mandoa'

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Thomas Heurtel taldekide eta herrikidearen itzalean ibili zen Kevin Seraphin Euskal Herriko komunikabideen aurrean agertu zen lehen egunean, irail bukaeran. Baskonia Kirol Hirian egin zuen aurkezpena taldeak, eta Seraphin Lituaniako Europako Txapelketatik iritsi berria zen, zilarrezko domina lepoan zuela. Haren gorputzak, bizkar zabalak eta argazkilariekin zeukan jarrera onak kazetariak harritu zituen. Ume txikiek jostailuak nola, hala erabiltzen zuen baloia.

Gasteizera etorriko zela baieztatu ostean egin zituen lehen adierazpenak The Washington Post kazetan (NBAko Washington Wizards taldearekin du kontratua). Lana beltz eginaraziko zion entrenatzailea behar zuela esan zuen, bere jokoa hobetu nahi zuelako, eta Dusko Ivanovic asko eskatzen zuen entrenatzailea zela esan ziotela. Bolbora bezala zabaldu ziren adierazpen horiek, Seraphinen inguruko informazio askorik ez baitago sarean. Ez ziren gutxi izan, ironiaz, jokalaria AEBetako egunkari hari esandakoez damutuko zela ziotenek, Ivanovic ez zuelako ezagutzen eta gorriak ikusiko zituelako.

Inork ez zekien zer eman zezakeen Seraphinek. Bere kirol ibilbideko datuekin ezin ondorio garbi-garbirik atera: Choleten bi urte egin zituen, eta 20 urterekin Chicago Bullsek hautatu zuen draft-eko 17. zenbakian. Nahiko postu ona, baina arriskatua ere bai. Lau puntu eta hiru errebote lortu baitzituen batez beste Choletekin. Normala ere bai,18-19 urterekin ezin baita askoz gehiago egin. NBAko lock-out-aren ondorioz iritsi zen Gasteizera, eta irakurketa erraza zen: behin-behineko fitxaketa zen, Maciej Lampe ordezkatzeko.

Ez zioten asko eskatu behar: gaztea zen, iritsi berria, burua NBAn… Baina Superkopa iritsi zen, eta denak aztoratu zituen. Taldekideak, zaleak, kazetariak eta, nola ez, aurkariak. Bilbo Basketen aurka hamahiru puntu lortu zituen, eta Miribillara bertaratutakoen marmarra eragin: txikitze ikusgarriak, txapelak, hegaleko fin baten abiadura kontraerasoetan… Bartzelonaren aurkako finalean dema ikusgarria eduki zuen N'Dongekin. Berotu egin ziren biak, baina zakur zaharra da senegaldarra, eta zenbaki hobeak lortu zituen. Seraphini Europan ere jokalari onak daudela erakutsi zion, eta bere txapel eta txikitze pare bat eraman etxera oroitzapen gisa.

Lanean tinko jarraitzeko mezu gisa hartu zituen Seraphinek, eta ondo hasi du liga. Zazpi partidatan lortutako zenbakiak dira honakoak: sei puntu, bi errebote eta 1,4 txapel partidako. Azken zenbaki hori da deigarria, hamazazpi minutu bakarrik jokatzen baititu partidako. ACB ligako laugarrena da, Fischerren ondoren, hain zuzen ere.

Ivanovic konbentzitu du

Gorabehera batzuk izan ditu Seraphinek Ivanovicekin, baina ondoen egiten dakiena erabili du entrenatzailearen iritzia aldatzeko: bere talentua. Euroligan ligan baino askoz hobeto ari da, eta funtsezkoa bilakatu da: hamahiru puntu, sei errebote eta txapel bat. Oraindik Ivanovic haserrarazten du, NBAko jokoaren bizioak barneratuta dituelako. Zailtasuna du talde jokoko arauak eta laguntzak ulertzeko, gaztetatik buruz buruko sistemekin ikasi duelako, baina saskipetik gertu geldiezina da. 120 kiloko mandoa hain azkar mugitzen denean paretik kentzea delako onena.

Fisikoki izugarria da Seraphin. Astuna izan arren, oso azkarra da, eta jauzian koordinazio ona dauka. Oso gora iristen da, eta igandean, oso jokalari gutxi egiteko gai diren jokaldia egin zuen Alacanten aurka. Baloia lurretik jasotzeko makurtu, eta altxatzen zen moduan, jauzia egin eta saskia txikitu. Mugimendu zaila da hori 2,06 luze den mutikote batentzat, 120 kiloko pisua duen morroskoarentzat, baina Seraphinek aise egin zuen. Joan den jardunaldiko jokaldi onena ere frantziarrak egin zuen. Kanpoko lerrotik abiatu, Kaloyan Ivanov parekoa gainditu eta sekulako txikitzea egin zuen bi metrotik jauzi egin ostean. Txapel batzuk ukondoarekin jartzen ditu, eta lan saioetan saskia kopetarekin ukitzen duela diote mingain gaiztoek.

Gauzak ondo, Europa txiki geratuko zaio Seraphini. Hiruzpalau metroko jaurtiketan zer hobetua dauka, baina arlo hori eta defentsako hanka-sartzeak saihesten baditu, etorkizun oparoa izanen du NBAn. Jokalariren batekin konparatuz gero, David Benoit eta Serge Ibakarekin aldera daiteke. Benoitek Utah Jazz eta Unicajan jokatu zuen, besteak beste, eta asto samarra zen, Seraphin bezala. Ibaka garaiagoa da, eta asko hobetu du bere jarduna Oklahoma Cityn dagoenetik. Baina antzekoak direla esatea asko esatea da.

Seraphin amarekin bizi da Gasteizen, eta NBAko grebak luze joko duen honetan, Baskoniako arduradunak pozik daude. Kantxan ematen ari denarekin, eta kantxatik at ere ez duelako batere arazorik ematen. Arazoak aurkariei ematen dizkien bitartean, denak pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.