Gerta liteke, eta gerta litekeelako, polita da. Zaila dago, euren partidan garaipena lortzeaz gain besteen emaitzen baitan daudelako Gescrap Bizkaia eta Lagun Aro Gipuzkoa Basket Espainiako Koparako sailkatzeko. Zorte apur bat eduki behar dute otsailaren 16tik 19ra Bartzelonan egon nahi badute, baina ACB ligako azken jardunaldiko emaitzek erakusten dute ezustekoak eguneroko kontua direla, eta horrek itxaropena handitzen du. Bi euskal taldeek dute Kopako txartela jokatzeko aukera, baina komeni batzuen eta besteen arteko aukeran ñabardura egitea. Panorama beltzagoa dute bizkaitarrek, hobea donostiarrek.
Gescrapek mesede asko behar ditu. Bi, gutxienez, eta hiru ere bai, agian. Zazpi garaipen pilatu ditu, eta zortzigarrena lortuta ere puntu alde kaskarra dauka beste hautagaiekin alderatuta. Horregatik, garaipenaz gain, alde handi samarra lortzea komeni zaio. Biharko bazkarirako, agertoki ezin aproposagoa litzateke honako hau: gaur, Gescrapen garaipena Obradoiroren aurka, ahal bada 10-15 puntugatik, eta bihar Fuenlabradak edo Valentziak galtzea. Aukeran, Fuenlabradak galtzea hobe, Gescrapek baino puntu alde kaskarragoa daukalako (Valentziak +26).
Etxean jokatzen dute madrildarrek, Valladoliden aurka, eta Badalonan valentziarrek, Joventuten aurka. Lagun Aroren emaitzak ere zeresana dauka Gescrapen etorkizunean. Donostiarrek Murtziatik esku hutsik bueltatzeak bizkaitarren aukera handitzen du, baina ez dio sailkapena ematen.
Zenbaki festa honetan guztian albo batera geratzen da Bartzelona eta CAIren artekoa. Aragoikoak jokotik kanpo daude Palau Blaugranan galtzen badute, eta denek ziurtzat jotzen dute hala izango dela. CAIk garaipena lortu zuen joan den denboraldian Bartzelonan, baina bigarrenez halakorik errepikatzeak logika guztiak irauliko lituzke. Eta Kopako zenbaki guztiak katramilatu, bide batez.
Lagun Arok garaipena lortuko balu, CAIk, Fuenlabradak eta Valentziak galtzea derrigorrezkoa litzateke Gescrapek Kopa jokatzeko, eta emaitza sorta berezi hori gertatuko balitz, bi euskal taldeak egongo lirateke Bartzelonan hilabete eskas barru.
Badalonara begira
Lagun Arok itxaropen handiagoa dauka. Harena baita Kopa jokatzeko borrokan murgilduta dauden sei taldeen artean puntu alde onena. Irabazten badu, bi emaitza on behar ditu, hiru partidetan. CAI, Valentzia eta Fuenlabrada. Zaragozakoek ziur galduko dutela pentsatuz, Valentzia edo Badalona dira bi aukerak. Itxuraz, estuagoa espero da Badalonako partida, Joventut eta Valentziaren artekoa. Joventut emaitza bolada txarrean dago, baina garaipen bakarrera du jaitsieraren arriskua, eta esnatzen hasi beharra du.
Zaila dirudi Fuenlabradak Valladoliden aurka kale egitea, baina Gaztelakoek azken lau partidetatik bi irabazi dituzte, eta Gescrap hankapean ibili lehen erdian joan den larunbatean. Valladolid Joventut baino larriago dago, jaitsiera postuetan, eta premiaz hitz eginda, Fuenlabradak baino premia handiagoa du. Madrildarrak bitan egon dira dagoeneko Kopan sartzeko txartela poltsikoan zutela, baina ihes egin diote azken unean. Hirugarren aukerak benetakoa izateko traza du, baina orain goian, orain behean dagoen taldea da Fuenlabrada, eta ez harritu Valladolidek ezustea ematea.
Lehen partida gaur iluntzean da, 20:00etan hasita. Gescrap Galiziatik garaipenarekin bueltatzen bada, eguerdi interesgarria izango da oso Bilboko zaleentzat. Hala ez bada, triste samarra. Beste euskal taldea sartuko da jokoan orduan. Bartzelona eta CAIren artekoa 12:15ean hasiko da, beste hirurak baino ordu laurden lehenago. Asko esan nahi du horrek, Fuenlabradak, Valentziak eta Lagun Arok bigarren zatiari ekiterako jakitun izan daitezkeelako Aragoikoen porrotaz.
12:30ean, zalaparta hasiko da. Sutan jarriko dira ACBko webguneko partiden zuzeneko jarraipena, ETB1 katearen emankizuna Murtziatik eta Badalonako norgehiagoka (Orange Arena formatuan ikusgai www.acb.com webgunean). Uneren batean barruan egongo dira batzuk, baina minutu batzuk geroago kanpoan. Poza, edo tristura 14:15 alderako, nora begiratzen den. Partidak bukatuta, egoerak ez du bueltarik izango.
Bi orduko zalaparta
Gaur jokatuko du Gescrapek Santiagon, irabazteko premiaz, baina bihar eguerdian erabakiko da nor ariko den Kopan. Fuenlabradak eta Valentziak dute aukera gehien, baina Gescrap eta Lagun Aro ere sailkatu daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu