Bi ordutan bukatu dira lau t'erdiko finaleko sarrera guztiak

Irujoren eta Barriolaren arteko partida ikusteko sarrera garestienak 120 euro balio ditu, eta merkeenak 35

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Aurreikuspenak bete dira, eta bete egingo da Atano III.a Donostiako pilotalekua hilaren 12an, Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak jokatuko duten Lau t'erdiko Txapelketako finalean. Atzo 10:00etan jarri zuten abian Aspe eta Asegarce enpresek telefono bidezko sarreren salmenta, eta 12:00etan bukatuta zeuden guztiak. Beraz, binakako eta banakako azken finaletan gertatu ez bezala, pilotalekua bete egingo da. Azalpen sinplea du horrek: batetik, Atano III.ean 1.700 ikusle inguru sartzen dira, eta Gasteizko Ogetan, binakako eta banakako azken finalak jokatu diren pilotalekuan, 2.100 ikusle baino gehiago; bestetik, Aspek eta Asegarcek iazko lau t'erdiko finaleko sarreren prezioari eutsi diote. Hala, sarrera garestienak, kantxakoak, 120 euro balio ditu, eta merkeenak, errebotekoak, 35 euro. Hori gutxi balitz, Martinez de Irujo eta Barriolaren arteko finala erakargarria da oso.

Donostiako pilotalekuaren harira, baliteke hilaren 12koa izatea bertan jokatuko den azken finala. Final handietako frontoiak aukeratzeko orduan ikusle kopuruak garrantzi handia du. Orain arte Ogetan edo Atano III.enean jokatu dira ia final guztiak, baina udaberrirako Bilboko pilotaleku berria amaituta izango da, eta Iruñeko frontoi berria ere martxa onean doa. Bilbokoan 2.800 ikusle inguru sartuko dira, eta Iruñekoan 3.000 ikusle inguru. Bada aldea Ogetarekin eta Atano III.arekin alderatuta, eta enpresek horri etekina atera nahi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.