Herbehereak
Hautagaiaz haratagoHistoria hor dago, txapelketaz txapelketa zizelkatua, eta Herbehereak askotan jo izan dira irabazteko hautagaitzat; baina, gero, ezer gutxi lortu du, 1988an Alemanian jokatu zen Eurokopa hura ez bada —titulua lortu zuen erakustaldia emanda—. Finalaren loriara ere ez da askotan gerturatu, urteetan atzera eginez gero. Baina, azkeneko Munduko Kopan, 2010ean, bigarren izan zen; oso gertu izan zuen lehiaketarik handiena. Hautagai hutsa izatearen zama gainetik kendu zuen, eta arintasun horrekin azalduko da Eurokopa honetara.
Berriz ere hautagaitzat jo dute denek, eta zerbait gehiago ere bada: faboritoetako bat. Ez da hautagai bat gehiago. Koska hori igotzeko, zerbait aldatu behar izan du Bert van Marjwik hautatzaileak. Duela bi urte, ikusi zen ez duela hasi eta buka betetzen herrialdeko estilo zehatz eta dotore hori. Jokalariak baditu horrela jokatzeko, eta ez du galdu eredu hori, baina askoz sendoagoa da taldea. Hanka sartzeko beldurrik gabe esan daiteke hau: historiako Herbehere sendoenak dira egungoak.
Baloiarekin, abil; eta baloirik gabe, indartsu. Horra haien ezaugarriak. Eta, gero, nola ez, hainbat jokalariren trebezia, Arjen Robben eta Robin Van Persie buru direla. Bi jokalariok gai dira edozer egiteko, eta taldekideen sendotasunak askatasun handiagoa ematen die nahierara ibiltzeko. Gainera, sendoa izateak ondorio hau izan du taldearen ezaugarrietan: kontraerasoan jokatzeko aukera handitu egin zaio, eta Robben zein Van Persie abilak dira horretan. Lehen, Herbehereek pairatzen zituzten aurkariaren kontraerasoak; baina, orain, ereduari egindako aldaketa horrekin, haiek dira arriskutsuak horretan.
Van Marjwiken lana hainbat urteetakoa da, eta hori ere aldeko du taldeak. Ondo dakite zer egin behar duten, eta partida asko jokatu dituzte elkarrekin. Beteranoak dira, eta gazteak ere badaude. Uztartze egokia izan ohi da hori. Gero, jakina, zelaian erakutsi behar izaten da, baina Herbehereen aldeko apustua egitea ez da aukera txarra oraintxe bertan.
Alemania
Dena daukaAurkariei beti eman izan die beldurra alemaniarren aurka aritu beharrak. Neurri handi batean, oso lehiakorrak direlako, indartsuak, eta, nola ez, jokalari trebeak izaten dituelako. Egungo Alemaniak ezaugarri horiek guztiak dauzka, eta, gainera, Joachim Loew hautatzaile denetik, indar handiagoa ematen dion beste baliabide bat ere badu: trebetasuna baloiarekin, taldeko jokoa egiteko.
Baloiaren jabe denak askoz aukera handiagoa dauka partida mendean izateko. Aurkariak sufritzen du orduan. Hori eman dio Loewek selekzioari, eta lehendik ere beldurgarria zenak izua eragiten du orain aurkariengan.
Taldea badu, eta taldeko lanean sinesten dute denek: alemaniarren izaera berezkoa. Horri gehitzen bazaizkio hainbat jokalari trebe, lapiko bikaina prestatua du entrenatzaileak. Lerro bakoitzean du nabarmentzeko jokalariren bat edo batzuk: atean, Manuel Neuer; atzealdean, Philipp Lahm; erdialdean, Bastian Schwensteiger eta Mesut Oezil; eta aurrealdean, Mario Gomez. Dena dauka, eta, guztiaren jabe denari, eskakizun gorena egin behar zaio: Eurokopa irabaztea.
Portugal
Buruko lanaren zamaNahi du selekzio onenen parean jarri, baina ezinean dabil beti Portugal. Nahi du jarri hautagaien artean, baina ez du neurria ematen. Jokalari onak dauzka, oso on bat ere bai —Cristiano Ronaldo—, baina gauza bat da onak izatea, eta beste bat talde on bat osatzea. Cristiano Ronaldo tartean dela, oso zaila da taldea egitea, eta, orain arte, Jose Mourinhok soilik lortu du antzeko zerbait. Mourinho bera jarri beharko dute selekzioko arduradun.
Talde izaerarik ezak esan nahi du jokalari bakoitza bere aldetik dabilela. Buru aldetik arinak direla, eta hori zama handia izan ohi da. Ez da talde fidagarria, eta, zozketaren berri izan zenean Alemaniaren eta Herbehereen pare jarri bazuten ere, ez dago maila berean. Ezustea litzateke lehen ligaxka gainditzea.
Danimarka
Ikusgarritasuna ez da nahikoaHamabi urte dira dagoeneko Morten Olsenek selekzioaren ardura hartu zuenetik; zenbat jokalari ez ote dira aritu harrezkero. Urtea joan, urtea etorri, txapelketa joan, txapelketa etorri, ez da aldatzen Olsenen taldearen jokatzeko eredua. Aurreneko araua eta oinarria da baloiaren jabe izatea; bigarrena, erasoan aritzea; eta hirugarrena, horretarako baliabideak erabiltzea. Ezaugarri horiek irakurri eta gero, erraz etortzen da ezpainetara eredu hori zehazteko hitza: ikusgarria.
Ikusteko talde egokia da Danimarka. Nekez aspertzen da bat haren partidei begira; aurkariaren bila joateak dakarren bizipoza da. Baina, jakina, txanpon horrek ere badu beste alderdia: eraginkorra izan ezean, atzealdean zulo asko egoten dira. Eta beste hau ere bai: baloia galdu bezain pronto, presioa azkar egitea komeni izaten da, atzealdeko zuloak ez ditzan baliatu aurkariak. Horretarako, jokalarien grina ezinbestekoa da. Sendotasuna, indarra, elkarri laguntzeko borondatea... funtsezkoak dira ikusgarritasunari etekina ateratzeko.
Horretan du gabezia Danimarkak. Hasteko, oso eraginkorra ez da erasoan. Gero, baloirik gabeko lanean, hutsune asko dauzka. Eta, azkeneko Munduko Kopan, horiek denak gutxi ez, eta huts handiak egin zituzten hainbat jokalarik; batez ere, atzealdean, hutsak oso garesti ordaintzen diren eremuan. Oso aukera txikia dauka multzoen fase hau gainditzeko.