Maccabi 81. Caja Laboral Baskonia 60

Bi partidak galdu ditu

Baskoniak aspaldiko partida txarrena egin du Tel Aviven, nagikeria handiz jokatuta, eta muturreko handia eman dio MaccabikBaracek hiru falta egin ditu sei minutu eskasetan, eta Pargok Huertas txikitu du

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Maccabi. Pargo (23), Perkins (2), Eidson (5), Eliyahu (8), Schortsanitis (9) —hasierako bostekoa—; Hendrix (4), Blu (16), Pnini (5), Macvan (9), Burstein eta Sharp.

Caja Laboral Baskonia. Huertas (9), Logan (10), San Emeterio (5), Teletovic (14), Barac (11) —hasierako bostekoa—; Oleson (4), Batista (7) eta Ribas.

Markagailua. 24-23, 41-30 (atsedenaldian); 69-45 eta 81-60.

Epaileak. Sutulovic, Gkontas eta Chamnon. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. Lepo bete zen Tel Aviveko Nokia Arena pabiloia, 11.500 ikusle inguru.

Beste final-laurdenak. Montepaschi Siena-Olympiakos (81-72), Panathinaikos-Bartzelona (76-74) eta Power Electronics Valentzia-Real Madril (66-75).

Espero zen galtzea, baina horrela galtzea ere... Baskoniak partida bakarra galdu du, hirugarrena, baina litekeena da Israelgo biak pikutara bidali izana, garesti ordain dezakeelako atzoko zabarkeria. Taldea belaunikatu egin zen 23 minutu jokatuta, eta hori onartezina da Euroligako azken laurdenetan. Baracek hiru falta egin zituen lehen laurdenean sei minututan, eta taldeak asko nabaritu zuen haren hutsunea, baina denena da errua. Hirukoen loteriaren baitan jokatu zutelako denek. Ez zuten asmatu, eta asmatu ez zutenez, hondoratu egin ziren defentsan. Maccabik nahierara jokatzeraino. Batean bi partida galdu zituen Baskoniak. Atzokoa, eta biharkoa. Atzo muturreko galanta jaso ostean, jaikitzea oso zaila delako.

Lehen laurden hasiera ikusita nekez pentsa zitekeen Baskoniak 11 puntuko kontrako aldea pilatuko zuenik atsedenaldian. Batista kantxaratu zuen hasieratik Ivanovicek, Loganekin batera, eta arabarrek ondo eutsi zioten israeldarrek botatako pultsuari. Saskiratzeari beste saskiratzea. 2-3, 6-7 eta 11-12 aurreratu zen Mirza Teletovicen zazpi punturi esker. Markagailua mugitu eta mugitu ari zen, defentsak txarrak zirenaren seinale, eta lehen 10 minutukoa 24-23koarekin bukatu zen. Aurreikuspen guztiak hautsiz, Maccabi kanpotik ari zen barrutik baino gehiago, eta hiru hiruko gauzatu zituen Eidson, Jeremy Pargo eta Bluthentalen bitartez. Baskonia, aldiz, saskipean ari zen hobeto.

Lehen laurden horretan sortu zen Baskoniaren lehen arazo handia. Baraci hiru falta adierazi zizkioten, eta sei minutu bakarrik jokatuta, agur esan zion norgehiagokari. Falta bat ez zen falta izan, beste biak bai. Maccabik estutu egin zuen Baskoniaren saskipeko jokoa, eta ito egin ziren Gasteizkoak. Ito, Batista aurrena. Hirukoak ziren saskirako bide bakarra, eta kale egin zuten. Nabarmentzeko modukoa izan zen Loganen punteria txarra. Lau jaurtiketa egin zituen, eta lauak kale egin.

Maccabik kemena hartu zuen aurkariaren ezina ikusita, eta Doron Perkinsen lesioari aurre eginez (belauneko lotailua hautsi du, eta agur esan dio sasoiari). Luze gogoratzeko joko distiratsurik egin gabe, gainera. Blokeo zuzenak egin eta Jeremy Pargo Baskoniako jokalari garai batekin parekatu. Estatubatuarrak urrea lortu zuen. Hiru barneraketa garbi egin zituen, eta bero-bero, bi hiruko bikain saskiratu. Bigarrena bere 15. puntua lortu eta Maccabiri 11 puntuko aldea emateko: 36-25. Baskoniak bost puntu bakarrik sartu zituen zazpi minututan, eta bi gehiago bakarrik lortu ahal izan zituen azken hiru minutuetan. Arabarren portzentajea txar-txarra zen, %27koa, eta Macvan serbiarrak 41-30ekoa lortu zuen lehen zati bukaeran.

Zabarkeria galanta

Hirugarren laurdena ahazteko modukoa izan zen. Zabarkeria galantarekin aritu zen Baskonia, eta Blutenthalek hiru hiruko saskiratu zituen Teletovicen aurpegi aurrean, bosniarraren defentsarako grina eskasa agerian utziz. 15 puntuko aldea lortu zuen Maccabik aurrena, eta hazita, 20koa minutu pare batean. Garaipen mingarri batek biharkoari begira daukan eraginaren jakitun, egurrean jarraitu zuen Maccabik, eta 25 puntuko langa gainditu zuen aise, aulkiko jokalariak kantxaratu arren.

Ivanovicek ez zuen halakorik egin ahal izan. Atzo titularrak eta aulkiko jokalariak zeintzuk ziren ezin zelako jakin. Beno, bai, denak ziren aulkikoak, eta batzuk, aulkian egotea merezi ere ez. Epikaren bidea baino ez zaio geratzen taldeari, baina Baskoniak miraria beharko du laugarrena irabazi eta bosgarrena behartzeko. Mirariak ezinezkoak dira. Jerusalem gertu egonda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.