Asteburua txarra izan da Top14ko bi euskal taldeentzat, biek ala biek galdu baitzuten atzo. Miarritzek, sasoi honetan lehen aldiz, amore eman behar izan zuen, Castresen aurka (28-13); etxean oso talde sendoa da Miarritzeren atzoko aurkaria. Galduta ere, sailkapen buruan jarraitzen du Aguilerako taldeak. Baionan, berriz, egoera kezkagarriagoa da, bigarren aldiz galdu dutelako lapurtarrek etxean (18-25). Partida txarra jokatu zuen atzo Baionak, eta jaisteko postuak geroz eta hurbilago ditu.
Iragan sasoiko giroa izan zen atzo Baionako Jean Dauger zelaian. Etxekoak pattal aritu ziren. Jokalariak presiotik ihesi egin ezinda aritu ziren. Haien sorbaldan 100 tonako zama zeramatela zirudien. Iniziatibak hartzeko beldur, une garrantzitsuetan burua galduta, baloia ikusi orduko urduri... Haserrea baino gehiago, errukia eragin zuten baionarrek.
Alta, Racingi irabazteko lekua bazegoen. Lehen zatian lo egon ondoren, atsedenaldira aitzinetik joateko mirakulua lortu zuen Baionak, Potgieterren zangoari esker (15-12). Bigarren zatian, baina, diziplina faltak hil zuen Baiona. Van Der Merweren entseguaren ondotik, dena galduta zegoela zirudien (25-15), baina Benjamin Boyeten ostiko batek defentsako puntua salbatu zuen. Baionak, hala ere, blokeo izugarria du, eta kostako zaio presioa ahantzi eta lasaiago jokatzen.
Miarritzek ere huts egin zuen atzo. Partida ongi hasi zuen, lehen minutuan Peyrelonguek entsegua sartu zuelako. Castresek, baina, eskarmentu handia du, eta pixkanaka bere beranta jan zuen, ikaratu gabe, Miarritzeren faltak baliatuz (12-13). Bigarren zatiaren hasieran, Castresek zuloa egin zuen, besteak beste Rory Kockotten sekulako entsegu bati esker. Hegoafrikarrak bukaera bikaina eman zion 90 metroko jokaldi bati.
Miarritzeren bi txartel horiri esker, Castresek 28-13koa lortu zuen. Defentsako puntuaren bila joatea zen irtenbidea. Eta gauzak orekatu egin ziren, Castresek bi txartel hori ikusi baitzituen. Bigarren zatian puntu bakar bat ere ez zuen lortu, ordea, Miarritzek. Azkenean, porrotarekin egin zuen etxerako buelta.
Bi porrot, bi errealitate
Baionak galdu egin du, berriz ere, etxean (18-25), eta Miarritzek ezin izan du menderatu Castres (28-13)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu