Sevillak gaur egun Osasunak baino talde indartsuagoa duela ukatzerik ez dago. Azken bi denboraldietan asko sufritu du Osasunak mailari eusteko, eta Sevilla ohituta da aspaldian Ligako oilarrekin lehia bizian aritzera. Hargatik, Iruñean jokatzen dutenean argirik gabe geratu ohi dira Sevillako jokalariak. Azken hamasei denboraldietan, esaterako, Sevillak ez du inoiz Sadar futbol zelaian norgehiagokarik irabazi. Sevillakoen azken garaipena 1993ko maiatzaren 9an izan zen; Rafa Pazek 79. minutuan sarturiko golari esker 0-1 gailendu ziren egun hartan. Harrezkero, hamaika aldiz jokatu dute Sevillakoek Iruñean, eta sei porrot eta bost berdinketa bildu dituzte. Gaur ere Sevilla estu hartu nahi dute gorritxoek. Badakite Nafarroako Erresuma zelai deserosoa dela Manolo Jimenezen mutilentzat.
1993-94ko denboraldian -Osasunak maila galdu zuen azken denboraldian- 0-0 amaitu zen Sevillak Iruñean jokatutako norgehiagoka. Bigarren Mailan ere elkar ikusi zuten Osasunak eta Sevillak, 90eko hamarkadan: 1997-98ko denboraldian 3-0 nagusitu zen Osasuna, eta, urtebete geroago, igoerako sasoian 2-1 irabazi zuten nafarrek. XXI. mendeko neurketa guztiak Lehen Mailan izan dira -Espainiako Kopan eta UEFA Kopan ere kanporaketa gogoangarriak jokatu dituzte bi taldeek, eta Iruñean beti Osasuna nagusitu zen-, eta lehendabiziko bost neurketetatik lau Osasunarentzat izan ziren -2004-05eko sasoiko 4-1ekoa izan zen jipoirik handiena-. Azken hiru denboraldietan, berriz, berdinketarekin amaitu dira Osasuna eta Sevillaren arteko lehiak Iruñean: 0-0, 1-1 eta 0-0, hurrenez hurren. Sevillakoei Nafarroako Erresumaren madarikazioa zertxobait arindu zaiela dirudi, baina hamasei urtean Iruñean irabazi ez izanak argi erakusten du Osasunaren zelaia ez dela zelai kutuna Sevillarentzat.
Osasunako entrenatzaile Jose Antonio Camacho zuhur mintzatu zen atzo, badaezpada: «Liga hasieran esan nuen Bartzelona eta Real Madril beste talde guztien gainetik daudela, baina beste bizpahiru talde ere badaude haiekin lehiatzeko moduan, eta horietako bat Sevilla da. Goian egoteko behar den guztia dute. Aurkaria ona da, eta guretzat partida zaila da zalantzarik gabe; tentsio handiko partida izango da, eta lehia ikaragarria izango da», esan zuen atzo.
Camachok hiru aldaketa egin beharko ditu hasierako hamaikakoan. Cesar Azpilikueta Egipton da Espainiako selekzioarekin 20 urtez azpikoen Munduko txapelketa jokatzen, eta haren hutsunea Oier Sanjurjok beteko du atzealdeko eskuin hegalean. Bestalde, Natxo Monreal eta Javad Nekunam zigortuta dira, Tenerifen txartel gorri bana ikusi zutelako; ondorioz, atzealdeko ezker hegala Callejak hartuko du, eta zelai erdian Ruper gaztea ariko da irandarraren tokian. Aiegiko euskarriarentzat Lehen Mailan hasieratik jokatuko duen lehendabiziko norgehiagoka izango da. Sevillari dagokionez, Luis Fabiano brasildarra ez da deialdian izango orkatilean dituen arazoen erruz, eta, bera bezala, Duscher, Acosta eta Konko ere min hartuta daude.
Krutxagari omenaldia
Udan, Osasunako peñen federazioak Azkoienen omenaldia egin zion Cesar Krutxagari, Osasunako kapitain ohiari. Klubaren izenean ez zen inor joan omenaldira, eta Camachoren etorkizunaren gainean izandako aferaren ostean kapitain ohiaren eta zuzendariaren arteko harremana gaiztotu egin zela zirudien. Hargatik, iragan astean Taxoaren izan zen Krutxaga taldekide ohiak bisitatzen, eta Jose Antonio Camachorekin ere aritu zen solasean Ezkarotzekoa. Gaur, Sevillaren aurkako partidaren atarian, omenaldi beroa jasoko du Krutxagak. Ohorezko sakea egingo du, eta Izko presidenteak klubaren urrezko intsignia ezarriko dio.
Bi taldeentzat da zaila
Denboraldiko lehen garaipena lortu nahi du Osasunak, Sevillaren aurka; andaluziarrek ez dute irabazi Iruñean azken 16 urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu