Bi txakalaldiren eraginez galdu du San Antoniok nabarmen gora egiteko aukera

0-9ko eta 0-5eko bi partzial jaso dituzte nafarrek, eta Valladolidek ederki baliatu du aukera

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Aukera polita zeukan atzo San Antoniok Valladolidi irabazi eta sailkapenean goiko laukotean sartzeko. Eta egiari zor, laugarrenarekin berdinduta jarraitzen dute nafarrek, 21 punturekin —Valladolid dago laugarren—, baina zazpigarren posturaino jaitsi dira, atzo etxean Valladoliden aurka 28-31 galduta. Etxekoek txukun hasi zuten partida, defentsa zorrotza eginda eta aurrean asmatuta, baina 6-6kotik 6-15ekora igaro ziren bisitariak. Hortxe hautsi zen lehenengo aldiz partida.

Hori bai, San Antoniok ez zuen etsi, eta lehen zatiko azken bost minutuetan 4-0eko partziala lortuta, 10-15 joan ziren atsedenaldira. 10-18, 12-19... Bigarren zatiaren hasierak bazirudien ezerezean utziko zuela etxekoen erreakzio ahalegina. Baina kontraerasoan asmatuta, amaierarako hamar minutu eskas faltan, 23-23 berdindu zuen partida Agirrezabalagak. Zailena eginda zegoen, baina, tamalez, orduantxe iritsi zen etxekoen bigarren txakalaldia. Lau minuturen bueltan 0-5eko partziala lortu zuen Valladolidek (23-28). Akabo. Azkenerako, 28-31, eta puntu gozori agur. Aipagarria da bisitarien aldetik Tvedtenek eta Peralesek bederatzi eta zortzi gol sartu zituztela, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.