Bi urteko zigorra Igor Astarloari

2009an erretiratu arren, Espainiako Federazioak zigortu egin du, «dopinaren aurkako kodea hausteagatik»

unai zubeldia
Donostia
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Igor Astarloa ermuarrak bi urteko zigorra bete beharko du, pasaporte biologikoan «ezohiko odol parametroak» antzemateagatik, eta, beraz, «dopinaren aurkako kodea hausteagatik». Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) hala jakinarazi zuen atzo Espainiako Txirrindularitza Federazioak hartutako erabakia. 2010eko azaroaren 26an hasi zen zigorra, eta 2012ko azaroaren 25ean amaituko da. Bitxia da kasua, 2003an Hamiltonen (Kanada) munduko txapeldun izandakoa 2009ko maiatzetik erretiroa hartuta dagoelako -Amica Chips taldeak finantza arazoak izan zituen, eta UCIk zigortu egin zuen; egoera aztertuta, erretiratzea erabaki zuen ermuarrak-. Hori bai, bi urteko zigorraz gain, 35.000 euroko isuna jarri dio Espainiako Txirrindularitza Federazioko Diziplina Batzordeak.

2009ko ekainaren 17an jakinarazi zuen UCIk bost txirrindulariri ezohiko parametroak antzeman zizkiotela pasaporte biologikoan. Txirrindularien denboraldi osoko odol parametroak neurtzen ditu pasaporte biologikoak, eta une jakin batean izandako bat-bateko aldaketak antzeman zituen UCIk bost txirrindulari horien pasaporte biologikoan. Astarloaz gain, Pietro Caucchioli, Francesco De Bonis, Ruben Lobato eta Ricardo Serrano zeuden bost txirrindulariko zerrenda horretan. Bostei diziplina prozedura ireki zien UCIk, eta bizkaitarrak atzo jaso zuen bi urterako zigorra.

23 urterekin debuta

1976ko martxoaren 29an Ermuan jaioa, 23 urterekin iritsi zen Astarloa profesionaletara, Mercatone Uno taldearekin. 2001ean lortu zuen lehen garaipena, Udaberriko Klasikoan. Mercatone Uno taldea deseginda, Saecok fitxatu zuen 2002an, eta hurrengo urtean lehertu zen txirrindulari gisa. Fleche Wallonne klasikoa irabazteaz gain, Hamiltongo (Kanada) Munduko Txapelketa lehiatzeko taldean sartu, eta urrezko dominarekin itzuli zen etxera.

2004an Cofidisek fitxatu zuen, eta denboraldi erdian Lamprera joan zen. Atenasko Olinpiar Jokoetan aritu ondoren, Barloworld taldera joan zen. 2007an hasi zen itzaltzen, Milramen zegoela. Taldeak Girotik kanporatu zuen talde barruan egindako kontrol batzuetan ezohiko neurriak emateagatik. Amica Chips-Knauf taldeak fitxatu zuen iaz, baina ekainaren 17an geratu zen lehiatik kanpo, UCIk diziplina prozedura ireki ondoren.

Behin txirrindularitza profesionala utzita, Astarloak omenaldi hunkigarria jaso zuen urtarrilaren 16an Ermuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.