Arrauna. Kontxako Bandera

Bi zati bi, traineru bat

Getaria-Tolosa eta Galizia dira Kontxako bandera irabazteko faborito handienak; gaur dute lehen lehia

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Getaria-Tolosa eta Galizia. Galizia eta Getaria-Tolosa. Ez da beste izenik entzuten emakumezkoen Kontxako bandera irabazteko hautagaien artean. Zumaiaren izena xuxurlatu besterik ez da egiten, eta Bizkaiak dagoenik ere ez du ematen.

Ez dira harrokeriaz edota aurkariak gutxietsiz eginiko iragarpenak. Denboraldiko emaitza gehienen arabera mintzo da jendea arraun munduan. Bi faboritoak eta Zumaia behin bakarrik aritu dira elkarren aurka sasoi honetan, herenegungoa aparte uzten bada, eta Getaria-Tolosak irabazi egin zion Galiziari; alde ez oso handiaz, baina muturra aurretik sartu zuen. Zumaia, aldiz, askoz atzerago ibili zen. Zarauzko Estropadetan aritu ziren elkarren aurka hirurak, Euskotren liga erabakitzeko bi eguneko borrokan. Lehen egunean, bi segundo aurretik sartu zitzaion Getaria-Tolosa Galiziari, eta hamalau jan zizkion Zumaiari. Bigarren egunean, hiru segundora igo zen aldea bi handien artean, eta Zumaia hogeita batera geratu zen.

Estropada estua jokatu zuten egun hartan Kontxa irabazteko bi faboritoek. Ziabogan, hiru segundo aurretik zen Getaria-Tolosa, baina bigarren luzearen erdialdera, pare-parean zituzten galiziarrak. Atzetik aurrera lan ederra egin zuten, eta ematen zuen pasatu ere pasatuko zituztela, baina, azkenean, ligako garailea Gipuzkoako trainerua izan zen. Abuztuaren erdialdean jokatu zuten estropada hori. Izan daiteke erreferentzia gaurkora begira.

Bien arteko beste lehia Espainiako Txapelketan izan zen, Federazio Sariaren baitan. Abuztuko lehen asteburuan jokatu zuten, eta ez zen ohiko estropada izan. Lau luzetara jardun zuten, eta hiru ziaboga eman behar izan zituzten. Galiziak astindu handia eman zion Getaria-Tolosari: hogeita bi segundo atera zizkion. Estropada erdira arte nahiko parean joan ziren, baina hirugarren luzean hamabi segundo sartu zizkion geroko garaileak bigarren sailkatuari.

Emaitza horrek, bere osotasunean, ez du datu zehatzik ematen gaurkorako. Baina Donostian egin beharreko lanaren zatia hartzen bada kontuan, nabarmena da alderik ez dagoela bien artean. Izatekotan, oso txikia. Bai Zarautzen, eta bai Castron, bi luzetan tarte txikia egon zen bien artean. Datu horrek balio du Kontxako banderan erabiltzeko. Herenegungo sailkapen estropadan ere ikusi zen bata bestearengandik gertu daudela, nahiz eta ez izan oso erreferentzia baliagarria. Izan ere, sailkatzeko helburua betetzera baino ez ziren atera, eta Galiziakoek onartu zuten gero, berdin zitzaiela aurrena egin edo hirugarren.

Itsaso txarrarekin, zalantzak

Bien arteko lehia horiek hor daude, baina gaur izango dituzten baldintzetan ez ziren jokatu. Itsaso txarra eta eguraldi petrala dago emanda, eta orain artekoak ez du ezertarako balioko. Zumaiak berak aukera gehiago izan ditzake gaurko baldintzekin.

Getaria-Tolosa Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan aritu zen olatuen artean, eta ondo moldatu zen. Ez luke arazorik eduki behar gaur, alde horretatik. Galiziarrek kezka gehiago eduki beharko lukete, berez, baina herenegun esan zutenez, entrenamenduak egin dituzte itsaso txarrarekin, eta irrikaz daude olatuen arten jarduteko. Bietatik batek bakarrik irabaz dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.