Multzoko lidertza zuten jokoan Portugalek eta Brasilek, baina gauzak zeuden bezala uztearekin konformatu dira. Brasil pasatu da final-zortzirenetara lehenengo postuan, eta Portugal bigarren, hutsean berdindu baitute. Boli Kostak Ipar Koreari aise irabazi dio (0-3), baina ez dio deustarako balio izan.
Brasilek ez du magiarik erakutsi Munduko Kopa honetan, eta horren ordez fisikoaren eta sendotasunaren aldeko apustua egin du. Portugalek, berriz, gibelean itxaroten die arerioei, eta kontraerasoez baliatu nahi izaten du. Horren ondorioz, partida gogorra bai, baina futbol eskasekoa egin dute bi selekzioek.
Mirari batek bakarrik utzi zezakeen Portugal final-zortzirenetatik kanpo. Brasilen aurka galdu beharra zuen, eta Boli Kostak, berriz, Ipar Koreari gol sorta historikoa sartu, bederatzi goleko aldea baitzuten europarrek. Hori dela-eta, Portugalek hasierako emaitzarekin konforme jokatu du lehen zatian, eta Brasilek baloiaren jabetza izan du, eta Nilmarrek langa ere jo du, baina ez du aparteko deus egin. Aspergarria.
Bigarren zatian, Portugalek hartu du jokoaren ekimena, baina minutuak aitzinera joan ahala partida berriz ere trabatu egin da. Norgehiagoka bukatuta, txistuak aditu dituzte bi taldeek.
Portugal 0. Eduardo, Ricardo Costa, Ricardo Carvalho, Bruno Alves, Pepe (Pedro Mendes, 63m), Duda (Simao, 54m), Tiago, Raul Meireles (Miguel Veloso, 84m); Fabio Coentrao, Danny eta Cristiano Ronaldo.
Brasil 0. Julio Cesar; Maicon, Lucio, Juan, Michel Bastos; Gilberto Silva, Felipe Melo (Josue, 44m), Daniel Alves; Julio Baptista (Ramires, 82m); Nilmar eta Luis Fabiano (Grafite, 85m).
---
Boli Kostak aise irabazi dio Ipar Koreari: 0-3. Hala ere, etxera joan beharko dute afrikarrek, Portugalek baino puntu bat gutxiagorekin bukatu baitute sailkapenean, eta, berdinduta bukatu izan balute ere, ez dute gol nahikoa egin.
Boli Kostak 2006an parte hartu zuen lehen aldiz Munduko kopan, eta orduan ere ligaxkan kanporatu zuten. Ipar Korea, berriz, partida guztiak galduta joan da etxera. Gol bakarra sartu du, eta hamabi hartu.
Ipar Korea 0. R. Myong Guk; C. Jong Hyok, P. Chol Jin, R. Jun Il; Yun Nam; R. Kwang Chon; H.Yong Jo, A. Yong Hak, P. Nam Chol, M. In Guk (Kum Chol, 67m) eta J. Tae Se.
Boli Kosta 3. Barry; Eboue, Toure Kolo, Zokora, Boka; Romaric (Doumbia, 79m), Toure Yaya, Tiote; Keita (Kalou, 64m), Gervinho (Dindane, 64m) eta Drogba.
0-1: Toure Yaya (14m). 0-2: Romaric (20m). 0-3: Kalou (81m).
G Multzoa
Biak konforme
Portugalek eta Brasilek hutsean berdindu dute. Amerikarrak multzoko lider bezala sailkatu dira, eta europarrak, berriz, bigarren. Boli Kostak Ipar Koreari aise irabazi dio, baina ez dio balio izan sailkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu