Bidasoak Mazedonian jokatuko du hurrengo larunbatean Txapeldunen Ligako C multzoko ligaxkako azken jardunaldiko partida, Eurofarm Rabotniken aurka. Baina neurketa hori jada sobera dago, Irungo (Gipuzkoa) taldeak arin eta fin egin baititu etxeko lanak Europako kluben arteko lehiaketa nagusian: joan den asteburuan, kanporaketarako sailkatu zen, eta gaur, lehen sailkatu gisa jokatzea ziurtatu du. Jada badaki noren aurka jokatuko duen: Wisla Plock Poloniako taldearen kontra. Niko Mindegia Doneztebeko (Nafarroa) erdikoa ari da han. Otsaileko azken bi asteburuetan jokatuko dituzte joan-itzulikoak: lehena, Plocken, eta bigarrena, Irunen.
Artalekun Sporting Lisboarekin 32na berdinduta bermatu du Bidasoak lehen postua. Gogotik sufrituta lortu du puntu hori. Gogotik sufrituta, azkeneko segundoan Kauldi Odriozolak sartutako gol bati esker berdindu baitu. Gol horrek eman dio lehen postua. Gol horrek, halaber, bolada ikusgarriari eusteko balio dio; izan ere, bi hilabete pasatxo darama galdu gabe. Hemezortzi partida jokatu ditu tarte horretan: hamahiru irabazi ditu, eta bost berdindu. Komeni da gogoratzea, taldea egiten ari den lan ikusgarriaz jabetzeko.
«Talde puska, eta multzoko talderik sasoikoena». Hala deskribatu zuen Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileak Sporting Lisboa, haren aurka jokatu bezperan. Eta Portugalgo taldeak horixe erakutsi du lehia osoan, baina batez ere hasieran: indar betean pistaratu eta partidako lehen hiru golak sartu ditu. Beldurra ematen zuen. Baina Sergio De la Salud ez da kikildu, eta, haren golei esker, eutsi egin dio Bidasoak: 4-5. Bizi-bizi aritu da Sporting, eta joko horrek min egin dio etxeko taldeari. Baina Cuetarak hutsartea eskatu, jokalariei adi egoteko agindu, eta Bidasoak gora egin du, eta buelta eman dio emaitzari: 6-8tik 10-8ra. Defentsan sendo eta erasoan eraginkor arituta, lau golera handitu du aldea: 14-10. Goian zen Bidasoa, eta jota zirudien Sportingek.
Baina inor gutxik espero zuenean suspertu da Portugalgo taldea. Etxekoek defentsan eta erasoan izandako beherakada baliatuta egin du gora. Lehenbizi, berdindu egin du partida aurreneko zatiaren amaieran, hamaseina. Eta, gero, emaitzari buelta eman dio bigarrenaren hasieran: 18-21 zegoen aurretik, hogei minuturen faltan.
Baina Bidasoa ez zegoen amore emateko prest, eta 23na berdindu du, ordu laurden eskas falta zela. Kauldi nabarmendu da tarte horretan. Hurrengo minutuak ezin estuagoak izan dira, 24na, 25na, 26na, 27na, 28na eta 29na berdindu baitute. Huts egiten zuenak garesti ordainduko zuen. Leo Renaud-Davidek eta Esteban Salinasek huts egin dute bi erasotan, eta Sportingek ondo aprobetxatu du bi golen aldea lortzeko: 29-31. Jon Azkuek gol bakarrera jarri du Bidasoa minutu baten faltan, baina bisitariek erantzun egin diote. Kolpea itzuli die Paco Barthek. Luan Rangelen geldiketa batek azkeneko aukera eman die etxekoei, sei segundoren faltan. Eta hor azaldu da Kauldi, gol ikusgarria sartu, puntu erabakigarria lortu eta Artalekuk eztanda egin dezan. Horrenbeste, ezen hesi bat bat egin erori baita, eta zenbait lagun pistara erori. Zorionez, ez da zauriturik izan, eta festa biribila izan da.