Bitik bi. Bidasoa Irunek modu ezin hobean ekin dio Txapeldunen Ligari ligaxkaria, artean jokatutako bi partidak irabazita. Oraingoan nagusitasunez hartu du mendean Finlandiako Cocks: 34-19. Beraz, final-zortzirenetarako sailkatzeko ametsak bizi segitzen du. Europan jokatzea beste zerbait dela esan ohi da, are gehiago Txapeldunen Ligan. Baina Jacobo Cuetararen taldeak, aurreko sasoitik Asobal Ligan erakutsitako ezaugarriak erakusten ari da nazioartean, eta horrek eman dio garaipena beste behin.
Izan ere, Bidasoa zerbaitetan nabarmentzen ari bada, defentsako lanean da. Finaldiarren aurka ere hala izan da. 23 urte eta gero Europako txapelketa nagusia Artalekura itzuli da, eta horrek eragiten duen zirrara eta urduritasuna kontuan hartuta, lehen minutuetan kosta egin zaie etxekoei norgehiagokari neurria hartzea. Hala, Cocks 3-1 jarri da aurretik.
Baina Xoan Lledoren geldituek eta ondo amaitutako pare bat jokaldik sosegua eta hauspoa eman diote Bidasoari bere jokoa egiteko. Defentsan horma bat izan da, talde gisa finlandiarren ahalmen fisikoari erantzunez. Erasoan ere jokalari guztiek hartu dute ardura, hor ere talde bat direla erakutsiz.
Hala, bosgarren eta hamargarren minutuen artean 6-1eko partziala lortu dute Jacobo Cuetararenek, eta lehen errentea lortu du: 7-4. Hurrengo minutuetan lauzpabost goleko errentari eutsi dio. Finlandiarrak hiru golera jarri dira: 13-10. Baina hor agertu da Mikel Zabala, gola egin eta aldea berriro ere handitzeko. Atsedenaldira sei gol aurretik joan da Bidasoa: 17-11.
Abantaila erosoa zen hori bigarren zatiari ekiteko. Baina Europan arriskutsua izan ohi da komeni baino gehiago lasaitzea. Hori dela eta, aldageletatik bueltan azeleragailua zapaldu du Bidasoak, eta arrabola bat balitz bezala aurretik eraman zuen Cocks. Jokaldiz jokaldiz aldea handitzen joan da, eta azken hamabost minutuetan gozatu egin dute, bai jokalariek, baita zaleek ere. Partidako alderik handiena hamasei golekoa izan da: 31-17. Cuetarak, gainera, txandaketak egiteko baliatu ditu azken minutuak, hurrengo zazpi egunetan ere bi partida jokatuko beharko baititu Irungo taldeak. Festa, hortaz .biribila izan da, eta azken emaitza 34-19.