Garbi bezain gordin mintzatu zen Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzailea Wisla Plocken aurkako Txapeldunen Ligako kanporaketan aurrera egiteko dituzten aukerez galdetuta: «Wisla Plockek %70 ditu, eta guk, %30. Gu baino koska bat gorago daude». Zoritxarrez, asmatu egin du Cuetarak bere iragarpenarekin. Joaneko partidan oso argi geratu da Poloniako taldea Euskal Herrikoa baino koska bat gorago dagoela. Emaitzari erreparatu besterik ez dago Wisla Plocken nagusitasunaz jabetzeko: 32-25 irabazi du gaur. Hots, Irungo (Gipuzkoa) taldeak zazpi golen aldea irauli beharko du datorren larunbatean, Artalekun, itzuliko partidan, final-zortzirenetarako sailkatzeko.
Balentria litzateke hori egitea, baina handiagoak gertatu izan dira. Gainera, etxean ariko da Bidasoa, eta, inon lehiakorra baldin bada, inon bere onena ematen badu, bere zaleen aurrean da hori. Eta Artalekun erakutsi ohi duen indarrari eta grinari Txapeldunen Ligaren, klubaren historian urrezko orriak betetzen dituen lehiaketaren xarma gehituz gero, ederra izan daiteke emaitza. Datorren larunbatean hala izatea nahi dute irundarrek.
Baina horretarako asko hobetu beharko dute azkenaldiko jarduna. Sendotasuna defentsan, eta eraginkortasuna erasoan. Bidasoak bi zutabe horien gainean eraiki du azken urte eta erdian izan duen gorakada handia. Baina bi zutabe horiek denbora daramate dardarka, urtea hasi zenetik. Horren ondorioa da lau neurketa jokatuta ez duela bakar bat ere irabazi: hiru galdu ditu, eta bat berdindu. Hala, Asobal ligan nekez izango du aukera berriro bigarren izateko, eta Txapeldunen Ligan oso maldan gora jarri zaio final-zortzirenetarako sailkatzea.
Hamasei minutu. Horixe iraun du parekotasunak gaur: 8-7. Ordurako, irundarrak kontrakarrean arituak ziren (5-2). Orduan jo du kolpea Wisla Plockek, gerora erabakigarria izan dena. 6-1eko partziala lortu du, eta sei golen aldea egin: 14-8. Etxekoek ezin hobeto aprobetxatu dituzte bisitariek neurketa osoan defentsan eman dituzten erraztasunak. Mindegia nabarmendu da lan horretan. Erdiko doneztebearrak lehia oso ona jokatu du: ondo zuzendu du taldea, eta lau gol sartu ditu. Sulicek eta Szitak ere min handia egin diote Bidasoari: sei gol sartu dituzte bakoitzak.
Bigarren zatian, irundarrek defentsan hobetu dute, eta horrek eta Azkueren lan onak —Bidasoako onena izan da, zazpi gol sartuta—, bost golera murriztu dute aldea. Baina Wisla Plockek beti topatu du zuloren bat erasoan gola sartu eta aldea bere horretan uzteko. Azkenean, zazpi golen aldea izan da. Justu-justu dago bizirik Irungo taldea.