Bide egokia hartu du, eta...

Federerrek eta Soderlingek jokatuko dute Roland Garroseko finala, Del Potrori eta Gonzalezi irabazi ostean

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Tenisean gainditu daitekeen desafiorik handiena gainditu nuen Rafa Nadali Parisen lur harrotuan irabazita. Oraindik lehian nago, partida oso ona jokatu dut, gauza gehiago lortu nahi ditut, eta bide egokia hartu dudala sentitzen dut», adierazi zuen Robin Soderling suediarrak, atzo, Roland Garroseko finalerdietan Fernando Gonzalezi 6-3, 7-5, 5-7, 4-6 eta 6-4 irabazi ostean. Bjorn Borg herrikideak Philippe Chatrierreko harmailetan ikusi zuen partida, eta argi dauka. «Ez dago Soderling geldituko duenik...». Borgek hori badio, eta Soderlingek bide egokia hartu duela sentitzen badu... Biharko finalean Roger Federerren kontra ariko da. Suitzarrak ere bost set behar izan zituen Guillermo del Potro argentinarra kanporatzeko: 3-6, 7-6, 2-6, 6-1 eta 6-4. Bi partidek hiru ordu eta 28 minutuko iraupena izan zuten, baina aurrenekoa, Soderling eta Gonzalez txiletarraren artekoa, harrigarriagoa izan zen.

Izan ere, aurreneko bi setak galdu arren, finalerako txartela eskuan sentitu zuen Gonzalezek, bosgarren setean 4-1 aurreratu eta gero; gainera 15-30 jarri zen joko horretan. «Partida kontrolpean sentitu nuen, baina berak jada ez zeukan presiorik, eta bere onena eman zuen», aitortu zuen Gonzalezek behin partida bukatuta.

Set horretako aurreneko jokoetan huts gehiegi egin zituen suediarrak, eta nekea zein beroaren eragina pairatzen hasia zegoela zirudien. Baina pilota gupidagabe astintzen hasi zen, Gonzalez ezustean harrapatu, eta hurrengo bost jokoak irabazi zituen jarraian. Gonzalezek Soderlingen jokoaren gakoak eman zituen gero: «Oso altua da eta pilota guztietara iristen da. Hortaz, ezin nuen bere posiziotik atera». Roland Garros irabazteko moduan ikusten du, baina Federerren estiloa da suediarrari «min handien» egin diezaiokeena. Federerrek eta Soderlingek bederatzi aldiz jokatu dute elkarren kontra, eta partida guztietan nagusitu da suitzarra.

Samprasen marka eskura

Federerrek laugarren aldiz jarraian jokatuko du Roland Garroseko finala. Suitzarrak dezente sufritu zuen Del Potro gainditzeko, baina azken setean sekulako klasea duela erakutsi zuen. Bikain jokatu zuen eta dejada gogoangarriak egin zituen, zaleen gozamenerako. Halere, Del Potrori meriturik ezin zaio ukatu, bi set irabazi baitzizkion. Egin kontu: aurretik elkarren kontra jokatutako bost partidetan set bakar bat ere ez zion irabazi.

Zaleen jarrera, dena den, arbuiagarria izan zen. Azken setean Del Potroren hutsak txalotu zituzten, eta argi dago Federer Roland Garros irabazten ikusi nahi dutela. Suitzarrak AEBetako Irekia, Australiakoa eta Wimbledon irabazi ditu, baina Roland Garros inoiz ez. Bihar du horretarako aukera. Gainera, nagusitzen bada, Grand Slameko 14 torneo irabazi dituen bigarren tenislaria izango da Pete Samprasekin batera. Finalerako sailkatuta beste marka bat berdindu du: suitzarrak 19. finala jokatuko du Grand Slameko torneoetan, eta, hala, Ivan Lendl harrapatu du.



Gaurko finalean «presio guztia» Safinak daukala esan du Kuznetsovak

Emakumezkoen Roland Garroseko finala jokatuko dute gaur Dinara Safina WTA zirkuituko lider eta torneoko zerrendaburuak, eta Svetlana Kuznetsova zazpigarrenak (15:00). Tenislari errusiarren artean Roland Garrosen jokatuko den bigarren finala da; izan ere, 2004an Elena Dementievak eta Anastasia Miskinak neurtu zituzten indarrak. «Bera da zerrendaburua, beraz, berak dauka presio guztia», esan zuen atzo Kuznetsovak, finalari buruz galdetuta.

Safinak, berriz, liderra zergatik den jada erakutsi duela, eta, orain arte Grand Slameko torneorik irabazi ez duen arren, presiorik ez duela sentitzen adierazi zuen. 23na urte dituzte bi tenislariek, 13 aldiz aritu dira elkarren kontra, eta horietako zortzitan Safina nagusitu da.Aurten jada bi finaletan neurtu dituzte indarrak, eta bakoitzak bana irabazi du: Safinak Erromakoa eta Kuznetsovak Stuttgarteko. Biak ala biak lur harrotuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.